Neurritasuna bai, baina bere neurrira. Hori agindu zuen François Hollande Frantziako presidenteak, eta hori da, hein handi batean, atzo bere gobernuak onartutako lehen aurrekontuek egin nahi dutena: defizita %3ra jaitsi, baina gizarte gastuan beste herrialde batzuek egin dituzten murrizketa bortitzak egin gabe. Horretarako bidea zergak igotzea izan da, aberatsenei eta enpresa handiei batik bat.
Neurririk deigarrena aurretik aurreratutakoa da: urtean milioi bat eurotik gorako errenta dutenek %75eko zerga pagatuko dute. Hala ere, praktikan, zerga %67 ingurukoa izango da, CSG eta CRDS zergak ere kontuan hartu dituztelako %75 horretara heltzeko. Nahiz eta zerga berriak ez dien beren diru iturri nagusiari eragiten —kapital errentak dira—, patroi handi gehienek oso begi txarrez hartu dute neurria, halako tasa batek «talentua erakartzea eta hari eustea» ezinezkoa egingo duelakoan. Zerga handiagoak ordaintzeko jendaurrean prest azaldu zirenek ere onartu dute ez zutela hain tasa handia espero. Haien haserrea baretze aldera, gobernuak gogorarazi du bi urtez soilik egongo dela indarrean: 2013an eta 2014an.
Neurri horrek titulu handiak lortu dituen arren, 2.000 lagun eskasei eragingo die. Baina haiei ez ezik, beste askori ere igoko dizkiete zergak, zergadunen %10i, Bercyren arabera. Izan ere, urtean 150.000 eurotik gora irabazten dutenei %45ekotasa berria pagatuko dute errenta zergan (%41 orain). Kapital errenten gaineko zergaren tasak (interesak, dibidendoak, gainbalioak...) errenta zergak dituztenekin parekatuko dituzte.
Neurri horiekin guztiekin 10.000 milioi euro lortzea espero du Frantziako Gobernuak. Beste 10.000 milioi enpresa handien kontuetatik etorriko dira. Zerga kenkari asko kenduko dizkiete, besteak beste zorraren interesak ordaintzeagatik daukatena.
Guraizeak ere aterako ditu Frantziak. Zorraren interesak eta pentsioak pagatzeko diru gehiago jarriko du, eta hezkuntzako eta osasuneko gastuei eutsiko die. Gainontzekoak jaitsi egingo dira, inbertsioak eta tokiko kolektibitateei ematen zaizkien laguntzak batik bat.
Aurreikuspen baikorra
Zerga eta gastu murrizketa horien xedea da defizita aurtengo %4,5etik %3ra jaistea datorren urtean. Horretarako beharrezkoa izango da Ekonomia Ministerioaren aurreikuspena betetzea, eta barne produktu gordina %0,8 handitzea datorren urtean, eta2014tik 2017ra %2. Iragarpena baikorregia dela uste dute aditu gehienek, baina egingarria iruditu zaio Pierre Moscovic Ekonomia ministroari: «Europak eusten badio, lortuko dugu %0,8ko helburua». Atzo zabaldutako datuek diote Frantziaren BPGa ez dela hazi iazko lehen hiruhilekotik.
Alemaniari—eta finantza merkatuei— herrialde serioa dela erakutsi nahian, Hollandek agindu du defizita amaituko duela bere agintaldian. Aurrekontu proiektuak, baina, %0,3ko desbideraketa txikia aurreikusten du presidentearen azken urterako, 2017rako. Asmoa handinahia da, Frantzia ez delako gai superabita izateko 1974az geroztik. Gainera, zorraren txikitzearekin uztartu nahi du: 2013an joko du goia, BPGaren %91,3rekin, eta %82,9ra jaitsi beharko luke 2017rako.
Kontu publikoek zulo handiak izanagatik, eta Standard & Poor's rating agentziak AAA kalifikazioa kendu dion arren, Frantziak lortu du bere hegoaldeko auzoen kutsadurari ihes egitea. Are gehiago, Espainiatik eta Italiatik ihes egin duten inbertitzaile asko erakartzea lortu du, eta euroa sortu zenetik interes txikienak pagatzen ditu bere zorraren truke. Horrela, hamar urterako zor bonuen truke %2ko interesa eskatzen diote (Espainiari %6) eta bere arrisku saria 74 puntuan dago (Espainiarena 450ean). Edonola ere, zorraren interesak dira gastu publiko nagusia, eta %30 handitu dira bost urtean.
Defizita %3ra jaitsiko duela agindu du Frantziak
Gizarte gastuaren murrizketa gogorrik gabe heldu nahi du helburu horretara, aberatsei eta enpresei zergak igota nagusikiXedea lortu ahal izateko, Frantziak %0,8 hazi beharko du; baikorregi, adituen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu