Espainiako Foro Globala Bilbon

Defizita jaisteko bidean zeharkako zergak indartzea proposatu du Lagardek

Espainia ondo doala, baina gerrikoa estutzen jarraitu behar dela. Hitzaldi ezagunak entzuten ari dira goizean Guggenheim museoan. NDFko presidente Christine Lagardek "albiste onak" daudela esan du, eta lan erreforman sakontzeko ere bai. Ivan Santamaria BERRIAko kazetaria Guggenheim barrutik ari da hangoaren berri ematen.

Agintariei harrera Guggenheimen. L. T., EFE
xabier martin
2014ko martxoaren 3a
15:11
Entzun

Betiko koplak entzuten ari dira dagoeneko Bilboko Guggenheim museoan. 10:00etan hasi da Espainia Foro Globala 2014. Munduko eta Espainiako agintari ekonomiko nagusiak eskaini dute saioa goiz partean, eta arratsaldean ere izango da zer entzun. Aurreskuarekin egin diete ongi etorria 10:00etan Bilboko museo ikurraren eskaratzan Christine Lagarde, Luis de Guindos eta Juan Carlos Borboikoari, besteak beste; haiekin batera Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria egon da. Espainiako Estatuburuak zabaldu du goi bilera. "Asko dago egiteko", esan du Borboikoak langabeziari erreparatuz. "Erronka nagusia" enplegua sortzea dela azaldu du. 2014. urtea Europarentzat "oso urte garrantzitsua" izango dela erantsi du, pizkundea "indarra berreskuartzen ari delako". Ezusterik ez, beraz, haren inaugurazio hitzaldian.

Gaur ez da bertsolari lehiaketaren finala BECen, baina Abandoibarrako saioko kartela ere izugarria da: Christine Lagarde NDFko presidentea eta Mariano Rajoy Espainiako presidentea, emanaldia hasi eta amaituko dituzten biak bakarrik aipatzearren. Politika ekonomikoen hari nagusiak maneiatzen dituzten 26 lagun izango dira oholtzaren gainean egun osoan. Baina ez da gai-jartzaileen beharrik izango, bakarra baita leloa: España: de la Estabilidad al Crecimiento (Espainia: egonkortasunetik hazkundera). Aznarren garaiko España va bien gogoangarri eta Alderdi Popularraren España, en la buena dirección azken leloaren bertsio errepikakorra.

"Oraingoan benetakoa da". Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroa bete-betean sartu da hasieratik baikortasunaren diskurtsoan. Espainiako errekuperazioak eredu produktibo "desberdinean" dauka oinarria orain, eta aurten bertan hazkundea eta enplegu garbia eragingo du "estreinakoz bolada luze batean". "Esperantza eta konfiantza" aipatu ditu ministroak, baina aldi berean errekuperazioa "ahula eta suabea" dela gogoratu, eta Espainiako Gobernua ez dagola "asebeterik". Guggenheimen dagoeneko entzungai diren hitzaldiak esperotako bidetik doaz.

Madrilen baikortasun mezua babestu arren, mezu garrantzitsu bat erantsiko diote enpresari eta, bereziki, Bruselako ordezkariek. Atzeraldia amaitu arren, gerrikoa estutzen jarraitu beharra dagoela nabarmenduko dute, besteak beste, Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak eta Lagardek berak. NDFko buruak izan ere, Espainian "albiste onak" daudela esan du jadanik, eta "hobeak ere" egon daitezkeela. Zer egin behar da horretarako? Lan erreforman sakondu, NDFren betiko ildoa alegia. Lagarderen ustez, Espainiak hartu du jadanik ziabogaren buelta, "hazkundera itzuli baita", nahiz eta enpresei euren "zorra berregituratzen laguntzea" falta den. "Hobetzeko tartea" badela dio Lagardek, langabezia handiengia delako eta pizkundea ahulegia. "Enplegua dutenen alde ez, baino enplegua izan nahi dutenen alde" egin behar da lan erreforma NDFren buruaren ustez. Alegia, eskubideak behetik berdindu behar direla. Defizitaren helburua hor dagoela gogorarazteko ez du aukera alferrik pasatzen utzi ere. Zeharkako zergak indartzeko eskatu dio Espainiari, ez hainbeste zuzeneko zergak. 

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk beste doinu batez aritu nahi izan du, "elkartasun" eta "humanismo" hitzak sartuta bere hitzaldian. Ekonomiaren eredu "humanistagoa" behar dela esan du, "oinarria pertsonetan duena". Ekonomia berpizteko pizgarrien politikak ere babestu ditu Lagarde, Dijsselbloem eta de Guindosen aurrean. Erregeari ongi etorri egin eta gero, Urkulluk "Euskadi" zertan den azaldu du lau zutabetan. Industria zein enpresa herrialdea da, eta politika publikoek benetako ekonomia produktiboa laguntzen dute; kontzertu ekonomiaren defentsa da bigarren zutabea; kanpoaldera zabalik dagoen ekonomia da, eta esportazioetan iaz egondako errekorra jarri du horren lekuko; eta "ETAren bukaerarengatik", Euskadik une "egonkor eta konfiantzazkoa" bizi duela esan du.

Bestelade, ez da harritzekoa izango, Angel Gurria OCDEko idazkari nagusia lan kontratu bakarra erreklamatzen entzutea eguna bukatu aurretik, edo Iberdrolako gidari Ignacio Sanchez Galanek ere, lehiakortasunaren izenean, lan erreforma gogorragoa eskatzea.

Kanpoan, kontra

Goi bilera orok ditu kontrako mugimenduak. Gaur barruan esandakoak arbuiatzen ari dira kanpoan Gune plataformak deituta. Baina protesta ez da soilik kalean izango. EHUko ekonomia eta enpresa irakasle batzuek Pertsonen zerbitzurako ekonomia baten alde manifestua sinatu eta zabaldu dute azken asteetan.

Ezohikoak dira segurtasun neurriak ere. Ertzaintzak kontrolak jarri ditu A-8 errepidean Bilborako noranzkoan, eta 1.000 polizia inguru daude lanean. Lankidetzan ari dira Guardia Zibila eta Ertzaintza.

Bertso eta kopla saio orok du bere kartela; hona hemen Guggenheimgo sei handien kartela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.