2013ko abendua arteko epea izango dute Frantziak eta Espainiak defizit publikoa BPG barne produktu gordinaren %3tik behera uzteko, atzo Europako Batzordeak berretsi egin zuelako urtebeteko luzapenaeman diela. Ahalegin handiena Espainiak egin beharko du, urtero BPGaren %1,75eko murrizketa egin beharko duelako. Hori posible izan dadin, pentsio sistema erreformatu beharko duela nabarmendu dio Bruselak. Frantziak %1,25 murriztu beharko du urtero.
Joaquin Almunia Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak atzo ohartarazi zuenez, Espainiaren pentsio eta osasun sistema publikoen gastuek «arriskuak» sortzen dizkiote kontu publikoen etorkizuneko egoerari eta, horregatik, eskatu die Madrilgo agintariei «pentsio sistemaren eta osasun aseguruaren erreformekin aurrera jarraitzeko».
Almuniaren arabera, posible izango da Espainiak 2013an Europako Egonkortasun Itunak finkatzen duen defizitaren %3ko muga betetzea, baina horrek eskatuko du 2010eko aurrekontuetako ahaleginari eustea -zergak igoko dituzte-, eta 2011tik aurrera handitzea. Joan den astean zabaldutako aurreikuspenen arabera, aurten %11,2ko defizita izango du Espainiak, %10,1ekoa 2010ean eta %9,3koa 2011n. Aurreikuspen horiek eginak daude politika ekonomikoaren aldaketak aintzat hartu gabe.
Errieta Greziari
Espainiaren antzeko ahalegina egin beharko du Erresuma Batuak ere, baina kasu horretan urtebeteko luzapenak esan nahi du 2014-15 zerga urtean konpondu beharko duela. Irlandak ere luzapena lortu du, 2014 artekoa, eta urtero %2 gutxitu beharko du muga bete nahi badu. Alemaniak, Herbehereek eta Austriak ere 2013 arteko epea dute orain, baina kasu honetan Bruselak emandako lehen epea da.
Greziari, ordea, errieta egin dio Europako Batzordeak, iritzi baitio orain arte Atenasko gobernuak ez duela benetan ahaleginik egin defizita gutxitzeko, eta gezurra esan diola kontu publikoen benetako igoerari buruz.
Defizita txikitzearren, pentsioak ukitzeko eskatu dio EBk Espainiari
Europako Batzordeak beste urtebete eman die herrialde nagusiei kontu publikoak orekatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu