Defizitaren mugak autogobernuan eragina izateak kezka piztu du

Bilduk, ELAk eta Katalunia nahiz Galiziako zenbait alderdi abertzalek Konstituzioa erreformatzeko proposamena kritikatu duteAldaketa erreferendum bidez berresteari ateak itxi nahi dizkiote PSOEk eta PPk

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Administrazio publikoen defizita eta zorpetzea Espainiako Konstituzioan mugatzeko PSOEren eta PPren ekimenak kezka piztu du alderdi eta erakunde abertzaleen artean, Euskal Herrian nahiz Katalunian eta Galizian. Konstituzioaren erreforma horrek autogobernua eta ekonomia zuzentzeko gaitasuna murrizteko arriskua sumatzen dute.

Euskal Herrian, kritikarik zorrotzena ELA sindikatuak egin zuen. Aldaketa gauzatuko balitz, euskal erakundeen autogobernua «hutsaren pare» geratu litzateke, Espainiako Gobernuak «inposatuko» duelako nolako politika ekonomikoa egin behar den, «errealitatea aintzat hartu gabe». Bilduk, halaber, «oso kezkagarritzat» jo du egoera. «Etorkizunean zorra mugatu nahi izatea merkatuaren gorabeherei aurre egin ahal izateko tresna funtsezko bati uko egitea da», Maiorga Ramirez koalizioko bozeramailearen ustez. Nafarroako Gobernuari eskubide historikoak defendatzeko kemena eskatu dio Ramirezek.

Euskal Herritik kanpo ere ezinegona sortu du ekimenak. Joan Tarda ERCko ordezkariak Kongresuko bozketan planto egitea proposatu die «diputatu katalanistei». Ongizate estatuaren eta Kataluniako autonomia fiskalaren aurkako mugimendua dela uste du, gainera. «Estatuak Kataluniari aitortzen dizkion askatasun nazional apurrenetako bati erasotzea da». BNGko bozeramaile nazionalak, Guillerme Vazquezek, erreformaren proposamena «astakeria» dela esan du, eta harrituta dago «Konstituzio sakrosaindu ukiezina» moldatu nahi den azkartasunarekin.

Esparru abertzaletik kanpo, erreformari aurka egiteko dei egin zuen Gaspar Llamazares IUko diputatuak. Moldaketari osoko zuzenketa aurkeztuko dio IUk, eta horren aurkako helegitea iragarri du Auzitegi Konstituzionalean.

Malgutasun eskaerak

Beste esparru batzuek bat egin zuten erreformarekin, baina erabiliko den formula malgua izatea galdegin zuten. Esaterako, neurri egokia dela defendatu zuen Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, merkatuei «konfiantza» helaraziko baitie. Haatik, adierazi zuen gastu publikoaren muga ezin dela itxia izan, eta «erkidegoen finantza autonomia» erabiltzeko bideak eskatu zituen.

EAJri dagokionez, aurrekontu oreka «arau orokor gisa» hartzea ontzat jo zuen Josu Erkoreka Kongresuko bozeramaile jeltzaleak, baina ez zaio beharrezkoa iruditzen Konstituziora eramatea. «Malgutasuna egon behar du aurrekontuak ziklo ekonomikoaren aldaketetara egokitzeko».

Neurria Espainiako Konstituzioan ezarriz gero eragina izango duela onartu zuen Juan Luis Sanchez de Munianek, Nafarroako Gobernuko bozeramaileak, baina bere egin zuen horren defentsa. «Garrantzitsuena ez da soilik legearen maila, helburua baizik: erkidegoen defizita mugatzea, alegia». «Premia» du aldaketak, Sanchez de Muniainen ustez.

Espainiako Gobernua zalantzak uxatzen ahalegindu zen. Ziklo ekonomikoan egon daitezkeen aldaketak eta erkidegoen autonomia aintzat hartuko dituztela agindu zuen Manuel Chaves Espainiako hirugarren presidenteordeak. Ekonomia presidenteordeak, Elena Salgadok, proposamen «malgu eta orekatua» iragarri zuen. «Ekonomiari dagokion ohiko hazkundea dagoenean aurrekontuak defizit gabe edo oso txikiarekin likidatu behar direla esango du Konstituzioak; baina Konstituzio horrek ere egoera ekonomiko larria edo ezbehar naturalak daudenean defizita egon ahal izatea ahalbidetuko du».

Erreferendumik ez

Erreforma onartzeko, Kongresuko eta Senatuko hiru bostenek alde egitea behar da, eta ez da ezinbestekoa erreferendum bidez berrestea. Haatik, galdeketara deitzeko eskatu dute hainbat alderditako ordezkariek, eta gizarte sareetan ere oihartzun zabala lortzen ari da eskaera.

Moldaketa bultzatzea erabaki duten bi alderdiek, ordea, bide hori itxi nahi dute. Mariano Raxoi PPko presidentearen ustez, ez da beharrezkoa, Konstituzioak exijitzen ez duelako. «Azken garaietan bezainbeste gastatu ezin delako sentimendua dago gizartean». Galdeketa baztertu zuten PSOEko buruzagiek, halaber.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.