Garaile atera da berriro Alemaniak finantza publikoetan defendatzen duen ortodoxia. Ezustean, Konstituzioa erreformatzeko asmoa iragarri zuen atzo Jose Luis Rodriguez Zapaterok, Espainiako presidenteak. Moldaketaren helburua Konstituzioan defizitari muga jartzea eta «administrazio orori» kontu publikoen oreka betearaztea litzateke. Aurrera ateratzeko aukera guztiak ditu neurriak, bi alderdi nagusien babesa duelako, PSOErena eta PPrena. Oraindik ez dute jakinarazi zuzenketaren testua, ezta muga finkatzeko erabiliko den formula zehatza ere.
Zorraren krisia bizkortu zenetik, erakunde publikoen gehienezko zorpetzea legez mugatu beharra aldarrikatu du Alemaniak. Herrialde horretako Grundgesetz edo oinarrizko legeak 2009. urtetik jasotzen du arau hori. Ideia horren alde Alemaniak ez du laguntza handirik izan orain arte, baina bide orria nabarmen aldatu zen joan den astean, Angela Merkelek eta Nicolas Sarkozyk egin zuten bileraren ondoren. Frantziak muga horren beharra onartu zuen, eta bi herrialdeek ontzat jo zuten 2012. urterako Euroguneko herrialde guztien konstituzioetan urrezko arau hori martxan jartzea.
Zorpetzea mugatzeko saioak ez dira berriak. Esaterako, 1997. urtean Egonkortasun eta Hazkunderako Ituna sinatu zutenean, aurrekontu defizitak BPGaren %3 ezin zuela gainditu hitzartu zuten Euroguneko herrialdeek. Halaber, zor publikoa BPGaren %60ra mugatzea aurreikusi zuen akordioak, asko jota. Haatik, ituna betearazteko zailtasun politikoek eta arazoetara egokitzeko ezintasunak bideraezin egin zuen konpromisoari eustea.
Euroguneko hamazazpi herrialdeek defizitaren muga konstituziora eramatea ez da lan erraza izango. Alde batetik, ikuspuntu politiko ezberdinak daude neurriari buruz. Hala, Frantziako eta Italiako gobernuak prest daude, baina bi herrialdeen oposizioko alderdi nagusiek ez dute begi onez ikusten. Ziklo ekonomikokoaren beharretara egokitu ahal izateko malgutasun falta sumatzen dute kritikoek zorpetzea legez mugatzeko ekimenetan.
Bestetik, ikusteko dago urrezko arauak herrialde bakoitzean hartuko duen forma. Alemaniaren bidea oso zorrotza da: 2016. urtetik aurrera gobernu federalari BPGaren %0,35eko defizita baimentzen dio, asko jota. Lander edo Alemaniako lurralde autonomoak zero defizita izatera behartzen ditu 2020. urtetik. Badira zenbait salbuespen muga gainditu ahal izateko: atzeraldi ekonomikoa dagoenean edo hondamendiren bat gertatzen denean, hain zuzen ere.
Egutegia, estu
Erreforma aurrera aterako balitz, Espainiako Konstituzioak izango lukeen bigarren aldaketa litzateke, 1978. urtean onartu zenetik. Moldaketa bakarra 1992. urtean gertatu zen, Maastricheko Itunak behartuta. Hain zuzen ere, Europako Batasuneko herrialdeetako herritar izan eta Espainian edo Hego Euskal Herrian bizi zirenei udal hauteskundeetan hautagai izatea ahalbidetu zitzaien aldaketarekin.
Konstituzioa 33 urtez ia mugigaitza izan bada ere, orain premiazko bidetik erreformatzeko borondatea azaldu zuen atzo Zapatero presidenteak. Egutegia estua da oso: azaroaren 20rako hauteskundeetara deitu du, eta horrek esan nahi du irailaren 27rako Espainiako Gorteak desegin egin beharko direla.
Jose Bono Espainiako Kongresuko presidentearen arabera, denbora badago aldaketa legealdia amaitu baino lehen onartzeko, baina gaur edo bihar proposamena aurkeztu behar dutela ohartarazi die alderdiei. Erreforma onartzeko, beharrezkoa da Kongresuko eta Senatuko hautetsietatik hiru bostenek alde egitea.
Gehiengo hori ziurtatuta dago, hasiera batean. Kongresuko tribunan Zapaterok proposamena iragarri bezain pronto, Mariano Raxoi PPko buruak onartzeko prest daudela adierazi zuen erantzuteko txandan. Bi alderdien artean, 321 legebiltzarkide dituzte Kongresuan (%91) eta 226 Senatuan (%86). Efe agentziaren arabera, PSOE eta PP «oso aurreratuta» daukate Konstituzioari ezarri nahi zaion zuzenketa, baina horren erredakzio zehatzari buruz ez dute ezer jakinarazi. Hori bai, Zapaterok argi utzi zuen mugak administrazio guztiei eragingo diela. Hegoaldeko administrazioen eskumen fiskaletan ondorioak izan ditzake aldaketak.
Sozialisten eta PPkoen asmoak kritikak eragin ditu dagoeneko. Gogorrenak Kataluniako Gobernutik iritsi dira. Francesc Homs Generalitateko bozeramailearen ustez, «Kataluniako autonomia fiskalaren aurkako erasoa» izango da erreforma. Josep Antoni Duran-Lleida CiUko alderdikidea, aldiz, bat dator aldaketaren bidearekin. EAJn, berriz, aurrekontu orekaren alde mintzatu zen Josu Erkoreka, baina Konstituzioan «zizelkatu» beharrik ez du ikusten.
Bestalde, defizita mugatzeko azken neurri sorta aurrera atera zuen Gobernuak, PSOEren babes bakarrarekin. PP, CiU eta EAJren abstentzioari esker atera zen aurrera bozketa.
Defizitari muga jarriko diote Konstituzioan PSOE eta PPk
Merkel eta Sarkozyren bidea ontzat jo dute, eta kontu publikoen oreka «administrazio guztiei» betearazteko neurria iragarri duteLegealdia amaitu aurretik onartua izateko, asteon aurkeztu beharko lukete zuzenketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu