Mondragon taldea. Fagorren porrota

Dena berraztertzeko ordua

Txema Gisasolak dimisioa eman, eta «hausnarketarako epe bat» zabaldu da Mondragonen gidari berria aukeratzekoTxomin Garciak, Agustin Markaidek edo Javier Mutuberriak har dezakete gidaritza

Dena berraztertzeko ordua.
xabier martin
2014ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Ekaitz perfektua baretzen hasteko mugimendua egin du Mondragonek. Txema Gisasola badoa; «arrazoi pertsonalengatik» dimisioa eman zuen atzo, BERRIAk aurreratutakoa berretsita. Fagor Etxetresnen uneko azken biktima dela esan daiteke. Zuzendaritzako kargu gorenaren ordezkapena prestatzen ari zen azken egunetan Mondragon, Gisasolaren erabakiaren jakitun. Ez alferrik Arrasateko taldeko burua izan dena aspaldian aztertzen ari zen kargua uztea, eta orain egun batzuk jakinarazi zuen joateko erabakia goi agintarien multzo txiki baten barruan.

Gauzak horrela, Txema Gisasolaren aroa bukatutzat jo daiteke Mondragon taldean. Haren lekukoa nork hartuko duen ez dago erabakia oraindik, baina segurutzat jotzen da Kontseilu Nagusiko kide bat izango dela, taldeko lehendakariorde bat, Mondragon taldearen sorreratik gaur arte bete den formulari jarraikiz. Javier Mongelosek, Antonio Cancelok, Jesus Cataniak, Jose Maria Aldekoak eta Txema Gisasolak osatzen duten zerrendaren hurrengo izena hiru hautagaik osatzen duten multzotik aterako da seguruenera. Agustin Markaide Eroskiko presidentea, Txomin Garcia Laboral Kutxakoa eta Javier Mutuberria Oronakoa dira aukera handiena dutenak, kazeta honen iturrien arabera.

Gisasolaren agurra «denbora kontua» zela uste zuten askok Mondragonen, azken hilabeteetan jasandako presioa izugarria izan baita. Fagor Etxetresnen porrotak erabat baldintzatu du taldeko buruzagitzara inoiz iritsitako lehendakari gazteena. Fagorretik zekarren bekatu originala, ordea; Mondragonen ikur nagusiaren Kontseilu Nagusiko zuzendari izan zen urte askoan. Fagor utzi zuenerako taldeko marka ezagunena gain behera zetorren, 2009tik 2012 arteko emaitza txarrek erabat zamatuta. Hori dela eta, iazko urrian, Fagor Etxetresnen krisia lehertu zenean, enpresako langile-bazkide askok eta Arrasateko taldeari presio handia egiten dioten hainbat komunikabidek —baita egoitza nagusia Euskal Herrian dutenak ere— Gisasola jopuntuan jarri zuten.

«Bazkide guztien iritzia»

«Hausnarketa epe bat» zabalduko du orain Mondragonek, «etorkizuneko ereduaren oinarrizko ezaugarriak» zehazteko. Gisasolarekin ez doa presidente bat bakarrik alegia, azken urteetan finkatutako norabide jakin baten segurtasuna ere badoa. «Esparru proiektu berria» mugatzen denean izendatuko dute Kontseilu Nagusiko presidentea; Batzordeko Iraunkorreko buruak (Agustin Markaide) dauka horretarako gaitasuna; bitartean, batzorde kudeatzaile batek gobernatuko du taldea.

Kontseilu Nagusitik aterako da talde murritz hori, noski. Taldeko kooperatibetako «bazkide guztiek etorkizunean Mondragon nola izango den erabakitzeko oinarriak» jarri beharko ditu talde horrek. Krisiak oro baldintzatzen duen egoerari aurre egiteko «beharrezkotzat» jotzen du Mondragonek «azterketa, hausnarketa eta eztabaida kolektiboa». «Erronkei» ahalik eta «berme gehienekin» aurre egin nahi die taldeak modu horretan.

Maiatzerako presidente berria izango du Mondragonek. Taldeko kongresua orduan egingo dute, eta han azalduko du gidari berriak «hausnarketarako epean» ondorioztatutakoa, lerro nagusi berriak ezartzeko. Ez da errelebo erraza izango. Orain arte sei bat hilabete izan du beti kargua hartzera zihoanak, aurreko presidenteak erretiroa hartu aurretik. «Orain ez dago hainbeste denbora», diote kazeta honen iturriek.

Txomin Garcia Laboral Kutxako presidenteari egokitu dakioke aro berriaren lemazain izatea. Agustin Markaide buru-belarri dabil Eroskiren norabidea zuzentzen, eta erronka handia dauka aurretik taldeko kooperatiba handiena eta enplegu gehien ematen duena egoera ekonomiko hobera ekartzen. Javier Mutuberria litzateke hirugarren hautagaia. Oronako presidenteak, ordea, urtetako obraren inaugurazioa eta gizarteratzea dauka zain, Galarretako Orona Ideon. Goiz da esateko, baina Garcia izan daiteke une honetan hautagai irmoena. Ez du ematen Kontseilu Nagusiko beste inork benetako aukerak dituenik, Jose Miguel Arregi salbu agian. Hala ere, ez da espero izendapenik bi edo hiru hilabetetan.

Bolada zaila Gisasolarentzat

Arrasateko kooperatiba taldeari erabaki zailak hartzea egokitu zaio 2013. urtean Fagorren hamaikagarren erreskatea dela eta; bereziki prozesu zaila izan da Txema Gisasolarentzat, etengabeko erreskateen iturria itxiko zuela jakinarazi baitzuen taldeak urriaren amaieran. Fagor Etxetresnen zuzendaritza zein langile-bazkideak eta baita erakundeak ere—Eusko Jaurlaritza bereziki— zain-zain zeuden, maiatzean egin bezala, urrian ere Mondragonek erreskatea eman zezan.

Inor gutxik argi ikusten zuen bideragarritasun planari finantzaketa ematea ala ukatzea zen kontua, eta Gisasolak, Kontseilu Nagusiko beste kideekin bat, ezezkoa eman zuen, beste ezeren aurretik taldea bera jarrita, alegia,gainontzeko kooperatiben segurtasuna lehenetsita. Ardura bikoitzaren zamari aurre egin behar izan diola ordutik: Fagor Etxetresnetan 2006tik 2012ra izan zuen karguarenari eta Mondragonen atzo arte eutsi dionari.

Dimisioak Mondragoni presioa kenduko diola argi dago, eta taldearen barruan ondo ikusten dute kooperatiba gehienetako arduradunek; ez delako gauza bera Fagorren krisia Fagorrekin lotura zuzenik ez duen presidente batek kudeatzea ala Fagorreko arduradun nagusi izandakoak kudeatzea. Zeharka bada ere, Gisasolak bere erantzukizunak onartu dituela ondorioztatuko du batek baino gehiagok beharbada, baina hori jakinda ere, aurrera pausoa ematea erabaki du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.