Finantza sektorea. Berregituraketak

Dena erabakitzeko

BBK, Kutxa eta Vitalen bateratzea ezingo dela aurreko saioetan oinarritu aurreratu du Arabako kutxako presidenteakEzker abertzaleak ateak ez dizkio erabat itxi, entzundakoa gustuko ez duen arren

I. Santamaria - I. Aranburu
Gasteiz-Donostia
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
BBK, Kutxa eta Vital fusio hotz baten bidez elkartzeko proiektuari bide luzea geratzen zaio. Helburuan ados jarri dira hiru erakundeak, eta erabiliko den tresna ere adostu due, baina hortik aurrerako erabaki guztiak hartzeko daude. Gainera, Carlos Zapatero Arabako aurrezki kutxako lehendakariak onartu zuen atzo prozesua ezin izango dela 2005. eta 2008. urteetan zapuztu ziren saioetan oinarritu. «Egoera erabat ezberdina da», laburbildu zuen.

Adierazpenak Vitaleko batzar orokorraren aurretik egin zituen Zapaterok. Jakin-mina piztu zuen agerraldiak, bateratzearen albistea argitaratu zenetik hedabideak aurrez aurre izango zituen lehen presidentea zelako. Proiektua historikotzat jo zuen, urrats logikoa dela azaldu zuen, eta erakundeak elkartzeko eskura dagoen «biderik onena» dela ziurtatu zuen. Iritzi orokorretik aparte, proiektuaren ezaugarri teknikoen inguruko inolako xehetasunik eman gabe igaro zuen agerraldia, hamaika galdera jaso zituen arren.

Besteak beste, oraindik ez dute hitzartu egoitza non egongo den, bankuak zer izen izango duen, bateratzea noiz egingo den, bankura finantza aktibo guztiak edo parte bat bideratuko den (eta guztiak ez badira, zeintzuk geratuko diren kanpoan), edo kutxa bakoitzak eratuko den bankuaren jabetzan izango duen pisua.

Kontu horiek guztiak aztertzeari ekiteko asmoz, hiru kutxek talde teknikoak berehala eratuko dituzte. Zapaterok onartu zuen negoziazio «korapilatsuak» espero dituela, baina hiru presidenteak prozesua bururaino eramateko borondate osoa dutela gaineratu zuen.

Hasiera batean, hiru kutxek bankuaren jabetza osoa izango dute. Vitaleko lehendakariak azpimarratu zuen ez dutela kapital gehiagoren bila atera beharrik merkatuetara, beste bateratze batzuekin gertatu den gisara. Hori bai, ez zizkion ateak erabat itxi etorkizunean bankuaren parte bat burtsan ateratzeari.

Pisuari buruzko galderei ere izkin egin zien Zapaterok. Aktibo guztiak kontuan hartuta, BBK-k %62 izango luke, Kutxak %27 eta Vitalek, %11. Orain berriro kutxa bakoitzaren aktibo guztiak aztertu eta balioztatu beharko dituzte. Kutxetatik kanpoko norbaitek kontuak ikuskatzeko prest dago Zapatero, beharrezkoa izanez gero.

Langileei ere lasaitasun mezua igorri zien Vitaleko agintariak, eta prozesuaren ondoren langile guztien eskubideak errespetatuko dituztela agindu zuen.

Ezker abertzalearen kexua

«Printzipioz» BBK, Kutxa eta Vital Kutxa prestatzen ari diren fusio hotzaren aurka egon arren, ezker abertzaleak Kutxako Batzarrean dituen ordezkariek ez dute guztiz baztertu iritziz aldatzeko aukera. Horretarako, lehenik, Kutxako arduradunen aldetik bat-egitearen nondik norakoen informazioa jasotzea eskatu dute, orain arte dakiten guztia hedabideen aldetik jakin dutelako.

«Ez gaude bat-egitearen aurka, baina ez dugu Kutxa banku bat bihurtzea nahi», azaldu zuen atzo Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkate eta Gipuzkoa Donostia Kutxako batzarkideak, Donostian. Eta «lehen irakurketa batean», ezker abertzaleko ordezkariek ez dute uste fusio hotzak kutxen «bankarizazioa» eragotziko duenik.

Ezker abertzaleak hogei batzarkide ditu Kutxaren batzarrean, Banatuz bezeroen plataformako kideen eta hautetsien artean. Batzarreko bigarren taldea izan arren, haren botoak agian ez dira erabakigarriak izango, Kutxako zuzendaritzak beste leku batzuetan lor ditzakeelako fusioa onartzeko gutxienez behar dituen 67 botoak. Bat-egitea publikoki sustatzen duten hiru alderdiek 43 boto dituzte batzarrean —EAJren 24, PSE-EEren 18 eta PPko bat—, eta espero dute Hamakaibaten 13ak, CCOOren hamarrak eta Pixkanaka sindikatuko biak lotzea. Lehen biek zenbait baldintza jarri dituzte bat-egitea sostengatzeko.

Batzarreko %20 izanik, zuzendaritzaren aldetik jaso ez duten «begirunea» merezi dutela uste dute ezker abertzaleko kideek. Esan dutenez, joan den astean fusio hotzerako akordioaren berri hedabideen bidez jakin zutenetik telefono dei bat baizik ez diete egin kudeatzaileek. Horregatik, «analisi sakonak» egiteko moduan ez daudela iritzi diote, eta zehazki, ez dakite zein neurriraino bihurtu diren kutxak banku.«Printzipioz, banku bihurtzeko urratsak eman nahi direla uste dugu, eta ez dugu hori babesten», laburbildu du Errekondok.

Oro har, ezker abertzalea ez dago gustura Kutxako zuzendaritzaren «gardentasun» ezarekin, eta informazioa ezkutatzen duela salatu du. Besteak beste, iaz kontseilariek jasotako soldatari buruzkoa. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun Sailari eskatu dio Onkologikoaren salmenta ikertzeko. Minbiziaren aurkako erietxe hori Kutxa Fundazioari saldu dio Kutxak, baina batzarraren onespenik gabe.

Gizarte-ekintza kutxen izaeraren «ezaugarri nagusia» izanik, hartan iaz bezainbeste diru jartzeko eskatu du ezker abertzaleak. Errekondok aitortu du portzentualki Kutxak bete duela gutxienez irabazien %30 gizarte ekintzara bideratzeko konpromisoa, baina txartzat jo du irabazien jaitsieraren ondorioz kopuru hori 29,92 milioi eurotik 25 milioira murriztu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.