Krisiaren aurkako neurriak hartzeko unean Eusko Jaurlaritza «hilabete oso garrantzitsuak» galtzen ari dela ziurtatu du Iñigo Urkullu EAJko lehendakariak. Denbora ez ezik, «dirua ere alferrik botatzea» leporatu dio Urkulluk Patxi Lopezen gobernuari, eta «existitzen ez den metro baten seinaletan» 1,5 milioi euro gastatzea jarri duen horren adibide. Gainera, Urkulluk uste du Jaurlaritza ez dela gai izan enplegu zerbitzu publiko eraginkor bat eskaintzeko. Enpleguak gizarteratzeko «funtsezko papera» jokatzen duela adierazi, eta horren alde egin du bazterketa egoeran dauden pertsonen egoera «kronikoa eta atzeraezina» bihur ez dadin. EAJrentzat «irekia, arina, eta formakuntza eta enpresa sarearekin elkarreragin zuzena» duen zerbitzua izan behar du Lanbidek.
Donostian egindako agerraldian, Urkulluk esan du ez dela nahikoa Europako Batasunak azken hamarkadeetan egindako apustuaren alde egitea: hain zuzen ere, hazkundea eta garapen ekonomikoa sustatzea. Enplegua sortzeko hazkunde bat beharrezkoa dela uste du, «egoerarik ahulenean» daudenak gizarteratzeko balioko lukeelako. Era berean, dio bizi diren «hondoratze historikoko» garaietan beharrezkoa dela administrazioek esku hartzea: «Pertsonei babes eta berme hori ematen ez dioten gobernu eta instituzioek gutxirako balio dute».
Hori hala, azaldu du instituzioak gobernatzea, eta eraginkortasunez kudeatzea dela zailena. Ildo horri jarraiki, dio sinesgarriak diren eta berdintasun sozialaren, garapenaren eta gehien behar dutenen berme diren instituzioak posible direla, eta hori EAJk erakutsi duela.
Urkulluk honakoa adierazi du erakundeen egoera ekonomikoaren harira: «Errazena gastatzea da: lehenik, duzuna gastatzea, eta gero, ez duzuna. Errazena murriztea da, edo kontrakoa egitea, hau da, politika populismo bihurtzea, aurrerakoitasun zentzugabean mozorrotutako hitzaldi gartsu propagandistiko mozorrotuan bihurtzea instituzioen gobernuak».
«Gure kezka muturrekoa da»
Espainiako Gobernuaren «akats» berak ari da egiten Eusko Jaurlaritza, EAJren iritziz. Baina ez du Mariano Raxoi Espainiako oraingo gobernuburua bakarrik aipatu, baita aurrekoa ere: Jose Luis Rodriguez Zapatero. Bi gobernuburu horien legealdietako ekintzak salatu ditu.Hori dela eta, Urkulluk dioenez, beren kezka muturrekoa da, eta honakoa gaineratu du: «Harlauza ekonomikoa da ateak ixten dituen enpresa bakoitza, eta lanpostua galtzen duen langile bakoitza».
Harlauza ekonomikoa izateaz gain, ongizate estatuarentzat kaltegarri delakoan dago. Horregatik, dio ezin daitekeela galdu minutu bakar bat ere, eta EAJren helburua dela ongizate estatuaren oinarriak bermatzea. Haren hitzetan, hori «konpromisoarekin eta eraginkortasunarekin» lortuko dute.
PP azalpen eske Urkulluri
Krisi ekonomikoaren karietara, Espainiako estatuaren egitura «arintzeko» hainbat aldaketa proposatu ditu EAJk: besteak beste, Senatua eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak kentzeko, eta Barne Ministerioaren, armadaren eta Errege Etxearen aurrekontuak murrizteko eskatu du. Proposamen horien aurrean, Anton Danborenea Eusko Legebiltzarreko PPko bozeramaileakdio EAJk «besteei zer egin behar duten» esan beharrean, Eusko Jaurlaritzak zer egin beharko lukeen esanbeharko lukeela.
Hori horrela, Jaurlaritzarentzat dituen proposamenak «zehazki» azaltzeko eskatu dio. Horrez gain, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzei buruz hitz egiten duenez, Urkulluri galdetu dio ea Juan Jose Ibarretxekirekitako enbaxadak itxi beharko liratekeen. Danborenearen esanetan, Jaurlaritzaren ordezkaritza horiek ez dute «ezertarako» balio, eta dio PSE-EEk oraindik ez dituela itxi.
Era berean, uste du Espainiako Gobernua «gauzak ondo» egiten ari dela, baina gaineratu du langabeen arazoa konpondu behar duela. Diru kontuen inguruan, honakoa ere badio: «Argi eta garbi, zorrak kitatu behar ditu ekonomia sustatzeko, eta enplegua sortzeko».
Raxoiren neurriak. Erantzuna
Denbora eta dirua galtzea leporatu dio Urkulluk Eusko Jaurlaritzari
Lanbideren kudeaketa ere salatu du EAJko lehendakariak, bere iritziz ez delako gai zerbitzu ona emateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu