Eduardo Malagon. Ikertzailea

«Denon artean eman behar diegu bultzada baserritarren azokei»

Baserritarren azoken eragin ekonomikoa Gipuzkoan 76,5 milioi eurokoa da urtero, EHUk egindako ikerketa baten arabera. Bertako barne produktu gordinaren %0,35 da. Hala ere, gain behera doaz.

Irati Urdalleta Lete.
2018ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Gipuzkoako baserritarren hamar azoka aztertuz ikerketa bat egin dute EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ikertzaile Eduardo Malagonek, Aintzira Oñederrak eta Mirene Begiristainek. Txostenean, azokak gain behera doazela ondorioztatu dute.

Nola bururatu zitzaizuen horrelako ikerketa bat egitea?

Bagenuen kezka gaiaren inguruan, eta Gipuzkoako landa garapen elkarteen federazioak egin zigun eskaria. Aurretik ere lan eginda geuden, lehen sektorearen eta landa garapenaren inguruan.

Azokak gorantz edo beherantz doazela esango zenuke?

Ezin dezakegu esan joera bat dagoenik. Ikusten dugu tokiko produktuen eskaria eta interesa handitzen ari dela, eta azokek badute garrantzia horien merkaturatzean. Ez nuke esango azokak goraka doazela, baina herrialde garatuetan hazkunde bat ari da sumatzen.

Herritarrak jabetzean al dira elikaduraren garrantziaz?

Kezka handitzen ari da, baina ez dakigu zer neurritan. Prezioaz gain, beste aldagai batzuei gero eta garrantzi handiagoa ematen die kontsumitzaileak: produktua ona izateari, freskoa, kalitatezkoa, ekologikoa...

Jendeak zergatik erabakitzen du azoketan erostea?

Ez dago arrazoi bakarra: motibazio desberdinak dauzkate. Kontsumitzaile mota batek produktuaren freskotasuna, kalitatea... baloratzen du. Adineko jendeak, berriz, tradizioagatik egiten du. Beti joan izan dira azokara, eta, ohitura dutenez, halaxe jarraitzen dute. Baserritarrekin harreman handia izaten dute. Beste batzuk, berriz, arrazoi kolektiboengatik joaten dira: bertako ekonomia sustatzeko. Ikusten dute ondasun garrantzitsu bat direla, eta azoketako giroa gustatzen zaie.

Zein soslai dute erosleek eta saltzaileek? Aldatzen ari al da?

Azokako erosleen artean, hiru soslai daude. Hala ere, adin ertaineko emakumeak dira nagusi. Produktuen freskotasunarengatik eta kalitatearengatik joaten direnek erosten dute gehien, eta ohiturarengatik edo baserritarrekin duten harremanarengatik joaten direnek gutxien. Hala ere, azken horiek dira fidelenak.

Saltzaileen artean ere beste hiru profil sumatu ditugu: batetik, baserritar gazteak daude,azokara batez ere saltzera joaten direnak. Beste aldetik, baserritar heldu batzuk daude. Haien diru sarrera nagusiak ez datoz azoketatik, baina aspalditik joan izan dira, eta erosleekin sozializatzea gustuko dute. Azkenik, saltzaile zaharrenak daude. Lortzen dituzten diru sarreren garrantzia oso txikia da, baina beti joan izan direlako joaten dira orain ere. Normalean, erretirotik hurbil daude.

Profilek aldatuz joan beharko dute. Zaharrak erretiratuko dira, eta, jarraitzeko, gazteak behar dira. Azken urteetan, baserritar berriak hasi dira azoketan saltzen, eta hori oso garrantzitsua da. Ikusi beharko da aldaketa hauek irauten duten, baina orokorrean baserritar gazteek badute gogoa azoketan parte hartzeko.

Baserritarrek erraztasunak edo zailtasunak dauzkate azoketan?

Askotan, indefinizio batean mugitzen dira, eta ez da erraza. Ez dago araudirik, baserritarrak ez dira antolatzen, batzuetan zaila izaten da administrazioarekin elkarrizketak izatea... Hala ere, zenbait herritan apustu oso garrantzitsuak egin dira azokaren alde, baserritarrek lan baldintza duinak izan ditzaten. Azpeitian, adibidez, eraikina guztiz berritu dute. Beste kasu batzuetan, erabaki horiek atzeratzen ari dira. Tolosan ere baserritarrak antolatu dira, eta azoka oso bizia eta dinamikoa antolatzen dute.

Hori guztia kontuan hartuta, baserritik bizi daitekeela uste duzu?

Nik uste dut baietz. Zailtasunak dituztela kontuan hartu behar da, eta lanketa bat egin beharko da konpontzeko, baina aukerako momentua da. Herritarrek tokiko produktuen inguruan kontzientzia dute, eta baserritarren lana estimatzen dute.

Azokek badute etorkizunik?

Baietz uste dut, baina hori guztion eskuetan egongo da. Bizirik jarraitu dezaten, alde batetik, baserritarrek eta kontsumitzaileek erabaki behar dute azoketara joaten jarraitzea; eta, beste aldetik, administrazio publikoek ere hartu behar dituzte erabakiak hori posible izan dadin. Denon artean eman behar diegu bultzada baserritarren azokei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.