Ez da gehiegi urrundu behar Txinako hiri handi batetik oso errealitate desberdina aurkitzeko. Shanghai, Pekin, edo Guangzhouren moduko megapolisetatik kilometro gutxira oso garbi geratzen da Txinaren garapenak bi abiadura dituela. Mundua liluratzen duten hirietako neonezko distirarekin batera, Txinak badu beste unibertso paralelo bat, ongizatea hainbat urteetako atzerapenarekin besarkatzen duena. Are gehiago, Txina mendebaldeko edo barnealdeko hainbat eremutara joatea denboraren makina batean sartzea bezala da, iraganera soilik bidaiatzea uzten duen makina batera. Okerrago dena, baztertuak eta aberatsak banantzen dituen arrakala urtetik urtera handitzen ari da. Zauri ireki bat da, eta Txinako Alderdi Komunistaren amesgaiztorik okerrena egia bihur dezake: gizartearen desegonkortasuna.
Desberdintasuna neurtzen duen Gini koefizientea gero eta handiagoa izateak ere badu ondorio bat: langile merke eta otzanen harrobi erraldoia izan du. Berez, nekazari eremuen eta hirien arteko desberdintasun handia izan da biztanleak, gazteak batez ere, herria utzi eta hirira eraman dituena. Zenbaki zehatzik ez dago, baina kalkulatzen dute 300 milioi lagunek egin dutela dagoeneko bidaia hori, eta,gehienentzat, ez du atzera bueltarik.
Horrela, landa eremuetako herri txikiak zaharren eta umeen bizilekua bilakatu dira. «Gazte guztiak hirira doaz lana aurkitzera eta gehiago irabaztera, nekazaritzak eta abeltzaintzak gauza bakarra ziurtatzen dizutelako: pobrezia», esan dio BERRIAri Xinjiangeko nekazari batek. «Zaharroi, lurra eta bilobak uzten dizkigute, zain ditzagun. Eta, tartean behin, dirua bidaltzen digute duintasunez bizi gaitezen. Baina gu desagertzen garenean ez dakit zer gertatuko den», esan du, ardiak apaintzen dituen bitartean, Kashgareko asteroko azokansaldu ahal izateko.
Nekazaritza eremuen hustutzea da barne migrazio erraldoiaren ondorioetako bat. Tentsio sozialaren handitzea da beste bat. Langileak ohartu dira elite bat pribilegio handiekin bizi dela, eta soldata igoerak eskatu dituzte. Enpresa askorentzat, ezinezkoa da hori egitea, produkzio kostuen igoerak eta herrialde merkeagoen lehiak (India edo Vietnam) itotzen baititu. Horren ondorioz, lan gatazkak ugaritzen ari dira. Legeak greba egitea debekatu arren, gero eta ohikoagoak dira. 2011n soilik 200 izan ziren; iaz, 1.400 greba egin zituzten eta aurtengo lehen bost hilabeteotan dagoeneko mila zenbatu dituzte.
Alde biko arazoa da. «Batetik,enpresaburu askoren zekentasuna dago, langileak ia esklabotzan lan egitera behartzen dituena. Bestetik, ezin da gutxietsi langileen artean anbizio handiegia dagoela», uste du Xu Anqi Fudango Unibertsitateko Soziologia irakasleak. 2002an, nekazaritza eremuetako langile etorkinen bate besteko soldata 500 yuanekoa zen; dagoeneko 3.000ra hurbildu da. «Egia den arren azken urteotan soldatak asko igo direla, langile gehienei ez zaie nahikoa iruditzen. Langileen produktibitatea ikusita, litekeena da eskaera horiek justifikatuta ez egotea; baina desberdintasun sozialak hain handiak dira, jendearen eskaerak puztuta daude».
Eskulanaren eskasiak ere badu eragina. Txinak 1.400 milioi biztanle izan arren, seme-alaba bakarreko politikaren ondorioz, demografiaren piramideak gero eta oinarri meheagoa du, eta txikitzen ari da biztanleria aktiboa. 2050erako %50eko biztanleria aktiboa espero dute, mendea hasi zenean baino hamar puntu gutxiago.
Eta gazte gero eta gehiago unibertsitatera doazenez, pentsatzekoa da gutxiago egongo direla prest muntaketa kate batean igarotzeko bizitza. «Oso nabaria da Txinak aurki utziko diola fabrika merke bat izateari. Ez dakigu ordurako lortuko duen barne kontsumoa ekonomiaren eragile nagusia izatea», hausnartu du Xuk. «Horren menpe dago Txinaren egonkortasun soziala datorren hamarkadan».
Desberdintasunaren arrakalak
Bi errealitate paralelo daude Txinan: hirietakoa eta landa eremuetakoa. Aberatsen eta pobreen arteko aldea nabarmen ari da handitzen, eta kolokan jar dezake gizartearen egonkortasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu