Izar berri bat jaio da ekonomialarien konstelazioan: Thomas Piketty. Haren liburu berria —Capital au XXIe siècle frantsesez edo Kapitala XXI. mendean euskaraz— kasik oharkabean igaro zen haren jaioterrian, Frantzian. Estatu Batuetan, ordea, arrakasta itzela lortu du, eta, horrenbestez, mundu osoan. Hainbestekoa izan da, ezen Paul Krugman, Joseph Stiglitz eta Nouriel Roubini ekonomista garaikideei itzal egitera iritsi dela. Haiek ere txalotu dute haren lana, eta mundu osoko komunikabideetan denetariko epitetoak jaso ditu azken hilabetetan. Amazon webgunean libururik salduena bihurtu da, eta, The Guardian egunkariaren arabera, liburua besapean eramatea fenomeno soziologiko berria da "Manhattango ingurune batzuetan". Haatik, Pikettyren ekarpena ez da moda hutsa, nahiz eta egun fenomeno sozial gehienek moda tankera hartu.
Norbaitek haren lana parekatu du bere garaian Adam Smithek edo John Maynard Keynesek egindakoarekin. Beharbada, olinpo horretan jartzeko goizegi bada ere, Pikettyk ekonomiaren lurralde zabaletan eremu berria esploratu eta urratu du. Ekonomiaren ikerketan, ia dena jorratuta badago ere, ekonomistek maiz gutxietsi egin dute aberastasunaren banaketaren azterketa. Azkenaldian, ordea, ugaritu egin dira desberdintasun ekonomikoen zergatien inguruko lanak. Askoren iritziz, beste inor ailegatu ez den tokira ailegatu da orain Thomas Piketty, eta azterketa zorrotza bezain landua egin du. Beste bertute handi bat du: XXI. mende hasiera honetan, aberatsak aberatsago diren honetan, bere garaiaren araberako lan borobila osatu du. Hartara, desberdintasunaren profeta bilakatu da. Denborak esango du belaunaldi baterako lan garaikidea den harena edo 2014 hartan merkatua aztoratu zuen best seller bat.
Haren tesiak dardarizoa eragin die askori. Azken finean, desberdintasun ekonomikoen teorizazioa gaurdaino ez bada askorik landu, zerbaitegatik izan da. Haren liburuaren izenburuak ezinbestean egiten dio erreferentzia Karl Marxen Das Kapital lanari, eta erasotzeko baliatu du AEBetako sektore eskuindarrak. Euren fobia guztien barnean biltzen duen kalifikazioa eman diote: marxistatzat jo dute.
Marxista eta... frantsesa
Irain horri ironiaz eta axolagabetasunez erantzun dio Pikettyk. Bere lanean Marx aintzat hartu ote zuen galdetuta, azaldu du Manifestu komunista eta beste saiakera batzuk irakurri dituela baina ez dituela irakurri haren liburu ekonomikoak: "Ez naiz gai izan irakurtzeko. Saiatu zara inoiz?", galdetu zion elkarrizketa batean kazetari bati ironiaz. "Diferentzia handiena da nik kapitalaren historiari buruzko liburua idatzi dudala eta Marxen liburuetan ez dagoela daturik", zehaztu du.
Estatu Batuetan, marxista izatea bezain iraingarria izan daiteke frantsesa izatea. Hala, Allan Metzer ekonomistak gogor jo du liburuaren aurka, eta gogoratu du Pikettyk Emanuel Saez ekonomistarekin lan egin duela MIT unibertsitatean: "Biak dira frantsesak. Frantziak urte luzez aberastasunaren banaketaren politika desegokiak ezarri ditu". Ez pentsa Frantzian denak haren alde daudela ere. Hala, Serge Dassault aeronautika arloko handikiaren Le Figaro-k "panfletotzat" jo du. Zerbaitegatik izango da
Ia seiehun orriko lan mardularen atzean, hamabost urtez egindako datu bilketa dago. Eta zein da haren ondorio nagusia? Pikettyren arabera, kapitalaren irabazi garbia hazkunde ekonomikoa baino handiagoa da, eta horrek desberdintasun ekonomikoa areagotzen du aberastasunaren jabe den gutxiengo baten eta gainerako guztien artean. Denborarekin, joera hori txikitu beharrean handitu egiten da, aurrezkiaren errentagarritasun tasa hazkunde tasa baino handiagoa delako. Hots, aberastasunaren tarta banatzean, zatirik handiena gutxiengo batek kontrolatzen du, eta urtez urte, tarta handitu ahala, are zati handiagoa du.
Beti hala izango da?
Thomas Pikettyk zalantza handi bat planteatzen du: beti joera hori egongo al da? Historian, industrializaziotik gaurdaino igaro diren berrehun urteotan hori gertatu da: XIX. mendean, zazpi aldiz handiagoa zen kapital errendimenduen eta errenta irabazien aldea, eta, egun, sei aldiz handiagoa da. Hala ere, XX. mendearen garai zabal bat salbuespena izan zen. Bi mundu gerrek eta inflazioak aberastasuna suntsitu zuten, eta gerraosteko baby boom-ak zein hamarkada horietako hazkunde handiak oligarken eta langileen arteko aldea txikitu zuten.
Beste ondorioetako bat da aberastasunaren kontrola belaunaldiz belaunaldi pasatzen dela, eta kapitalismoaren mitoetako bat eraisten du: kapital irabaziak ez dira ekintzaile batzuen merituaren ondorio, oinordetzan jasotzearen ondorio baizik. Kapitalismoak berezko ditu desberdintasun ekonomikoak.
Ekonomista frantziarrak proposatzen du alde horiek txikitzeko aberastasunaren gaineko zerga orokorrak ezarri behar direla: milioi bat eurotik gorako errententzat, %80koa, eta 200.000 eurotik gora irabazten dutenentzat, %50 edo %60 artekoa. Desberdintasunen ondorioak begi bistakoak direlako bestela. Gutxiengo batek erosten ditu gobernuak eta bahitzen du demokrazia.