Argentinako Gobernuak YPF desjabetzeko hartu duen erabakiaren aurka gogotik borrokatuko da Repsol. «Ekintza ez da zigorrik gabe geratuko», ohartarazi zuen atzo Antoni Brufauk, petrolio konpainiako presidenteak. Lehenengo kalkuluak ere egin dituzte, eta Repsolek YPFn duen partaidetzaren truke gutxienez 8.000 milioi euro ordaintzea exijituko dute. «Diru hori eskatuko dugu, eta askoz gehiago ere bai, ahal bada», esan du Brufauk.
Lurrikara politiko eta ekonomikoa eragin du Cristina Fernandez Argentinako presidenteak jakinarazi zuen erabakiak. Espainiako Gobernuak, hala ere, erantzuteko hartuko dituen neurriak ostiraleko Ministro Kontseilua arte atzeratu ditu. Raxoiren kabineteak Europako Batasunaren babesa jaso du, eta, oro har, nazioarteko gobernu eta eragileek Argentinaren erabakia salatu dute. Badira salbuespenak, hala ere. Venezuelak, esaterako, irmoki defendatu argentinarren eskubidea desjabetzea gauzatzeko.
Babes eske Munduko Bankuaren arbitratze batzordera joko du Repsolek lehenbizi. Erakundeak badu inbertsioekin dauden desadostasunei buruz erabakitzeko organo bat. Konpainiaren arabera, YPFren jabetzaren %51 eskuratu ahal izateko, Argentinako gobernuak akzio guztiak erosteko eskaintza publikoa egin beharko luke. Pribatizazio Legean eta YPFren estatutuetan oinarrituta, 35 euro inguru eskaini beharko luke akzio bakoitzeko. Alegia, 13.900 milioi euro konpainia osoa erosteko, eta ia 8.000 milioi Repsolen zatia soilik eskuratzeko.
Brufauk argi utzi zuen gutxieneko kalkuluak direla. «YPFk diru askoz gehiago balio du», haren aburuz. Esaterako, Vaca Muerta izeneko petrolio hobian Repsolek dituen eskubideei 10.600 milioi euroko balioa aitortzen die. Akzioen truke ez ezik, nazionalizazioak eragingo duen «kaltea» salatu eta horren ere ordaina nahiko du konpainiak. Konpainiaren irudiko, erabakia «legez kanpokoa eta bidegabea» izateaz gain «diskriminatzailea» ere bada, soilik Repsoleko akzioei eragingo dielako.
YPFren benetako balioaren inguruko eztabaidak garrantzia izango du Argentinaren eta Repsolen arteko borrokaldian. Atzo bertan, YPFren kontuak berrikusiko dituela iragarri zuen Axel Kicillof Ekonomia ministrorde etakonpainiaren administratzaile berriak, «benetako egoerari buruzko isileko informazioa eskura dugunean». Kicillofek ziurtzat jo du 8.000 milioi baino gutxiago izango direla. Senatuan tramitatzen ari den dekretuak dio Balioztatze Auzitegiak erabakiko duela YPFren prezioa zein den. Gainera, Plangintza ministro Julio de Vidok Repsoli ohartarazi dio isuna pagatu beharko duela Mendoza probintzian ingurumeneanegindako kalteengatik.
Brufauk, berriz, gogor jo du Fernandezen aurka: «Krisi sozial eta ekonomikoa ezkutatzeko ahalegin bat da». Haren iritziz, «YPFko akzioa jaisteko akusazio kanpaina» jaso du azken hilabeteotan, desjabetzea merkealdi prezioan lortzeko helburuarekin egindakoa».
Repsoleko akzioa %6 jaitsi zen atzo, Ibex-35 indizeak urteko hazkunderik handienen artean hirugarrena izan bazuen ere. Repsolek azaldu du YPF galtzeak ez duela bere estrategian edo dibidenduan ondoriorik izango, eta Espainian eta Hego Euskal Herrian erregaiak ez direla garestituko.
AEBen erantzun epela
Nazioarteko aliatuak bilatu eta aktibatu nahi ditu orain Espainiako Gobernuak, Argentinari kontra egiteko. Haatik, erantzun guztiek ez dute asebete Madril. AEBen erantzun epelarekin harrituta agertu da Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri ministroa. «Hillary Clinton ez da nik nahiko nukeen bezain gartsua izan». Garcia-Margalloren ustez, «bere buruari tiro egin dio Argentinak». Neurri diplomatiko, komertzial, energetiko eta industrialak hartuko dituela aurreratu du gobernuak.
Europako Batasunak Argentinarekin zuen alde biko bilera bertan behera utzi eta atzeratzea erabaki du. NDFk ere neurria kritikatu du, eta uste du inbertsio girorako nahiz Argentinaren hazkunderako kaltegarria dela.
Desjabetze «bidegabea» salatu, eta gutxienez 8.000 milioi exijitu ditu Repsolek
Munduko Bankura joko du babes eske Repsolek, eta Argentinak, YPFren balioa argitzeko, kontuak berrikusiko dituEtziko Ministro Kontseilua arte atzeratu ditu Espainiak erantzuteko neurriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu