Brasil. Euskal enpresen erronka

Desorekaren Kateak

Ez ditu ezustean harrapatu, baina Brasilgo ekonomiaren gainbehera azkarra eragina izaten ari da euskal enpresetan. «Egoera zaila» dela diote Orkli, Jamai eta Cikautxoko ordezkariek. Hala ere, ez dute inolako asmorik Brasildik joateko, «eusteko garaia dela» sinetsita. Euskal enpresak geratzeko iritsi ziren hara.

Desorekaren Kateak.
xabier martin
2015eko maiatzaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Jogo bonito-ren garaiak joan dira Brasilgo ekonomian. Gorabideko herrialdea ordekan da aspaldian; gain behera ere bai, aditu askorentzat, inflazio handiak, hazkunde urriak eta desoreka fiskalak zamatuta. Txinarekin batera, Euskal Herriko enpresek nazioartekotzean duten helmuga garrantzitsuena da Brasil. Asiako munduko merkatu handienaren ifrentzua da, esportatzaile global batek «nahitaez behar duen merkatua».

Lope de Agirre oñatiarra El Doradoren kimeraren bila abiatu zen Amazonasko labirintora XVI. mendean, hil eta herio; haren herrikideak ez dira joan 500 urte geroago oihan globalizatu batean galtzeko asmoz. «Gauzak ez daude batere ongi», onartu dute BERRIArekin hitz egindako hainbat enpresarik, baina merkatu ahaltsuak indarra galdu duen arren, ez da kimera han segitzea enpresari horientzat. Agirreren ezpata odoltsuaren ordez, balio erantsiko produktuak dituzte merkatua konkistatzeko edo, behintzat, merkatuan leku egoki bat lortzeko.

Haizeak ez du alde jotzen Sao Paulo eta Brasilgo beste zentro ekonomikoetan, eta Eolok ez dunorabidea aldatzeko asmorik epe motz eta ertainera. Dilma Rousseffen politika «esku-hartzailearen» lagun ez diren ekonomista batzuk ari dira apokalipsiaren tronpetei eragiten jadanik. Moteltze soiletik harago, muturrean erreskate bat duen kateaz lotzen dute egoera: BPGaren %4ko defizita, balioa galtzen ari den dirua, zerga desoreka, %8ko inflazioa eta BPGaren %0,1eko hazkundea dira kate horren begi herdoilduak. Tronpeta horiek ez dute bossa nova atsegina jotzen, baina euskal enpresak «geratzeko» iritsi ziren Brasilera, eta, zailtasunak zailtasun, Cikautxo, Orkli eta Jamai enpresetako ordezkariak bat datoz egoeraren aurrean egin beharrekoan: «Eusteko garaia da».

IÑIGO LASKURAIN

Cikautxo (Berriatua, Bizkaia)

«Zerbait egingo dugu aurki Paranoako gure lantegia suspertzeko»

Cikautxo aspaldian ari da merkatu globalizatuetan lehiatzen. Txina, Indian, Mexikon eta Brasilen plantak ditu Mondragon taldeko kooperatibak, kautxuarekin lotutako osagaiak nonahi saltzeko. Brasilgo egoerak Paranoan duen ekoizpen zentroaren martxa okertu du, eta Iñigo Laskurain enpresako zuzendari nagusiak (Eibar, 1968) onartu du berraztertu egin behar dutela lantegi horrekiko estrategia. «Hamabi urtean dihardugu hemen, eta azken hiru-lau urteak gogorrak izan dira merkatua nabarmen jaitsi delako; zailtasun batzuk badauzkagu».

Cikautxo nazioartekotze prozesu indartsuan da, ordea, eta Brasilen segituko dutela argi dauka Laskurainek; berraztertu beharrekoa han egoteko modua da. «Paranoarekin segituko dugu; kontua da %50eko jabetzaz dugun joint-venture hori beste modu batera kudeatuko dugula igual». Nola?, hori da galdera zuzena. «Ez dugu baztertzen Brasilgo gure bazkideari beste erdia erostea». Brasilen egoteko «irtenbide asko» daudela dio. «Zerbait egin behar dugu lantegi hori suspertzeko, baina Brasilen segituko dugu, seguru». Cikautxok azken urteetan Latinoamerikako merkatuan lortutako posizioari eusteko Brasilen lantegia edukitzea «oinarrizkoa» da, Laskurainen arabera. «Brasilen egon behar dugu, nahitaez, nola egon da eztabaida; baina Brasildik ihes egiteko modurik ez dago».

Munduko Futbol Kopa bukatu,eta maldan behera hasi zen merkatua, «eta dagoeneko argi dago oraina eta etorkizun hurbila ez direla onak», dio Cikautxoko buruak. Autogintzaren merkatua bereziki jaitsi da, gainera; «horrek zuzenean eragiten digu». «Baina epe luzera kokatzen ari diren enpresak batzuk orain, eta gu ere hala gabiltza, epe luzerako estrategiarekin». Zailtasunak zailtasun, «eusteko garaia» dela dio, «denboralea pasatu arte». «Gure bezeroek hemen jarraitzen dute, modelo berriak merkaturatzeko prest, eta alboan behar gaituzte; hori argi daukagu».

Cikautxo osasuntsu dabil azken urteotan. %12ko hazkundea izan zuen iaz. «Nazioartean ongi kokaturik egoteak Euskal Herrian dugun martxa babesten du. Berriatuan sekula izan den langile kopururik handiena dago oraintxe. Deslokalizazioa ez da gure kasua, globalizazioa baizik. Hazkundea eta finantza osasun bikaina ekarri digu horrek». 2.250 langile daude taldean. Berriatuan 723 dira, 500 bat kooperatibako bazkide. «Munduko auto ekoizle garrantzitsuenen hornitzaile gara, eta multinazional horiek mundu osoan nahi dituzte soluzioak. Horri erantzuteko gai ez denak nekez izango du geroa».

KARMELO ARANDIA

Jamai (Anoeta, Gipuzkoa)

«Kostuak berraztertu egin behar izan dira, eta prezioak jaitsi»

Iazko hasieran hasi ziren gauzak okertzen Brasilgo ekonomian. «Azken hilabeteetan areagotu egin da pattalaldia. Gero eta gehiago dira tasa negatiboak, eta merkatua modu orokorrean gelditu egin dela adierazten dute», dio Jamai enpresako Karmelo Arandiak (Alegia, 1984), Brasilgo adarraren arduradunak.

Jamaik aurreko urteetako lanari esker lortutako kontratuen babesa daukala dio Arandiak, baina kezka badago. «2016ra arte lana badugu. Kontratuak sinatuta dauzkagu, eta horrek segurtasuna ematen digu. Baina eskaerak jaisten ari dira, eta horrek kezka eragiten digu». Dibisaren auziak ere kalte egiten duela nabarmendu du. «Arazo handia da, %40 debaluatu delako dolarrarekiko, eta horrek beste modu batera jardutera behartzen gaitu denak, jarduerarekin segitu nahi badugu». Alegia, kostuak «berraztertu» egin behar izan dituzte, «eta prezioak jaitsi behar izan badira, ba halaxe egin da»

Autogintzak Brasil gehien bultzatu duen sektorea dela uste du Jamaiko kideak, eta haren gainbeherak dena bustitzen duela. «Sektore estrategikoa da, beste guztietatik tira egiten duelako. Krisia iritsi da, eta, kezkarekin, auto salmenten beherakada. Beherakada horrek beste guztia zamatu du». Hala ere, Brasilgo merkatu erraldoian segitzeko asmoa dute Jamain. «Borondate argia dugu. Munduan zabaldu gara, eta merkatu globalizatuan lehiatzeko estrategia argia daukagu. Hemen segituko dugu, krisiak krisi, baikor garelako».

Ziklo txarra egokitu da, beraz, Brasilen, eta suspertzea noiz iritsiko zain dago Arandia. «Merkatu honek asko emateko dauka oraindik. Azpiegituretan asko dago eraikitzeko, eta kontsumorako tartea geratzen da. Familia gehienetan auto bat dagoela esan daiteke, eta bat baino gehiago egongo den aroa iritsiko da halako batean. Ez da epe motzera gertatuko, baina iritsiko da».

Jamaik Euskal Herrian eta Txinan ditu fabrikak, ez Brasilen. «Horretarako asmorik bagenu, errazagoa litzateke bulego bat itzaltzea fabrika bat ixtea baino, baina ez dugu asmo hori». Karmelo Arandiak dio oro har gauzak hobeto doazela, merkatu globala mugitzen ari dela. «Nabaritzen da gauzak hobeto doazela. Txinan gauzak ez daude nahi bezain ongi, baina gora goaz han ere».

PATXI LOPEZ URKIOLA

Orkli (Ordizia, Gipuzkoa)

«Ez gara joan Brasilera diru arina egiteko asmotan»

Orkli enpresak ere eskarmentu handia dauka Brasilen. Jundiaiko parke teknologikoan (Sao Paulo) ekoizpen planta dauka 50 beharginekin. Patxi Lopez Urkiola zuzendari nagusiak dio barne kontsumoa ondo joan denean ekonomia ere ondo joan dela Brasilen, «eta hura jaitsi denean arazoak hasi dira». Orkli kooperatibako buruaren ustez, gehiegi zorpetu dira «bai familiak, bai eta enpresak ere» eta desorekak ekarri du gainbehera. «Ekoitzi bainogehiago gastatu dute. Kanpoan ez dira lehiakorrak ere, Realaren arazoengatik, eta doikuntzak iritsi dira. Haiekin, zerga igoerak eta protesta sozialak».

Brasilgo ekonomia «gelditu egin da», Orkliko buruaren hitzetan, «baina merkatua oso garrantzitsua den arren, enpresa bakoitza mundu bat da». Orain hamabost urte iritsi zen Brasilera Ordiziako kooperatiba, eta posizio ona dauka gaur egun. «Han ekoizten duten lehiakiderik gabe saltzen ditugu hainbat produktu. Kanpoko produktua sartzen oso zaila da orain, eta lehiakide handirik ez dugu gure sektorean». Gainera, inbertsio handiak egin dituzte lantegian, automatizazioak ezartzeko. «Gu ez gara Brasilera joan, ezta Txinara ere kostu baxuko herrialdea delako. Gure martxarekin pozik gara, ekonomiaren egoerak kezka eragiten digun arren».

2015. urtea aurreko urtearen pare bukatzea aurreikusi dute Brasilgo adarrean, emaitza onekin betiere. «Epe luzerako estrategiarekin gabiltza. Ez gara joan Brasilera diru arina egiteko asmotan. Kooperatiba gara, eta oso presente dugu hori». Orkli %12 hazi da urteko lehen hiruhilekoan iazko epe berarekin alderatuta; Orkli oso ondo doa. «Txinan inoiz baino hobeto goaz. Han ere arazoak daude, baina gure merkatu kuota handia da». Mondragoneko kooperatibak 810 langile ditu, Ordizian 505 (bazkideak). Bosch, Whirlpool eta Indesit moduko multinazionalak hornitzen ditu Orklik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.