Lan harremanak

DHL zigortu dute, enpresa batzordeari zilegitasuna kendu nahi izateagatik

Lan harremanetako eredu berriaren aurkako lehen epaia dela aldarrikatu du ELAk.

Iker Aranburu.
2018ko maiatzaren 8a
14:33
Entzun

Gasteizko lan arloko hirugarren epaitegiak DHL-EXEL enpresa zigortu du, uste duelako negoziazio kolektiboan eskubide sindikalak urratu egin zituela. ELAk jakinarazi duenez, "Adegik eta Confebaskek aldarrikatzen duten 'lan harremanetarako enpresa kultura berria' aplikatu nahi izateak ekarri du zigorra". Epaiak dioenez, enpresako zuzendaritza saiatu egin da enpresa batzordeari zilegitasuna kentzen eta langileak lan hitzarmen bat onartzera behartzen. Hori dela eta, langileen ordezkariei 800 euroko kalte-ordaina ordaintzera kondenatu du DHL, "kalte moralak" ordaintzeko.

Mercedesen hornitzailea da DHL, eta harekin duen kontratuaren galtzeko arriskua aipatu zuen zuzendaritzak lan hitzarmenaren negoziazioan eragina izateko. Bost jakinarazpen bidali dizkien langileei, eta hogei laguneko taldeetan bilerak egin zituen langileekin, giza baliabideetako arduradunak gidaturik. Talde txikiagoetan ere aurrez-aurre bildu zen zuzendaritza langileekin, "kudeatzailearekin gosaltzen" saioetan hiru eta hamar lagun artean elkartzen zirelako.

ELAk azaldu duenez, "zuzendaritzak Ospearen Hall-a ere sustatu zuen, batzordeari modu anonimoan eraso ahal izateko, eta hitzaldi batzik ere antolatu zituen, alderdi sozialaren izen onaren kaltetan".

Epaiak dioenez, enpresaren ekinaldi horien guztien azken helburua "langileen ordezkariak ahultzea izan zen, eta ordezkaritza organoari zilegitasuna kentzea langileen aurrean". Halaber, "langileen informatzea ez ezik, langileen legezko organo solaskidea ahultzea eta bazter uztea izan liteke".

Saioak saio, "xantaia eta guzti", DHL-EXELeko langileek "oso hitzarmen ona" lortu zutela ziurtatu du ELAk.

Gasteizko enpresan gertatutakoa Euskal Herriko beste batzuetara hedatzen ari dela ohartarazi du ELAk. "Lan harremanetarako eredu berria delakoa da hori, Adegik eta Confebaskek sustatu dutena, eta kooperatiben mundutik sortuko beste eredu batzuk jatorri beretik datoz: langileei antolakuntza eskubidea ukatzea. Ez dago ezer neoliberalagorik jarrera hori baino". 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.