Dibertsifikazio eta hedapenean sakondu du CAFek Italiako Rifer SRL erosita

Beasaingo trengileak, bi astean, Erresuma Batuan eta Italian eman ditu pausoak negozioa zabaltzeko. Mantentze lanen zerbitzuak indartzea du helburu Milanen

Jon Fernandez.
2017ko uztailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Beasaingo konpainia trengilea buru-belarri murgilduta dago negozioaren dibertsifikazioan eta hedapenean, eta halaxe erakutsi dute azken bi asteetan herrialde bietan egindako mugimenduek. Joan den astean, Erresuma Batuan presentzia indartzeko, bi pauso eman zituen: batetik, Galesen 300 langileko tren fabrika bat irekiko du; eta, bestetik, BWB Consulting ingeniaritza arloko aholkularitza enpresa britainiarra bereganatu du. Halaber, atzo iragarri zuen Italian Rifer SLR enpresa erosi duela, muntatutako ardatzen eta bagoien mantentze lanak egiten dituena.

Erosketa, izatez, CAF Miirak egin du —ez dute jakinarazi prezioa—, tren ibilgailu ororentzako gurpilen, ardatzen, erreduzitzaileen, muntatutako ardatz osoen eta loturen diseinua eta fabrikazioa egiten duen CAFeko negozio unitateak. Konpainiak «aurrerapausotzat» jo du erosketa, eta gaineratu du bi helburu lortzeko balioko diola: batetik, Miirak muntatutako ardatzen mantentze lanetako zerbitzuen negozioan daukan kokapena indartuko duelako; eta, bestetik, aukera ematen duelako lortutako beste zerbitzu batzuk eskaintzeko eta ordezkoen salmenta bolumena handitzeko (gurpilak, batez ere).

Rifer enpresaren kokapena estrategikoa dela nabarmendu du CAFek. Milanen dago, Suitzako mugatik oso gertu, eta garraio intermodaleko eta trenbideen nodo handi batean. «Kokapen horrek CAF Miirari ahalbidetuko dio Erdialdeko Europako herrialde ugaritara eskaintzea zerbitzuak eta produktuak». Italiako enpresak 60tik gora langile ditu, eta urtean hamar milioi euro inguruko fakturazioa dauka. Gainera, azken urteetan hazkunde handia izan du instalazioak, metodoak eta ekoizpen prozesuak berritzeko egindako apustuei esker.

Eragiketa eginda, CAFek azpimarratu du «nabarmen» sartuko duela nazioartean muntatutako ardatzen mantentze lan zerbitzu integralak eskaintzeko negozioan.

Bi digituko hazkundea

Horrez gain, Beasaingo enpresak azaldu du CAF Miirak Cosmef WMen gutxieneko partaidetza eskuratu duela. Riferren talde bereko enpresa da, antzeko neurria duena eta bagoiaren mantentze lan astuna egiten duena. «Hala, bermatuko da bi enpresen arteko sinergiak ustiatzea eta bagoien mantentze lanen negozioa CAF Taldearen inguruan mantentzea».

Iaz, Euskal konpainiak inoizko eskaera poltsarik handiena lortu zuen (6.228 milioi euro), eta, 2017an, «bi digituko hazkundea» izaten ari dira salmentetan eta ustiaketaren emaitzan.

Aurtengo lehen sei hilabeteetan, %8 igo ditu mozkinak, 9,2 milioi euroraino; baina, Andres Arizkorreta presidenteak ekainean iragarritakoaren arabera, mozkinak %10etik gorakoak dira dagoeneko. Datu onak dira Gipuzkoako enpresa handienarentzat, 2016an mozkinek oraindik ere ez baitzioten utzi txikitzeko joerari, eskari poltsa inoizko handiena izanda ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.