DIBISEN ERRESERBAK

2023ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Zer dira atzerriko diruen edo dibisen erreserbak? Banku zentralek atzerriko dirutan dituzten aktiboak dira. Horien artean dago diru fisikoa (billeteak), baina baita beste herrialdeetako zor bonuak, gordailuak, akzioak eta maileguak ere. Urrea ere sartzen da erreserba horietan.

Nola sortzen dira? Esportazioak dira iturri nagusia. Esportatzaileek atzerriko dirutan kobratzen dutenean, diru hori bankuetan sartzen dute, eta horiek arduratzen dira banku zentralari emateaz. Trukean, esportazio enpresek bertako dirutan jasotzen dute ordainean, langileei eta hornitzaileei ordaintzeko.

Zertarako balio dute? Gauza askotarako, baina, batez ere, aseguru baten moduko bat dira, funtsak izateko norberaren diruak bat-batean balioa galtzen badu. Halakoetan, inportazioei eusteko eta gobernuen zorrak ordaintzeko erabil daitezke.

Aldi berean, balio psikologikoa ere badute: herrialde batek dibisa erreserba handia izanez gero, inbertitzaileek ulertzen dute babes handiagoa duela arazoei aurre egiteko —hondamendi natural bat, krisi bat sektoreren batean, gerra edo gatazka armatu bat—. Halako erreserbak ez dituztenen diruek errazago galtzen dute balioa —eroslerik ez dutelako—, eta horrek inportazioak garestitzen ditu, eta inflazioa puztu.

Norbere diruaren balioa baldintzatzeko tresna bat ere badira. Banku zentral askok baliatzen dute beren dirua dolarrarekin edo beste batekin parekatzeko —Txinak, esaterako—, edo haren balioa dolarraren azpitik mantendu eta esportazioak errazteko —Japoniak, yenarekin—. Beste herrialde baten zorra erosita egin dezakete hori, edo dibisen merkatuan esku hartuz. Han salerosten dira diruak, eta horiek zehazten dituzte dibisen arteko truke tasak.

Nork du dibisa gehien? Batez ere Asiako herrialde esportatzaileak dituzte erreserba handiak, horrela tresna bat daukatelako beren esportazioak merkatzeko. Txina nabarmentzen da alde handiz, ia 3,4 bilioidolarreko erreserbarekin. Atzetik du Japonia, 1,26 bilioi dolarrekin.

Indiak kontrako arrazoiengatik ditu erreserba handiak: inportatzaile handia da, eta erreserbak behar ditu horiek ordaintzeko.

Beste talde bat ere badago: petrolio ekoizleena. Hamar lehenengoen artean daude Errusia eta Saudi Arabia; petrolioaren salerosketa gehienak dolarretan egiten direnez, upelaren prezioak behera egingo balu beren burua finantzatu ahal izango lukete horrela. Errusiaren erreserben zati handi bat bahitu dute Europako Batasunak, AEBek eta Erresuma Batuak, Ukrainako gerra dela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.