Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak parlamenturako hauteskundeetara deituko du. Bere alderdikide eta gobernukide ugarik eman dute ziurtzat hauteskundeetara deituko duela Tsiprasek erreskatearen inguruko akordioa lortu ostean, baina hori noiz egingo zuen zen zalantza.
Telebista publikoan eginiko agerraldi batean jakinarazi du Tsiprasek dimisioa aurkeztuko duela iluntzean. Erreskatearen inguruko akordioa defendatu du, eta argudiatu hartzekodunek nahi zutena baino hobea dela greziarrentzat. Hala ere, aitortu du ez duela lortu nahi izango lukeen akordioa, ez baitzuen espero horrenbesteko oposiziorik eurogunean. Behin akordioa lortuta, ekonomiak hobera egingo duela ere esan du.
"Orain, zuek erabaki beharko duzue ongi egin dugun". Tsiprasek horrela iragarri du dimisioa: "Erabaki beharko duzue nork negoziatzen duen aurrerantzean". Gogor mintzatu da asteotan kritiko agertu diren alderdikideekin, eta akordioaren aurka bozkatu ostean parlamentuan jarraitu izana aurpegiratu die.
Data, airean
Datari dagokionez, ez du xehetasunik eman. Bi aukera lituzke mahai gainean Tsiprasek: irailaren amaiera edo urri erdialdea. Nikos Xydakis Greziako Kultura ministrordearen esanetan, udazkenean egingo dute hartzekodunek erreskatearen lehen zatiaren azterketa, eta Atenasek ez du hori baino lehen bozketarik egin nahi. Mega TV telebista kateak, ordea, iragarri du irailaren 20an izango direla bozak. Syriza barnean dagoen zatiketa lehenbailehen konpontzea litzateke horren asmoa.
Hala balitz, Vassiliki Thanou Auzitegi Goreneko presidentea izan liteke jarduneko presidentea hauteskundeak egin bitartean; aurreneko aldiz litzateke emakume bat Greziako lehen ministro. Izan ere, legealdiko lehen urtean egonda, Tsiprasek dimisioa eman behar du hauteskundeak egin ahal izateko. Hortaz, espero da bozetara deitzeaz gain, lehen ministroak dimisioa aurkeztea.
Bozak, barne zatiketek eraginda
Urtarrilean irabazi zituen hauteskundeak Syrizak, eta horrela heldu zen Tsipras lehen ministro izatera. Greziako zorraren inguruan hartzekodunekin erdietsitako akordioak, ordea, zatiketa handia eragin du ezkerreko koalizioan.
Hirurehun eserleku ditu ganberak, eta aldeko 222 botorekin, kontrako 64rekin eta 11 abstentziorekin lortu du hirugarren erreskatea onartzea —hiru diputatu ez ziren egon bozketan—. Oposizioko alderdien babesari esker lortu zuen garaipena, baina gobernua kolokan dago. Gobernu koalizioa osatzen duten Syriza ezkertiarrak eta Anel eskuindarrak 162 diputatu dituzte, eta soilik 118k bozkatu zuten alde. Syrizan argia da zatiketa: 149 diputatutik 31k kontra bozkatu zuten, eta 11k zuri.