Opor fiskalak

Diputazioek ez diete kalte-ordainik pagatu behar opor fiskalengatik dirua itzuli zuten enpresei

Espainiako Auzitegi Gorenak ezarri du irizpidea, Helados y Postres SAren errekurtsoa atzera botata.

Finatzen Euskal Kontseiluaren bilera, joan den otsailean. JUANAN RUIZ / FOKU
Jon Fernandez.
2018ko irailaren 19a
17:24
Entzun

Helados y Postres SA konpainiak uste du Arabako Foru Aldundiak hautsi egin zuela "konfiantza legitimoaren printzipioa eta segurtasun juridikoarena" opor fiskalen onurak (sozietate zergaren kenkariak) baliogabetu zituenean. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunek enpresa berriak laguntzeko sortu zituzten opor fiskalak 1990eko hamarkadan, baina Europako Batzordeak legez kontrakotzat jo zituen 2001ean, eta enpresek dirua bueltatu behar izan zieten hiru foru ogasunei, interes eta guzti.

Helados y Postres SA konpainiak 327.800 euro pagatu behar izan zituen interesetan, eta salatu zuen horren ondare erantzukizuna Arabako Diputazioarena izan beharko litzatekeela, 2007an eskatu zielako enpresei dirua bueltatzeko: jakina, Bruselak zigorra ezarri eta sei urtera eskatu zienez dirua itzultzeko, sei urteri dagozkien interesak pagatu behar izan dituzte enpresek.

Horrek kalte, enpresaren ustez, kalte ekonomiko bat eragin die, eta nahi du ogasunak diru hori bueltatzea enpresari. Alabaina, kontrakoa ondorioztatu du Espainiako Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien III. Salak, 2016an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eta 2015ean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien epaitegi batek egin bezala. Gorenaren arabera, enpresari "ez dio kalterik eragin" Arabako Diputazioak, Bruselaren aginduz, dirua bueltatzeko eskatu izanak; are gehiago, Gorenaren epaiaren esanetan, konpainiari dirua bueltatzeko eskatuta "enpresen arteko lehia ekitatea" berreskuratu zen. Alegia, Gorenaren ustez, kaltetuak, izatekotan, opor fiskalen onurarik jaso ez zuten enpresak izan dira, inolaz ere ez bere garaian onurak jaso eta gero itzuli zituztenak.

Gainera, Goreneko magistratuek gogora ekarri dute Bruselak opor fiskalen legezkotasunari buruzko ebatzi baino lehen ere eztabaida zegoela gaiaren inguruan. Beraz, magistratuen arabera, Helados y Postres SA "erabat jakitun zen laguntza erregimen horrek zailtasunak zituela eta zalantzak eragiten zituela".

Europako Batzordeak 30 milioi euroko isuna jarri zien Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioei. Lauen artean ordaindu zuten isuna: Jaurlaritzak %70 (21 milioi euro), eta gainontzeko %30 aldundiek, Ekarpen Legearen proportzioen arabera —%50 Bizkaiak (4,5 milioi euro); %33 gipuzkoak (ia 3 milioi); eta %17 Arabak (1,4 milioi)—. Baina gastu gehiago ere ekarri zuen auziak. Jaurlaritzak 76.200 milioi euro inguru erabili zituen arlo judizialari lotutako gastuak ordaintzeko (aholkularitza, helegiteak, abokatuen bertaratzeak...), eta beste 5.000 euro bidaietan edo "gaiari lotutako bestelako lan bileretan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.