Ekonomiaren geldialdia hasi da antzematen zerga bilketan ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek 2.995 milioi euro bildu dituzte zergetan martxora arte, iaz tarte horretan baino 233 milioi gutxiago (-%7,2). Aurten bilketa %1,9 handitzea espero zuten, baina orain onartu dute bilketa asko jaitsiko dela.
Gipuzkoako Aldundiak udalei ohartarazi die %20 eta %25 artean gutxiago jaso ahal dutela udal funtsetik. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, berriz, kalkulatu du gaur lurraldeko ogasunak 1.000 milioi gutxiago bilduko dituela, baldin eta ekonomia Jaurlaritzak iragarritakoa jaisten bada (%3,6).
Oraingoz, kontsumoaren gaineko zergetan antzematen da jaitsiera: %12,1 gutxiago jaso du BEZak, %30,4 hidrokarburoenak, %31 alkoholarenak eta %59 gutxiago garagardoarenak. Hobeto eutsi diote errenta zergak (-%0,1) eta sozietateenak (+%15,3). Azken horretan 2021ean ikusiko da beherakada, aurreko urteko irabaziak zergapetzen dituelako: errentarenean, berriz, apirilean jaitsiera izatea litzateke logikoena.