Diru gehiago behar duten bankuek dibidendurik ez ordaintzea nahi du EBk

Finantza erakunde nagusiei oinarrizko kapital eskaera «behin-behinean nabarmen igotzea» proposatu du Durao BarrosokKapital betebehar berria zein izango den eta zenbat diru beharko den ez du argitu

Ivan Santamaria.
2011ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Kontinenteko banku nagusiak orain indartzea «premiazkoa» bihurtu da Europako Batzordearentzat. Hori dela eta, finantza erakundeak kapitalizatzeko proposamena eramango du Europako buruzagiek hilaren 23an egingo duten bilerara. Azterketa berrian zor subiranoak bankuen balantzean duen benetako pisua neurtu beharko litzateke, eta zama horri aurre egiteko oinarrizko kapital eskaera handiago bat ezartzea nahi du EBk.

Kapitalizazio estrategia baterako oinarriak azaldu zituen Durao Barrosok atzo, Europako Parlamentuan. Prozesu horretan soilik finantza erakunde nagusiek parte hartu beharko lukete. Hots, Europako Banku Agintaritzak (EBA) herrialdez herrialde identifikatu eta sistemarentzat garrantzi estrategikoa dutenak. Zor subiranoaren benetako zama zein den «gardentasun osoz» kalkulatzea ezinbestekoa da Bruselarentzat. Hori egin ondoren, bankuei oinarrizko kapital eskaera «nabarmen» igo beharko zaiela uste du, behin-behinean gutxienez.

Durao Barrosok ez zuen kapital betebehar berriaren kopuru zehatzik eman. Hedabide batzuen arabera, oinarrizko kapital maila %7 eta %9 bitartekoa izatea eskatuko zaie erakundeei, joan den uztailean egin ziren probetan %5 izan zen bitartean.

Hasiera batean, EBAko azterketa uztailean egin zuten erakundeek osatuko dute zerrenda berria. Haatik, nazioarteko jarduera aipagarriak ez dituzten tokian tokiko erakundeak kanpo uztea propio jasotzen du EBren agiriak. Horrek esan nahiko luke Euskal Herriko erakundeen artetik soilik BBVAren egoerari erreparatuko zaiola. Espainiakoa alde batera utzita, euskal kutxek ez dute balantzean zor subirano askorik. Kutxa Bank-eko etorkizuneko buruak, Mario Fernandezek, kapital nahikoa dutela berretsi zuen atzo. «Sektoreko kaudimenik handiena dugu. Ez dugu gehiago behar, oinarriko kapitalari dagokionez lehenak garelako».

Finantza erakundeen egoerari buruzko zalantzak ugaritu dira azken hilabeteotan. Urtea hasi zenetik, banku nagusien akzioek behera egin dute nabarmen, eta udan prozesua bizkortu da. Presioak gora egin du, eta Dexia erreskatatu behar izan dute Belgikak eta Frantziak. Uztaileko testa nota onarekin gainditu zuen Dexiak, eta horrek beste erakunde batzuen benetako egoerari buruzko galdera gehiago eragin ditu. Zor subiranoak pisu nabarmena zuen Dexiako balantzean: 22.600 milioi Europako periferiako bonuetan, eta ez da hainbesteko zama duen erakunde bakarra.

Bonusik ez zuzendarientzat

Sistemak behar besteko kapitala izan dezan zenbat diru beharko den ere ez du kalkulatu EBk. NDFk, esaterako, 200.000 milioi euro aipatu zuen. Jarraitu beharreko bidea argiago du, ordea. Azterketa gainditzen ez duten erakundeek kapitala lortzeko plana «ahalik eta azkarren» aurkeztu beharko dute. Dirua lortzen ez duten bitartean, finantza erakunde horiek zuzendaritzako kideei bonusik eta akziodunei dibidendurik ez ordaintzea exijituko du Durao Barrosok goi bileran.

Diruaren jatorrian Alemaniaren ikuspuntuari eutsi dio Bruselak. Arazoak dituzten erakundeek, lehenik eta behin, esku pribatuetatik lortzen saiatu behar dute, horretarako zorra berregituratzea beharko balute ere. Ondoren, herrialdeko gobernuari laguntza eskatu ahalko diote. Guztiak porrot egingo balu, azken aukera Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsari (EFSF) dirua eskatzea litzateke. Frantziak EFSFren bidea lehenetsi nahi zuen, baina Alemaniak ez du baimendu nahi.

Europako bankuen ahuleziaren atzetik Greziaren egoera dagoenez, herrialde horrentzat irtenbide «erabakigarria» hitzartu beharko dute, Durao Barrosoren aburuz. Konponbideak sektore publiko eta pribatuaren artekoa izan beharko luke, beti euroaren baitan, baina zorra beste behin berregituratzea beharrezkoa izango ote den zehaztu gabe utzi zuen. Azaroan erreskatetik beste 8.000 milioi euro bideratzea ontzat jo zuten nazioarteko ikuskariek hitzaldiaren bezperan.

Greziatik at, finantza krisiari aurre egiteko tresnak indartzeko urratsak eskatu zituen Batzordeko buruak. Haren irudiko, beharrezkoa da EFSFren erabilpena «ahalik eta handiena» izatea, oinarrian dituen bermeak handitu gabe. Gaur egun, 440.000 milioi euro ditu funtsak, baina berme edo bonuen bidez kopuru hori handitzeko aukerari buruz sarri eztabaidatu da azken hilabeteotan. EFSFren ordezkoa, Europako Egonkortasun Tresna (ESM), martxan jartzeko prozesua azkartzea ere mahai gainean jarriko du: 2013. urtetik 2012. urteko udara.

Gastu publikoa kontrolatzeko neurriak ere ez ziren hitzaldian falta. Gehiegizko defizita duten herrialdeen aurrekontuari Europa mailan bigarren irakurketa bat egin ahal izatea, eta, beharrezkoa ikusiz gero, zuzenketak behartu ahal izateko proposamena landu nahi du Bruselak, 136 artikulua oinarri hartuta. EFSFren sorrera ahalbideratu zuen artikulu horren moldaketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.