Diru gutxiagorekin, herrilan guztiei eutsiko die Bizkaiak

Datorren urtean ez ditu igoko langile publikoen soldatak, eta kirol profesionalari %20 gutxiago emango dio

Jose Mari Iruarrizaga eta Jose Luis Bilbao. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko urriaren 27a
00:00
Entzun
«Zorrotzak, doikuntzak egitekoak, baina bideragarriak». Horrela definitu ditu Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak 2012ko aurrekontuak. Bizkaiko Foru Aldundiak 1.792 milioi euro kudeatuko ditu hurrengo urtean, 2011n gastatu zuen baino %5,3 gutxiago. Ahaldun nagusiak adierazi duenez, ongizate soziala, oinarrizko zerbitzu publikoak eta inbertsio publikoa mantendu nahi izan dute aurrekontuetan.

Garraio eta Herri Lan Sailera 315 milioi euro bideratuko dira, iaz baino %12,1 gutxiago. Nolanahi ere, inbertsioarekin «konprometituta» jarraituko du foru aldundiak, egun martxan dauden lan guztiekin aurrera jarraituko dutela azpimarratu baitu ahaldun nagusiak. Orotara, 381,5 milioi euroko inbertsioak egingo dituzte martxan dauden lanak bideratzeko. Besteak beste, Bilboko sarbiderako 52 milioi euro jarriko ditu aldundiak, errepideetarako 85,9 milioi, ingurumen lanetarako 63,6 milioi, Metroko 3. linearako 6,6 milioi, eta San Mames Barriara zazpi milioi. «Inbertsio publikoa gure ekonomiarentzako motorrik onena da, eta horregatik, ahalegin berezia egin nahi izan dugu alde horretan», Bilbaoren hitzetan.

Aldundiko sail gehienek diru gutxiago jasoko badute ere, Gizarte Ekintza Sailak iaz baino %0,5 gehiago jasoko du, 725 milioi euro denetara. Erakundeak kudeatuko duen diruaren %51, «lehen aldiz, aurrekontuen erdia gizarte ekintzetara bideratuko da», Bilbaok azpimarratu nahi izan duenez.

Aurrekontu «zorrotz» horiek, gainera, aldundiko 3.000 langile ingururi ere eragingo die, 2012rako soldatak ez baitzaizkie igoko. «Gizartea nozitzen ari den egoerarekiko keinu bat da», Bilbaoren ustez, eta ulerberak izateko eskatu die langile publikoei. Gainera, erretiroa hartzen dutenen ordez ez dute inor kontratatuko, eta goi mailako hamabost lanpostu kenduko dituzte. Orotara, 70 lanpostu amortizatuko lirateke, baina neurri horiek oraindik sindikatuekin negoziatzeko daude.

Kirol arloan, aurten publizitatera bideratutako 8,8 milioi euroak %20 jaitsiko dira datorren urtean. Athletic, Bilbao Basket eta Euskadi Txirrindulari Fundazioek, besteak beste, diru gutxiago jasoko dute aldunditik, zenbatekoa oraindik zehaztu ez duten arren.

20 milioi euroko defizita

Aurrekontuak onartu aurretik, aldundiak 20 milioi euroko defizita duela ere aipatu du Bilbaok. Finantzen Euskal Kontseiluaren azken bileran Ekarpen Legearen luzapena ebatzi zen, baina ez diputazioen oreka mantentzeko funtsarena. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak ez luke Eusko Jaurlaritzatik jaso beharko lituzkeen 33 milioi euroak jasoko. Horregatik, abiapuntuko defizitaren errua diru hori ez jasotzeari egotzi dio Bilbaok.

20 milioi euroko zor hori bere gain hartu du foru aldundiak, «zerbitzu publikoen kalitatea bermatzeko, eta inbertsioekin aurrera jarraitu ahal izateko», Bilbaoren hitzetan. Zor hori gainera, lurraldeak egun duen 1.220 milioi euroko zor orokorrari gehitu beharko zaio.

Zorrak zor, hiru kalifikazio agentzia nagusien balorazioek —Fitch, Moody's eta Standard &Poor's—Bizkaia Espainiaren aurretik jartzen dute kalifikazio guztietan. Horregatik, «Espainia markak era negatiboan eragiten digula esan dezakegu», Bilbaoren ustez. Kalifikazio agentzia horieek emandako balorazioen arabera, Bizkaia inbertsiorako kategorian legoke une honetan. Egoera hori kontuan hartu, eta «krisi honi amaiera bilatzen saiatu behar» dugula aipatu du ahaldun nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.