Hirugarren hilabetez jarraian gora egin du auto berrien salmentak Hego Euskal Herrian. Abuztuan 3.478 auto matrikulatu ziren, iaz baino %14,7 gehiago.Salmenten igoera administrazioek ematen duten diru laguntzari zor zaio hein handi batean, eta ikusteko dago zer gertatuko den amaitzen denean. Frantziako Gobernuak luzatu egingo duela iradoki du. Alemanian bukatzear dago, eta 90.000 lanpostu gal daitezkeela ohartarazi du sektoreak.
Nafarroako Gobernua izan zen laguntzak ematen lehena, eta hori emaitzetan islatu da. Berriro ere han egin du gora gehien auto berrien merkatuak: Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren datuen arabera, 1.082 saldu dira, iaz baino ia %36 gehiago. Bizkaian eta Gipuzkoan %18tik gora egin du gora salmentak, baina Araban, berriz, %29 jaitsi da.
Azken hiru hilabeteotako datuek balio izan dute 2009ko jaitsiera nabarmen apaltzeko. Maiatzean, merkatua ia %25 jaisten ari zen Hego Euskal Herrian, eta jaitsiera %9,4koa da urteko lehen zortzi hilabeteetan. Orotara, 35.797 auto matrikulatu dira. Nafarroan dagoeneko gora egiten ari da merkatua (%3,1), baina beste hiru lurraldeetan datu negatiboa dago: -%4,9 Bizkaian, -%16,4 Gipuzkoan eta -%26,3 Araban.
Renault (4.429) eta Citroen (3.755) dira gehien saldutako markak, eta biek %10eko kuotatik gorakoa dute. Opel (3.325), Ford (3.195), Peugeot (3.049) eta Volkswagen (2.512) datoz ondoren.
Europako herrialde askotan ere abuztua ez da hilabete txarra izan autoen salmentarako. Espainian iaz bezainbeste auto matrikulatu dira, eta horrela hautsi dute 15 hilabete iraun dituen beheranzko joera. Herritar arruntek egindako erosketek gora egin dute, baina enpresek egindakoek behera jarraitzen dute.
Laguntzen luzapena
Gauzak horrela, Juan Antonio Sanchez Torres Ganvam saltokien patronalekopresidenteak eskatu du auto berriak erosteko laguntzak beste urtebetez luzatzeko. Haren kalkuluen arabera, Espainiako Gobernuak merkatua biziberritzeko jarritako ehun milioi euroak udazkenean amaituko dira. Diru publikoaren laguntza izan ezean, salmentak berriro %40ko erritmoan jaitsiko diren beldur da patronala.
Frantzian ere arrakasta izan du auto zaharra bota eta berria erosteko laguntzak. Urte hasieratik, 330.000 autoren finantzaketa lagundu du Gobernuak, garai honetarako espero zuena baino %50 gehiago. Abuztuan, 110.607 auto berri matrikulatu ziren Ipar Euskal Herrian eta Frantzian, iazko hilabete horretan baino %7 gehiago. Urte hasieratik %1,1 egin du gora merkatuak. Furgoneta txikien salmenta, ordea, %25 jaitsi da, eta %46,8 ibilgailu industrialena.
Laguntza abenduan zen amaitzekoa, baina Parisko gobernuakaurreratu du diru laguntzak luzatzeko asmoa daukala. Christine Lagarde Finantza ministroak atzo aipatu zuenez, litekeena da 2011. urtera arte luzatzea, emandako diru kopurua murrizten joango den arren. Abendutik hona, mila euro eman dizkiote auto zaharra bota eta gutxi kutsatzen duen berria erosten duenari.
Diru laguntza horrek auto egile frantziarren merkatu kuota handitu du, eta %53,6koa da abuztuaren 31n. Abuztuan, %19 igo ziren Citroenen salmentak, %16,1 Peugeotenak eta %3,7 Renaultenak. Renault da Frantzian gehien saltzen den marka.
Japonian ere gora egin du merkatuak: 179.766 auto saldu ziren abuztuan, joan den urtean baino %8,2 gehiago. Japonian bezalaxe, Alemanian ere garrantzi handia dauka autogintzak. Gaur jakinaraziko dituzte emaitzak, eta, okerrik ezean, salmentek berriro ere gora egin dutela erakutsiko dute. Edonola ere, sektorea oso kezkatuta dago, Berlingo gobernuak emandako laguntzak amaitzen ari direlako, eta gehiago izango ez direla jakinarazi dietelako. ADAC autogintza elkartearen arabera, datorren astean amaituko da Gobernuak jarritako 5.000 milioi euroko poltsa. Roland Berger aholkulariak Die Welt egunkariari azaldu dionez, Alemaniako auto kontzesionarioen herenak porrot egiteko arriskua dute baldin eta salmentek behera egiten badute. Hala gertatuko balitz, 30.000 lanpostu galduko lirateke eta beste 60.000 industria osoan.
AEBetan, berriz, abuztuaren amaieran bukatu zen autoak txatarrara botatzearen truke Gobernu Federalak emandako laguntza, arrakasta handiarekin: hilabete eskasean 690.114 auto berriren salmenta ahalbidetu zuen. Plan horri esker, hobera egin dute autogile japoniarren salmentek, baita Fordenek ere (%17). Chryslerrek eta General Motorsek ere 2009ko hilabete onena izan zuten, baina %15 eta %20 jaitsi ziren, hurrenez hurren.
Diru laguntzek %14 igo dituzte auto berrien salmentak, Hegoaldean
Frantziako Gobernuak laguntza 2011. urtera arte luzatzeko asmoa duela aurreratu du Lagarde ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu