Urtebete falta da Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidenteak bere eserlekua uzteko, eta hura ordezkatzeko lehian, lehen postuan Axel Weber Bundesbankeko presidente alemaniarra dago. Arrazoia sinplea da. Idatzita ez dagoen arau baten arabera, EBZko lehen presidentea herbeheretarra (Will Duisenberg) eta bigarrena frantziarra(Trichet) izan ostean, Alemaniari dagokio hurrengoa aukeratzea, eta Alemaniak EBZko presidente sendo bat nahi du, estatuen interesen aurrean kikilduko ez dena. Ezaugarri hori bete-betean betetzen du Axel Weberrek. Hala ere, itzal egingo dion kontrario nagusia Weber bera da.
Banku zentraletako buruzagiek ezaugarri komun bat izan ohi dute: oso ondo neurtu ohi dute zer eta nola esaten dituzten gauzak. Horregatik, hizkuntza anbiguo eta ez oso ulergarria erabiltzea leporatu izan zaie maiz. Era berean, kritikak debekatuta daude. Horren adibide da Trichet.
Weberrek, berriz, ahoberoospea hartu du azkenaldian. Finantza arazoak dituzten herrialdeak salbatzeko Europako Finantza Egonkortasuna Errazteko funtsa pixkanaka atzera botatzeko proposatu du publikoki. Funts horren bermatzaile nagusia Alemania izaki, politikoki ulergaitza da EBZren hautagai alemaniarrak horren aurka egitea.
Weberren kritikak
Hala ere, batez ere, EBZri ari zaio buruko minak ematen Weber. Maiatzean, Greziaren zor publikoaren krisia zela eta, ataka estuan diren euroguneko herrialdeetako altxor bonuak erostea erabaki zuen EBZk. EBZren gobernu kontseiluan erabaki horren aurka bozkatu zuen Weberrek, eta biharamunean publikoki kritikatu zuen erabakia. Duela hilabete New Yorken egindako hitzaldi batean erasoari ekin zion berriro: «Onurak baino arriskuak handiagoak direnez, bonuen erosketa horiek behin betiko amaitu beharko lirateke».
Trichetek, bere erara, mahai gainean kolpea jo du. «Dibisa bakarra dago soilik; EBZko gobernu kontseilu bat dago; diru politika bakarra dago soilik; eta presidente bakarra dago, zeina gobernu kontseiluko eleduna ere baden». Weberren kritikak ez dira oharkabean pasa EBko beste goi agintarien artean ere, eta Jean-Claude Juncker Luxenburgoko finantza ministro eta Eurotaldeko buruak ere diplomaziaz jokatzeko eskatu dio zeharka Weberri: «Etorkizunean EBZk ahots bakarrarekin hitz egitea desio nuke».
Kritika horiek ikusita, askok zalantzan jarri dute Europako eserleku boteretsuenetako batean esertzeko hautagai egokiena ote den, edo benetan EBZko presidente izan nahi ote duen. Izan ere, EBZko presidente izatera ailegatzen bada, hartutako erabakietan atzera egitea inposatuko al du, gobernu kontseilua aurka eduki arren? Nola kudeatuko ditu adostasunak EBZren barruan? Orain kritikatzen dituen erabakiei eutsiz gero, berriz, zer sinesgarritasun izango du?
Frantzian, Weberren inguruko hasierako mesfidantza aurkakotasun argia bihurtu da, eta Nicolas Sarkozy presidenteak Weberren hautagaitza onartezina dela deritzo. Arazoa da hautagai gutxi daudela. Bata Mario Dragui Italiako Bankuko gobernadorea da. Iraganean Goldman Sachs inbertsio bankuarentzat lan egin izanak susmoak eragiten ditu. Beste hautagaia Nout Wellink da, baina herbeheretarra izatea haren aurka doa, Duisenberg ere hangoa zelako.
Weberrek argi utzi du kikiltzen ez diren horietakoa dela. «Beti nire bideari heltzen diot, eta beti oso ondo joan zait horrela», esan du berriki Stuttgarten. «Nire hitzek eraginak badituzte nire etorkizuneko enpleguan, lasai asko bizi naiteke ondorio horiekin».
Weber diru politika ortodoxoaren defendatzaile sutsutzat jotzen dute askok, eta bere kritiketan, batik bat, inflazioaren itzuleraren arriskuaz ohartarazten du. Ezagutzen dutenek aipatzen dute Weber ez dela dogmatikoa eta entzuten badakiela. Urte baten buruan jakingo da Tricheten tokian eseriko ote den. Hala bada, zalantzarik ez, gauzak asko aldatuko dira bai formetan, bai diru politikan.
DIRU POLITIKA. Ortodoxiaren defendatzaile sutsua
Datorren urteko azaroan Jean Claude Trichetek EBZko presidentetza utziko du, eta hura ordezkatzeko hautagai nagusia Bundesbankeko presidente Axel Weber da. Ez du bilorik ahoan, ezta EBZren erabakiak kritikatzeko eragozpenik ere, eta mesfidantza eragin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu