Diru sarrerarik ez dutenentzat laguntza berria sortuko du Gipuzkoak

Diru sarrerak bermatzeko errentaren baldintzak gogortuta Lanbidek babesik gabe utzi dituen herritarrei lagundu nahi dieUztailetik aurrera 600 lagunek jasoko dute hilean 600 eta 900 euro arteko laguntza

Ander Rodriguez eta Martin Garitano, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Urtearen hasieran diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzak gogortu zituen Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, gutxieneko erroldatze aldia urtebetetik hiru urtera luzatuta. Aldaketa horrek inolako diru sarrerarik gabe utzi ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ehunka herritar. Egoera horretan diren gipuzkoarrei laguntzeko gizarte prestazio berri bat sortuko duela iragarri du orain Gipuzkoako Foru Aldundiak. Laguntza uztailean sartuko da indarrean.

Ekimen horrekin, diputazioak berea ez den eskumen bat hartuko du bere gain, Martin Garitano ahaldun nagusiaren hitzetan,«lurraldean zabaltzen ari den pobrezia geldiarazteko eta Eusko Jaurlaritzaren arduragabekeriak eta haren eskumenei aurre egiteko ezintasunak eragindako ondorioak arintzeko». Gizarte Politikako Departamentuak egindako kalkuluen arabera, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzak gogortu izanak 600 bat gipuzkoar utzi ditu inolako laguntza ekonomikorik gabe. Zifra hori handituz joango dela uste du, gainera, eta hiru urteren buruan 1.800 inguru izango direla pobrezian, babesik gabe eta bazterkerian erortzeko arriskuan egongo diren herritarrak.

Halaber, baldintzak gogortu izanak beste ondorio batzuk ere izango dituela ohartarazi du Garitanok: diputazioak kudeatzen dituen aterpe, harrera zentro, gizarteratzeko etxe eta gainontzeko zerbitzuen gaineko presioa handitu egingo dela.

Horregatik guztiagatik, egun Gipuzkoan indarrean diren laguntzak «ordenatzeko» eta baliabideak babes saretik kanpo gelditu diren pertsonengana bideratzeko araudi berria prestatu du aldundiak. Bi prestazio batean bilduko dituztela azaldu du Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak: gizarteratzeko laguntza ekonomikoa eta banakako diru laguntza. Aurrenekoa, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzak betetzen dituzten, baina gutxieneko erroldatze epera iristen ez direnei ematen diete. Bigarrena, berriz, laguntza zaharra eta txikia da; Bizkaiak eta Arabak kendu egin zuten gizarterako laguntza ekonomikoa pentsioen osagarri gisa ematen hasi zirenean.

Bi horien ordez, laguntza bakar bat egongo da indarrean uztailetik aurrera: diru sarrerak bermatzeko laguntza. Hori jaso nahi dutenek diru sarrerak bermatzeko gutxieneko errenta jasotzeko baldintza berberak bete beharko dituzte, gutxieneko erroldatze aldiari dagokiona izan ezik: nahikoa izango da Gipuzkoako udalerriren batean sei hilabetez erroldatuta egotea.

Inbertsio handia

Laguntza 600 eta 900 euro artekoa izango da, familia unitatea osatzen duten kide kopuruaren arabera; lanbide arteko gutxieneko soldataren —641,4 euroko 14 ordainketa— %80 eta %120 artekoa, beraz. Lagun bakarreko familiak hilean 598,64 euro jasoko ditu —gutxieneko soldataren %80—; bi lagunekoak 748,3 euro —gutxieneko soldata adina—; hiru lagunekoak 860,55 euro —gutxieneko soldataren %115—; eta lau lagunetik gorakoak 897,96 euro —gutxieneko soldataren %120—.

Laguntza berri hori indarrean jartzeak kostu handia eragingo dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Aurten, ekainetik abendura, 1,4 milioi euro inbertitu beharko ditu 479 herritarri laguntzeko; datorren urtean bost milioi pasatxo 1.259 herritarri laguntzeko; eta bi urte barru 8,3 milioi euro 1.754 laguni laguntzeko. Rodriguezen esanetan, aurten diputazioak ez du aparteko arazorik izango gastu horri aurre egiteko, baina datozen urteetan beste inbertsio batzuk baztertu beharko ditu gizarte laguntza berria finantzatzeko.

Gizarte Politikako diputatuak ez du uste laguntza berriak etorkinak erakarriko dituenik, «lehendik ere [Espainiako] erresumako diru sarrerak bermatzeko sistemarik aurreratuenetakoa dugulako eta immigrazio tasarik txikienetakoa». Udalei eta gizarte zerbitzuei laguntza berria egoki indarrean jartzeko laguntza eskatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.