Badira bustitzen ez duten zaparradak. Edo, behintzat, gutxi batzuk baino bustitzen ez dituztenak. Emilio Botin Santander bankuko presidenteak duela aste batzuk deskribatutako ekaitz perfektuak, esaterako. Ate eta leiho guztiak itxi, euritako arropak kokotseraino jantzi eta aterkiak zabaldu arren, euria kolkoraino sartzen duen denboralea irudikatu zuen Botinek Wall Streeten bihotzean. Zirimiririk ez, zerutik diru billeteak zarra-zarra jausten diren herrialde bat irudikatu zuen bankariak: «Momentu ezin hobea da. Espainiara dirua sartu eta sartu ari da toki guztietatik: burtsarako, zor publikorako eta zuzeneko inbertsiotarako». Ekonomia errealaren kaleetan, ordea, errepideak eta espaloiak ez dira ureztatu.
Gauza nekeza da euria ororen gogora aritzea, esaera zaharrak dioen bezala. Argi dago. Egunotan atzerriko diru jarioa igarri eta aterkia zabaldu duen beste bat Miguel de Guindos Espainiako Ekonomia ministroa izan da:
urtarriletik abuztura bitartean kanpoko inbertsio kopurua bikoiztu egin dela esan du, aurtengo lehen zortzi hilabeteetan Espainian 19.400 milioi euro sartu direla —iaz, aldi berean, 9.000 milioi sartu ziren—.
Euforiaren olatu gainean dabil Madril, eta Botinen eta De Guindosen adierazpenak gutxi ez balira bezala, azkenaldiko hainbat berri ekonomikok ufada indartsuz bete ditu gobernuko baikortasunaren ontziko belak. Batetik, Fitch rating agentziak, krisia hasi zenetik lehenengo aldiz, zorraren gaineko aurreikuspena hobetu dio Madrili: zabor mailatik bi koska igo, eta BBB mailan jarri du. Hau da, balorazio negatibotik «egonkorrera» pasatu du. Bestetik, Espainiako prentsak Gates efektu izenez bataiatu duena dago. Bill Gates Microsofteko enpresaburuak, AEBetako pertsonarik aberatsenak, Espainiako FCC eraikuntza eta zerbitzu konpainiaren %6 erosi du 113 milioi euroren truke, eta konpainiako bigarren akziodun nagusi bihurtu da.
Bozkarioa lehertu da Madrilen, eta oraintsu bertan hitzaldia eman duen Eurotaldeko presidentea ere harrapatu du sukarrak. «Dirurik izango banu, neuk ere Espainiako enpresetan inbertituko nuke. Gatesek ondo daki zer egiten duen», bota du Jeroen Dijsselbloemek. Microsofteko sortzailearen inbertsioak Espainiako ekonomiarekiko «baikortasun handia» erakusten duela ere gaineratu du Eurotaldeko presidenteak. Duela hamabi hilabete Madrilentzako erreskatea eskatzen zuen The New York Times egunkariak ere inbertitzaileentzat Espainia «bat-batean modan» jarri dela uste du orain.
Hobekuntza txikia
Ameskeriak alde batera laga eta errealitatera bueltatzeko eskatu du, ordea, Iñaki Telletxea SPRIko zuzendariorde eta Invest in the Basque Country (Inbertitu Euskal Herrian) ataleko arduradunak. Atzerriko inbertsioak erakartzeko Eusko Jaurlaritzak sortutako erakundea da SPRI. Nafarroako Gobernuak Sodena elkartearen bidez egiten du gauza bera, eta Iparraldean, Baionako Merkataritza Ganbera, Pirinio Atlantikoetako Kontseiluaren eta Akitaniako eskualdearen eskuetan dago ardura hori.
Zintzoa eta argia da Telletxea egoeraren argazkia egiteko orduan: «Nahiago nuke oker banengo eta hemen atzerriko dirua barra-barra sartuko balitz. Baina uste dut Espainian gertatzen ari dena momentu jakin bateko kontua dela, ez joera estruktural bat. Oraingoz, behintzat, Euskadin ez dugu atzerriko inbertsioen gorakadarik nabari».
Gainera, inbertsioen alorrean estatistiketan oinarritutako adierazpen borobilak egitea arriskutsua delakoan dago SPRIko arduraduna. «Soilik Gatesek FCCn egindako inbertsioak erabat desitxuratzen ditu estatistikak. 2012a bereziki txarra izan zen, eta edozein inbertsiok bikoiztu egin dezake estatistika». Distortsioa handiagoa da Hegoaldeko datuei begiratuz gero. «Urardotu egiten da gure errealitatea». Konpainiek Espainian duten egoitza nagusietan kontabilizatzen dira inbertsioak. Hau da, Mercedesek Gasteizen egiten duen inbertsio guztiak Madrilen zenbatzen dira. Horregatik, estatistiketan inbertsioen %85 inguru Madrilen eta Bartzelonan izaten dira.
De Guindosek abuztura arteko inbertsioen datua aurreratu badu ere, Ekonomia Ministerioak emandako azken datuak ekainera artekoak dira. Goiz da bolanderak botatzen hasteko, baina datuak hobetu egin dira. 2012ko lehen seihilekoan atzerriko inbertitzaileek 7.753 milioi euro sartu zituzten Espainian, eta aurtengo lehen seihilekoan, 8.628 milioi: ia 800 milioi euro gehiago.
Baina kontu handiz egin behar dira konparazioak. Begirada atzera bota eta azken sei urteetako datuei erreparatuz gero, inbertsioek oso apal jarraitzen dute. 2008an, adibidez, 38.843 milioi euro sartu ziren Espainian; 2011n, krisialdi betean, 30.855 milioi; eta iaz, berriz, 19.501 milioi. Hego Euskal Herrian ere antzeko zerbait gertatu da: 2007an jo zuten goia atzerriko inbertsioek —2.704 milioi euro—, krisi garaiko markarik onena 2009an lortu zen —806 milioi—, eta harrezkero behera egin du kopuruak, iaz 595 milioi eurotara jaisteraino. Azken batean, UNCTAD Merkataritza eta Garapenari Buruzko Nazio Batuen Konferentziak atzerriko inbertsioei buruz iaz egindako txostenak asmatu du: 2012an munduan atzerriko inbertsioak %18 jaitsiko zirela iragarri zuen, bilioi bat euroraino. 2013a amaitzerako kopuru horri eustea edo oso gutxi igotzea aurreikusi du UNCTADek.
Inbertsio industriala
Nolanahi ere, inbertsioak eta inbertsioak daude. Eta berebizikoa da bereiztea. 1995etik 2011ra bitartean, adibidez, atzerriko inbertsioek 14.600 milioi euro ekarri zituzten Hego Euskal Herrira, baina diruaren erdia baino gehiago —7.800 milioi inguru— Atzerriko Akzioak Edukitzeko Enpresen (AAEE) eskuetan zegoen. Multinazionalek tratu fiskal hobea lortzeko erabiltzen dituzten bitartekoak dira enpresa horiek, eta, beraz, horietan dagoen inbertsioa ez da inbertsio produktiboa, ez du zuzeneko eraginik ekonomia errealean.
Dena dela, joera hori aldatuz doa Hegoaldean, eta azken urteetan handiagoa da inbertsio produktiboa ez produktiboa baino [begiratu goiko grafikoan]. Espainian eta Hego Euskal Herrian egiten diren inbertsio motak ere ezberdinak direla azaldu du SPRIko Telletxeak. «Hemen atzerriko inbertsioa industrian oso zentratuta dago, eta enpleguaren eta fakturazioaren %10 inguruko pisua du. 44.000 langile inguru daude filialentzako beharrean».
Euskal Herri osoan, gaur egun, 500 enpresa inguru daude egoitza nagusia atzerrian dutenak. «Inbertsio oso fidelak izaten dira». Hemen dauden hamar enpresatik zortzik hogei urtetik gora dituzte, eta sektore batzuk erabat hartuta dituzte. Siderurgia adibidez multinazionalen esku dugu ia erabat, Gerdau eta Arcelorrekin. Automozioan ere presentzia handia dute konpainia alemaniarrek, eta energia sektorean AEG, General Electric edo Alstomek Telletxeak azpimarratu duenez. Hain zuzen industria da EAEko ekonomiaren motorra: industria sareak %25eko ekarpena egiten dio BPGari, eta enpleguaren %22 kontratatzen du.
SPRI gehien arduratzen duena erabakimen guneak galtzea, atzerrira joatea da. Horregatik bilatzen du, batez ere, dagoeneko EAEn finkatuta dauden atzerriko marken plantak osatzeko inbertsioak. Areago, EAEko inbertsioen %65 inguru jada bertan dauden atzerriko enpresek egiten dituzte, SPRIren arabera. «Bill Gatesen erosketa eta antzeko beste batzuk ikusgarriak izan dira, baina ez hemen ez Espainian inbertsio industriala ez da igo», ohartarazi du Telletxeak.
Espainian urrian operazio sonatuenak Bill Gatesena eta NTT Data japoniarrak Everes erosi izana izan badira ere, euskal enpresetan ere egon da mugimendurik. Iaz, esaterako, Italiako Investindustrial eta AEBetako Trilantic Capital Partnersek Euskaltelen %48 erosi zioten Eusko Jaurlaritza, Kutxabank, Iberdrola, Endesa eta Mondragon taldeari 450 milioi euroren truke. Bestetik, duela hiru aste Kutxabankek eta beste hainbat kutxek Ibermaticaren %55 saldu zioten ProA Capital madrildarrari. Aurten, berriz, Abengoak Befesa euskal konpainia saldu dio Tritoni, 1.075 milioiren truke.
Mauken bila
Inbertitzaileen soslaia eta inbertitzaileentzako amuak asko aldatu dira azken urteetan. 1990eko hamarkadan Hegoaldean fiskalitatea zen atzerriko inbertsioa erakartzeko pizgarri nagusietako bat. Orain, barne debaluazioaren eraginez, aktiboen merkatzea ere erakargarri bihur daiteke. Neurri batean, horixe ari da gertatzen Espainian. Hala ere, mauka handien garaia amaitzea dela uste du Telletxeak. EAEn, berriz, ez du mauketarako tarte handirik ikusten, lan kostuak eta balio erantsia handiagoak direlako: «Espainia ez bezala, hemengo inbertsioak industrialak dira, eta ez epe motzekoak, epe ertainerakoak eta seguruagoa baizik».
Egia da atzerriko inbertsioen euria ez dela oraindik sendoa, eta ez dela iritsi ekonomia errealera. Egia da langabezia tasak eta zor publikoak puztuta jarraitzen dutela. Baina egia da, baita ere, pixkanaka sintoma positibo batzuk ere nabari direla. Espainiak %4,16ko interesarekin saldu berri ditu hamar urterako bonoak —interes merkeena 2010etik—, konpainia handiek jaulkitako zor tituluak uste baino hobeto saltzen ari dira, Ibex 35a 10.000 puntutara ailegatzen ari da eta arrisku saria oinarrizko 630 puntutik 230era jaitsi da urtebetean. Ez du dirurik ari ez, baina aditu gehienak bat datoz trumoi beltzenak eta tximista gogorrenak urruntzen ari direla esaterakoan.