finantzak

Dirua ateratzeagatik komisio bikoitzik ez kobratzea hitzartu dute Kutxabankek, Sabadellek eta Bankiak

Orain arteko komisio bakarra ordaindu beharko dute berea ez den banku bateko kutxan dirua ateratzen duten bezeroek.

Hainbat lagun, kutxazain automatikoetan dirua ateratzen. GARI GARAIALDE, ARP
Iker Aranburu.
2015eko irailaren 16a
17:52
Entzun

BBVAk eta Caixabankek abiatutako bideari ez jarraitzea erabaki dute beste banku batzuek. Kutxabank eta harekin batera Euro 6000 sarea osatzen dutenek (aurrezki kutxa ohi gehienak) ez ezik, Banco Sabadellek eta Bankiak jakinarazi dute ez dietela bi aldiz kobratuko bere kutxa automatikoak erabiltzen dutenei. Hau da, Kutxabankeko bezero batek dirua ateratzen badu Sabadellen kutxa automatiko batetik, orain arte ordaintzen zuen komisioa pagatu beharko du: 0,65 eta 1,50 euro artean. Komisio hori ez zuten kobratzen kutxa automatikoaren jabe ziren bankuek, txartelaren igorle zirenek baizik; horiek ehuneko txiki bat ematen zioten gero, dirua ateratzen zen kutxa automatikoaren jabeari.

Sistema hori, ordea, hankaz gora jarri zuen Caixabankek, martxoan: lehengoaz gain, bi euroko komisioa kobratzen hasi zitzaion bere kutxa automatikoetan dirua ateratzen zuen bakoitzari, baldin eta bere bezeroa ez bazen. «Neurri logikoa iruditzen zaigu, kutxa automatikoak berritzeko 500 milioi euroko inbertsioa egitea erabaki ondoren», argudiatu zuen Caixabankeko ordezkari Gonzalo Gortazarrek. Justifikazio horrek ez die balio izan kontsumitzaileen elkarteei, eta gogor salatu dute Caixabankek lehenik eta beste banku batzuek ondoren hartutako bidea.

Elkarren bezeroei ez kobratzeko akordioa sinatu duten bankuek 17.730 kutxa automatiko dituzte: 5.559 Bankiak, 3.246 Sabadellek (Guipuzcoano ere berea da), 1.642 Kutxabankek eta 7.300 Euro 6000 sareko gainontzekoek (Ibercaja, Liberbank, BMN, Abanca, Unicaja, Caja España-Duero, CajaSur, Caixa Ontinyent, Caixa Pollená, Cecabank).

Komisio bikoitza ez kobratzeaz gain, sinatzaileek iragarri dute "baldintza onuragarriak" ezarriko dizkietela beren bezeroei gainontzeko banku sinatzaileen kutxak erabiltzeagatik. Hau da, elkarri komisioak jaisteko aukera badagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.