Krisia eurogunean. Erreskatea Espainiari

Dirua bankuei, zorra denei

Espainiak 100.000 milioi euro arteko erreskatea eskatu ahal izango dio Europari, finantza erakundeen diru premia betetzekoEurotaldeak ez du erabat baztertu diruaren truke murrizketa gehiago eskatzea

jakes goikoetxea
2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
«Eurotaldeak jakin du Espainiako agintariek diru laguntza eskatuko dutela laster, eta eskaerari baiezkoa emateko irrikan dago». Horrela hitzartzen dira erreskateak Europako Batasunean: azkenean Espainiak erreskatea eskatuko du eta euroguneak eman egingo dio. 100.000 milioi euro izango dira gehienez, finantza erakundeek behar dituzten 40.000 milioi euroak gehi 60.000 milioi euroko «segurtasun tartea».

Dirua finantza erakundeentzat izango da. Diruaren truke ezarriko dituzten baldintzak ere bai, teorian. Europak maileguak emango ditu, bueltatu beharrekoak. Dirua eskatu bezain pronto Espainiaren zor publikoari gehituko zaio. Espainiako Gobernuaren ardura da dirua bueltatzea, baita laguntza jasotzen duten finantza erakundeek berari ordaintzen ez badiote ere. Finantza erakundeen eta gobernuaren diru arazoek lotuta jarraituko dute.

Erdibideko erreskatea izango da: ez herrialdearentzako erreskatea, troikaren mendekoa, Greziak, Irlandak eta Portugalek jaso duten modukoa; baina ezta Europaren laguntza zuzena finantza erakundeentzat ere, Espainia zikindu gabe, Espainiako Gobernuak nahi zuen moduan. Dirua FROBek jasoko du, Espainiako finantza sektorea berregituratzeko funtsak. Hark emango die finantza erakundeei. Oraindik ez dute zehaztu dirua EFSF behin-behineko erreskate funtsak edo ESM behin betiko erreskate funtsak emango duen.

Espainiako Gobernuarentzat ez da erreskatea, «finantza laguntza», diru laguntza baizik. Erreskate hitza saihestu zuen atzo Luis de Guindos Ekonomia ministroak, erreskateari buruzko zehaztasunak emateko agerraldian. Hark eman zituen azalpenak, ez Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak. «Ni naizelako eurotaldeko kidea», erantzun zuen Guindosek, haserre.

Hamaika egunean egoera irauli egin da. Espainiako Gobernuakzioen ez zegoela erreskate premiarik eta orain erreskatea eskatu behar izan du. Atzoko bi gertaerak azkartu egin zuten herenegun bizkortutako prozesua: alde batetik, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) atzo goizaldean kaleratu zuela berez bihar kaleratu behar zuen txostena, Espainiako finantza erakundeen kapital premiei buruz; bestetik, euroguneko Ekonomia ministroek egin egin zutela herenegun zalantzan zegoen bideo konferentzia bidezko bilera.

Bankuen %30, diru premian

Finantza erakundeentzako erreskatea izango da, etxegintzako eta etxegintzatik kanpoko maileguen babesa eta funts hornidurak egin ahal izateko. NDFren txostenak dio kapital premia dutela finantza erakundeen %30ek. Egoera okerrenean 37.000 milioi euro beharko lituzkete. Diruaren %80 jada estatuaren laguntzak jaso dituzten bankuentzat litzateke.

Baina Espainiak eta euroguneak 100.000 milioi eurorainoko laguntza hitzartu dute. Guindosek onartu zuen «segurtasun tartea» nahita dela handia. Handia, motz ez geratzeko eta hilabete batzuk barru berriro diru gehiago eskatu behar ez izateko. Espainiako finantza erakundeei buruzko zalantzak kolpe bakarrean uxatzeko. Litekeena da premia gorria ez daukaten erakundeek ere eskatzea. Maileguen baldintzak «merkatukoak baino askoz ere hobeak» izango dira.

Dirua ez da doan izango. Interesak eta baldintzak jakitea falta da oraindik. Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak, Europako Banku Agintaritzak eta NDFk jarriko dituzte baldintzak, erreskate eskaria jasotakoan. Guindosek behin eta berriro esan zuen baldintzak ez direla izango herritarrentzat, finantza erakundeentzat baizik.

Eurotaldearen oharrak ez du hainbeste esaten. Agiriak dio, erreskatearekin batera, «adi-adi» eta «erregulartasunez» aztertuko dituztela defizita murrizteko urratsak, egiturazko erreformak eta ekonomiaren desorekak. Alegia, ez du baztertu neurri osagarriak eskatzea edo, neurriak betetzen ez baditu, laguntzen txorrota ixtea. Greziari egin dio.

Espainiako Gobernuak oraindik ez du erreskatea eskatu. Kontratatutako aholkularitza enpresa pribatuen azterketen zain dago, finantza erakundeek zehazki zenbat diru behar duten jakiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.