Merkataritza

Donostiak Parte Zaharrera eta Kaira mugatu nahi du denden liberalizazioa

Merkatari txikiei ahalik eta kalte gutxien egiteko hartu du erabakia Udalak.

Bilbok irailaren hasieran hautatu zituen bere eremu liberalizatuak. LUIS JAUREGIALTZO, ARP
Iker Aranburu.
2014ko irailaren 24a
07:59
Entzun

Merkataritza ordutegiak guztiz liberalizatzeko Espainiako Gobernuak duen asmoari atea ahal bezainbeste ixtea erabaki du Donostiako Udalak. Madrilek behartuta, udan  mugarik gabe izango ez duten "eremu turistikoak" zehaztu behar izan ditu. Bi soilik hautatu ditu, Parte Zaharra (San Juan kalera arte) eta Kaia. Esparru horietan dauden saltokiek egunero ireki ahal izango dituzte ateak, baita igande eta jai egunetan ere.

Praktikan, erabaki horrek ez du aldaketa handirik ekarriko. Izan ere, gaur egun indarrean dagoen legediaren arabera, saltoki txikiek aukera dute nahi dutenean zabaltzeko. Halakoak dira Parte Zaharreko eta Kaiko gutiz gehienak, eta asko eta asko zabalik izaten dira igandetan, bai udan zehar, baita beste urtaroetan ere.

Josu Ruiz Donostiako Garapen Ekonomikoko zinegotziak azaldu duenez, merkatarien elkarteekin hainbat bilera izan ondoren erabaki dute eremu liberalizatuak ahal bezain beste mugatzea. Ruizek onartu du Madrilen liberalizatzeko asmoak trabatzeko hartutako erabakia izan dela. Beste auzo batzuetan irekitzeko aukera emateak —bereziki hiriaren Erdialdean— denda kate handiei egingo lieke mesede, gehienak inguru horretan biltzen baitira. Hori egiteak "merkatari txikien heriotza zertifikatua sinatzea izango zen", argudiatu du Ruizek. Halaber nabarmendu du sektoreko langileen aldeko neurria dela.

Bilbok irailaren hasieran hautatu zituen bere eremu liberalizatuak: Abando-Indautxu-Garellano, Deustu, eta Zazpikaleak. Bihar neurri hori salatzeko elkartuko dira sindikatu nagusiak (ELA, LAB, CCOO eta UGT), kontsumitzaile elkarteak (EKA eta OCUV) eta merkatarien elkarteak (Bizkaidendak, Dendartean, Euskaldendak), 11:00etan, Bilboko udaletxearen aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.