Dosier berriak gutxituz doaz EAEn, baina erregulazioan dauden langileen kopurua ez

Lehen hiruhilekoan 12.073 langile geratu dira erregulazioan, joan den urtean baino %44 gutxiago

Miren Garate.
Donostia
2010eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Iazko lehen hiru hilabeteetan, 20.801 langilerentzako enplegua erregulatzeko espedienteak onartu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurten, epe berean, 12.073 langile geratu dira dosierren menpe; %44 gutxiago, beraz. Jaitsiera hori nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak, baina datua ez da hain ona. Izan ere, erregulazioan daudenen kopurua ez da gutxitu, kontrakoa baizik. Abendu amaieran 27.112 pertsona zeuden egoera horretan. Ordutik hilero igo da, eta martxo amaieran 31.406 ziren aldi baterako langabezian zeudenak. Dosier berriak iraupen luzeagokoak direlako izan daiteke igoera.

Atzo eman zituen martxoko datuak Eusko Jaurlaritzak. 225 enpresak aurkeztu zituzten espedienteak. Horietatik 208 baimendu zituen Lan Sailak, zortzi ukatu, eta bederatzi kasutan espedientea aurkeztu ostean atzera egin zuen enpresak. Onartu zituenen artean, 28 ezinbesteko kasuak izan dira, gehienak arrantza sektorean; 62 bigarren espedienteak; eta gainerakoak, 118, berriak.

Ezinbesteko kasuengatik onartutako espedienteek 224 langileri eragin diete; bigarren dosierrek, 750ri, eta aurrenekoek, 2.156ri. 3.093 langileri aldi baterako eten zaie kontratua, hamahiruri behin betiko eta 24ri lanaldia murriztu zaie.

Nafarroan ere behera

Nafarroako Gobernuak ere joan den astean eman zituen lehen hiruhileko datuak. Haren arabera, 2009an baino ia bost mila pertsona gutxiago geratu dira erregulazioan. 7.991 izan ziren iaz, eta 3.046 aurten. Batez ere, behin betiko erregulazioak gutxitu direla nabarmendu du. 1.023 langile bidali zituzten joan den urtean, eta aurten 102; %90 gutxiago, beraz.

Bi gobernuek emandako kopuruak kontuan hartuta, lehen hiruhilekoan 242 espediente onartu dira Hego Euskal Herrian, eta 3.588 langileri eragin diete. Azken sei hilabeteetako kopururik txikiena da. Abenduan asko igo ziren espedienteak, aurrez aurkeztutako gehienak orduan amaitzen zirelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.