DIRU POLITIKA

Draghik abendurako utzi du QE programa zabaltzeko aukera

Maileguak handitzen ari diren arren, ekonomiari beste bultzada bat ematea aztertzen ari da Europako Banku Zentrala.

Mario Draghi EBZko presidentea, atzo, Luxemburgon. JULIEN WARNAND, EFE
Iker Aranburu.
2015eko urriaren 22a
07:27
Entzun

Gorabidean dauden herrialdeen geldialdiak eta inflazio ezak neurri gehiago hartzera behar dezake EBZ. Gaur Maltan egindako bileran ez, baina abenduaren hasieran egindakoan QE zor publikoaren erosketa programa gehiago handitzeko aukera aztertuko du banku zentralak. Gaur egun hilean 60.000 milioi euro sartzen ditu EBZk euroguneko ekonomian, zor publikoa eta pribatua erosteko. Programa hori gutxienez 2016. urteko irailera arte izango da indarrean, baina Draghik onartu du luzatzeko aukera dagoela.

Ekonomia sustatzeko "tresna gehiago" ere aztertuko dituztela azaldu du Draghik. Horien artean dago gordailuen tasa are gehiago jaistea. Gaur egun, soberan duten dirua EBZn uzten duten bankuek %0,2ko interesa ordaindu behar diote banku zentralari. Normalean banku zentralak dira diru horren truke banku komertzialei interesak ordaintzen dizkietenak, baina tasa negatiboak ezarri ditu EBZk, bankuak behartzeko diru hori mailegatzera.

Datu ekonomiko kontrajarriak ematen ari da eurogunea. Batetik, EBZk dirua barra-barra mailegatzeko programak ari dira lortzen beren helburuetako bat, maileguak handitzea hain zuzen ere. Abuztuan, esaterako, familiei emandako maileguak %1,6ko urteko erritmoan ari ziren hazten.

Gutxika bada ere, barne produktu gordina ere ari da hazten (%0,4 urteko lehen hiruhilekotik bigarrenera). Baina susperraldi ahul horrek ez du inflaziorik eragin. Prezioak duela urtebete baino %0,1 beherago daude, kopuru arriskutsua denboran luzatuz gero, deflazioa ekar dezakeelako (atzeraldiaren gurpil zoroa eragiten duen prezioen beherakada). EBZren helburua da inflazioa %2etik gertu baina azpitik izatea.  

Txinaren hazkundearen moteltzeari garrantzia kendu dio Draghik, uste baitu euroguneari artean ez diola kalte handirik eragin. Batez ere konfiantza aldetik ikusten dio arriskua.

Portugalen orain eta Espainian hauteskundeen ondoren sor daitezkeen gobernuek "erreformen bidea" uzteko aukerak kezkarik sortzen ote dion galdetu diote Draghiri, baina ez du zuzenean erantzun: "Ziurgabetasuna txarra da ekonomiarentzat, baina ziurgabetasun politikoa demokraziaren parte da".

Euroa azken hiru urteotako maila txikienera jaitsi da Draghiren hitzen ondoren, eta behera egin dute zor publikoen interesek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.