DSBE SARIA

2017ko ekainaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zer da DSBEa?

Diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gutxieneko errenta da. Beste diru sarrerarik ez dutenei edo oso sarrera txikiak dituztenei ematen zaien laguntza bat da. Eskubide subjektiboa denez, Jaurlaritza ematera behartuta dago hura jasotzeko baldintzak betetzen dituen edonori, eta ezin dio ukatu nahiko aurrekonturik ez duela argudiatuta.

Noiz sortu zen?

1989an sortu zen DSBEaren aurrekaria, Jose Antonio Ardanza (EAJ) lehendakari zela, baina diputazioek ere parte hartu zuten haren diseinuan. Familien gutxieneko errenta izena jaso zuen 1989ko otsaileko dekretuan, eta gizarteratzeko gutxieneko errenta deitu zuten dekretu hura garatu zuen legean, 1990eko maiatzean. 1998ko erreformarekin eskubide subjektibo bihurtu zen, oinarrizko errenta izenarekin. Gaur egun, gutxieneko errenta arautzen duen legea 2008. urtekoa da. Ordurako, DSBE zuen izena.

Nork kudeatzen du?

Hasieran, aldundiak eta udalak arduratzen ziren laguntza banatzeaz, baina Patxi Lopezen gobernuak Lanbideren esku utzi zuen ardura hori 2011. urtean, errenta enpleguarekin lotu nahi zuelako. Eskualdaketa horrek arazoak sortu ditu azken urteotan errentaren banaketan, Lanbide ez zegoelako prest lan horretarako.

Zenbat lagunek jasotzen dute?

Jasotzaile kopuruak gora egin zuen errenta garatu ahala. 10.000 lagunen langa gainditu zuen 1994an, 20.000koa 2003an, eta 30.000koa 2008an. Krisia piztu zen orduan, eta jasotzaileen kopurua berehala bikoiztu zen. 2015ean jo zuen goia (66.000 lagun), eta ordutik hona jaisten aritu da. Lanbidek eman duen azken datua apirilekoa da. Orduan, 63.146 lagunek jasotzen zuten DSBEa, urtebete lehenago baino 2.350 gutxiagok. Jasotzaileen laurdenak pentsio oso apaleko pentsiodunak dira, eta 12.000 lagunek beren soldata txikiak osatzeko jasotzen dute. Gainera, 29.000 lagunek alokairua ordaintzeko osagarria eskuratzen dute.

Nafarroan bada antzekorik?

Bai. 1999an sortu zen, eta iazko azaroan izan zuen azken erreforma. Orduz gero, errenta bermatua du izena. Hamar mila familia unitatek jasotzen dute, 33.000 lagun inguruk. Azken erreformarekin, laukoak handitu egin du seme-alabak dituzten familiek jasotakoa, eta 655 eurotik 600era txikitu, berriz, bakarrik bizi direnena. Errenta jasotzeko epea desagertu egin da. EAEn ez bezala, Nafarroan ez dago alokairu osagarririk.

Eta Ipar Euskal Herrian?

Frantziako Errepublika aitzindarietakoa izan zen halako laguntzak sortzen. Gaur egun, RSA du izena, gizarteratzeko gutxieneko diru sarrera. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako datu ofizialik ez dago, baina Baionan %12k jasotzen zuten RSA 2013. urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.