Finantza ministroaren tesia honakoa da: Dubai Worldek finantzabidea eskatu zuenean,aurkeztutako proiektuen bideragarritasunean oinarritu zen, ez gobernuaren ustezko bermean. Hori dela eta, orain «erantzukizunaren parte bat» maileguan dirua utzi zuten hartzekodunei dagokiela defendatu zuen Al Salek, Dubai TV telebistan eskainitako elkarrizketan.
Emirerriko gobernuaren erabakiak inbertsiogile ugari aztoratu ditu. Enpresa gehienak Estatuarenak direnez, arazoak egotekotan gobernuak esku hartuko zuela espero zuten aditu askok, baina ez da horrela gertatuko. Dubaik herrialde gisa duen zor handia ordaintzeko gai izango den edo ez kezka zabaldu du finantza merkatuetan, halaber.
Dubai Worldek, iturri batzuen arabera, datozen sei hilabeteetan 39.000 milioi euro bueltatzeko konpromisoa du. Zalaparta joan den astean hasi zen, abenduaren 14an itzuli behar zuen 2.600 milioi euroren bono islamikoaren ordainketa eta beste zorrak atzeratzea eskatu zuenean.
Emirerriko konpainia esanguratsuenetako bat da Dubai World. DP World portu kudeatzaileen jabea da, eta eraikuntzan inbertsioak egiteko Nakheel filiala du. Besteak beste, palmondo itxura duten irla artifizialetako eraikuntza sustatu ditu. Eraikuntzaren burbuilak eztanda egin ondoren, ekimen gehienak atzeratu behar izan ditu.
Arabiar Emirerri Batuetako burtsek berriro ireki zuten atzo, lau egunez oporrengatik itxita egon eta gero. Dubaiko merkatua %7,3 erori zen, eta Abu Dhabi hiriburuan are handiagoa izan zen galera, %8,3. Dubai Worlden akzioek balioaren %15 galdu zuten. Finantza merkatuen erreakzioa atzo eta gaur pilatuko da, burtsak berriro ere igandea arte itxita egongo baitira, festa nazionala dela-eta.
Emirerriko krisiak ez du hondamendi globala sortu. Asiako burtsek irabaziekin amaitu zituzten saioak, eta Europan jaitsiera txikiak -%1 inguru- egon ziren Londres, Frankfurt, Paris, Madril edo Milanen.
Inbertsiogileak lasaitzeko asmoz, Arabiar Emirerri Batuetako banku zentralak finantza erakundeei likidezia errazteko diela jakinarazi zuen. Diru beharrak dituzten bertako bankuei ez ezik, herrialdean dauden atzerriko erakundeek ere eskura izango dute diru hori. Banku zentralaren arabera, Emirerri Batuetako finantza sistema orain dela urtebete baino indartsuagoa da.
Europako Batasuna eta NDF gertutikari dira aztertzen Greziaren egoera
Finantza krisia hasi zenetik zor publikoa ordaintzeari utziko zion Europako lehen herrialdea nor izango zen asmatzeak makina bat espekulazio sortu du. Dubaiko egora ezin da guztiz parekatu, azken batean, Dubai World konpainia pribatua delako, baina ondorioak ere azkar zabaldu dira. Hain zuzen ere, hainbat herrialdek euren zor publikoaren truke gehiago ordaindu beharko dute. Irlanda, Lituania edo Greziaren kasua da.Greziaren egoera gertutik aztertzen ari dira Europako Batasuna eta Nazioarteko Diru Funtsa. EBk asteon ohar gogorra bidaliko dio Giorgios Papandreuren gobernuari, kontu publikoak orekatzeko behar beste ez egiteagatik. Defizit publikoak BPGaren %12,7 gaindituko du aurten. NDFk, berriz, ordezkaritza bat bidaliko du datozen egunetan, egoeraren azterketa zehatza egiteko.