Dubaiko zor ordainketaren atzerapenak kezka sortu arren, burtsak igo egin dira

Emirerriko obra handinahiak eraiki dituen Dubai World funts subiranoak zorrak pagatzeko arazoak ditu

Iker Aranburu.
2009ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Finantza mundua AEBetako etxebizitza merkatuak sortutako krisitik guztiz osatu ez denean, eraikuntza adarreko beste burbuila bat lehertu zaio, oraingo honetan Arabiako penintsulako mutur batean. Dubai World funts subiranoak 2.350 milioiko zorra abenduan ordaindu beharrean maiatzean ordaindu behar duela iragarri izanak burtsak amilarazi ditu, eta kezka bizia sortu du Arabiar Emirerri Batuetako lurralde horretan dirua jarri duten bankuen eta inbertsiogileen artean.

Ostegunean, Europako burtsek %2,5 eta %3,5 artean galdu zuten, Dubaitik zetozen notizia ilunak eraginda. Wall Street eta mundu arabiarreko burtsak festagatik itxita egoteak eragotzi zuen izua gehiago zabaltzea. Atzo, galera handiekin zabaldu zuten Asiako burtsek -Nikkeik %3,2 galdu zuen-, eta AEBetako indizeak ere puntu eta erdi galtzen ari ziren iluntzean. Europarrak, alabaina, bezperan galdutakoaren zati bat berreskuratu zuten: %1,27 Frankfurteko Daxek, %1,15 Parisko CACek eta %0,99 Londresko FTSEk.

Gainera, beste ondorio batzuk ere izan dira: petrolioa bizpahiru dolar merkatu egin da azken bi egunotan, eta zor publikoaren interesak igo egin dira, inbertsiogileek dirua bueltan ez jasotzeko arrisku handiagoa ikusten dutelako. Izan ere, Dubai Worlden jabe bakarra Dubaiko emirerria da, eta merkatuak beldur dira hark ere zorrak pagatzeko arazoak izango ote dituen. Bank of Americak atzo zabaldutako informazioen arabera, Dubaik ia 59.000 milioi zor ditu, eta horretatik zati handiena dagokio Dubai Worldi. 2010ean 8.700 milioi euro itzuli behar ditu, eta 13.300 milioi 2011n. Banku hartzekodun nagusiak HSBC, RBS eta Barclays britainiarrak, Citi eta Goldman Sachs estatubatuarrak eta BNP Paribas frantziarra dira.

Turismoa eta eraikuntza

Dubai ez da, berez, petrolioz aberatsa. Erreserba txiki samarrak ditu, eta egun bere BPGaren %6 baizik ez du lortzen petroliotik eta gasetik. Hori dela eta, erregaietan aberatsak diren herrialdeei gomendatu zaiena egin du azken urteotan, hots, ekonomia dibertsifikatu. Horren ondorioz, diru iturri nagusiak turismoa, eraikuntza eta finantzak ditu orain.

Proiektu handinahiak dira orain Dubaiko ikur nagusia. Han inauguratu behar dute urtarrilean Burj Dubai dorrea, 818 metrorekin, munduko eraikinik garaiena. Are ikusgarriagoak dira itsasertzean eraikitzen ari diren uharte artifizialak. Palmondo itxurako hiru artxipelagotik bi bukatu dituzte, eta luxuzko etxez, hotelez eta dendaz betetzen ari dira. Munduko maparen itxurako artxipelagoa ere egin dute, baina uharteak hutsik daude, finantzaketa arazoak direla eta. Ekialde Erdiko finantzaren erdigunea ere bilakatu da emirerri txikia, 2004an eraikitako Dubai International Finance Centrek Londresko Cityrekin eta New Yorkeko Wall Streetekin lehiatu nahi du.

Arazoa da, noski, proiektu horiek guztiak finantzatu behar direla, eta krisiaren ondorioz, diru iturriaren emaria txikitu denean burbuila lehertu egin dela. Etxebizitzen prezioa erdira jaitsi da aurten, eraikuntza lan asko geratu egin dira eta milaka lagunek utzi dute hiria, zorra pagatzerik ez zutelako -europarrak- edo lanik gabe geratu direlako -langile asiarrak-.



Abu Dhabik, patrika sakoneko anaiak, ez du salbatzeko asmorik

Egoerak okerrera egiten badu, Dubaiko agintari Mohammed bin Rashid al Maktum emirrak badaki nork salbatu behar duen: Abu Dhabik. Dubairen hegoaldeko auzoa da, eta harekin batera, Arabiar Emirerri Batuetako lurralde garrantzitsuena. Baina Dubaik ez bezala, Abu Dhabik nahi beste petrolioa dauka. Oraingoz, Abu Dhabik tantaka baizik ez du lagundu Dubai, eta Rashid al Maktumen nahiak gorabehera, adierazi du ez duela anaiaren zorra osorik bere gain hartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.