EAEko Auzitegi Nagusiak Novaltia zigortu du greban dauden langileak aldi baterako laneko enpresetako (ABLE) langileekin ordezkatzeagatik, eta 6.251 euroko kalte ordaina eman beharko dio ELA sindikatuari, grebarako eskubidea urratzeagatik.
Farmazia produktuak banatzen dituen kooperatiba bat da Novaltia, eta Zamudioko biltegiko (Bizkaia) hogei langile —lantaldearen %40 inguru— greban daude 2019ko uztailaren 23tik, lan baldintzak hobetzeko. 2019ko azarotik, blokeatuta daude lan hitzarmen bat adosteko negoziazioak.
2020an, Novaltiako zuzendaritzak grebalariei jakinarazi zien oporrak txandaka hartu behar zituztela ekainetik abendura bitartean, eta, horiek ordezkatzeko, aldi baterako laneko enpresetako hemeretzi langile kontratatu zituen. ELAk auzitara jo zuen, greba eskubidea urratzen zuelako eta erabakia langile batzordearekin adostu gabe zegoelako.
Auzitegiak arrazoia eman dio ELAri. Honela dio ebazpenean: «Eztabaidagarria da enpresak greban zeudenen oporraldia ordezkatzea modu partzialean konfiguratuz; gainera, kontuan hartzen badugu langileek ez zituztela aldez aurretik oporrak onartu, opor horiek ematea eta ustez oporraldian zeuden langileak ordezkatzea grebarako eskubidea urratzea da».
Bi urte luze greban
Sindikatuak epaia txalotu du, eta Novaltiako zuzendaritzari eskatu dio «soldata eta lan baldintza duinak» jasotzen dituen hitzarmen bat «behingoz» negoziatzeko. Grebaren harira zuzendaritzak hartu dituen hainbat erabaki auzitegietan salatu ditu ELAk; kasu batzuetan arrazoia eman dio, eta beste batzuetan ez. Sindikatuak salatu duenez, Lan Ikuskaritzaren «konplizitateari esker» jokatu du modu horretan enpresak. Botika banaketan jarduten duen kooperatiba bat da Novaltia, eta farmaziak dira haren bazkideak.
2019. urtean, zuzendaritzak Bizkaiko biltegiko enpresa hitzarmena etetea erabaki zuen, eta Espainiako Estatuko hitzarmena aplikatzen hasi zen; hark lan baldintzak asko okertu zituen, beste hainbat sektoretan gertatzen den moduan. Greban dauden langileek eskatzen dute soldata eskala bikoitzik ez egotea: diotenez, kontratu berrietan %35 gutxiago pagatzen du Novaltiak, eta soldata apalenek ez dituzte gainditzen 950 euroak; alegia, lanbide arteko gutxieneko soldatatik oso gertu daude. Horrez gain, igande eta jaiegunetan ere lan egiten dute, besteak beste.