EAEko bost langiletik lauk epez pasatako lan hitzarmenak dituzte

Aurten indarrean jarritako hitzarmenek, batez beste, %2,72ko soldata igoera dute, inflazioa baino zertxobait handiagoaAurten, sektore mailako bi hitzarmen soilik sinatu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Miren Garate.
2012ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Ondorio garbi bat atera daiteke EAEko Lan Harremanen Kontseiluak emandako datuetatik: negoziazio kolektiboa blokeatuta dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Otsail amaieran, bost langiletik lauk epez pasatako lan hitzarmenak zituzten. Indarrean dauden gehienak ere aurreko urteetan adostutakoak dira, izan ere, urtarrilean eta otsailean 37 itun soilik erregistratu dira.

1.180 hitzarmenen bidez arautzen dira hiru herrialdeetako langileen baldintzak. Horietatik 843 enpresa mailakoak dira, eta 237, sektorekoak. Bakoitzak biltzen duen langile kopuruan alde handia dago. Guztira, 594.127 laguni eragiten diete lan itunek: enpresetakoek, 119.996 langileri, eta sektorekoek, 474.131ri. Esparru geografikoari dagokionez, hiru itun mota daude: herrialde mailan negoziatutakoak, hiru herrialdeetarako hitzartutakoak, eta hainbat enpresa eta sektoretan erabiltzen dituzten Espainian sinatutakoak.

Otsail amaierako datuen arabera, hitzarmenen menpe aritzen diren 594.127 lagun horietatik 465.896k epez pasatako itunak dituzte, %78,4k alegia. Urte hasieran ez zen askoz handiagoa kopurua, urtarrilean eta otsailean 8.524 langileri eragiten dieten itunak soilik adostu baitira. Bada aipatzeko datu bat: horietatik 6.182 langilerentzako hitzarmenak Espainian negoziatu direla. Sektore mailako bi hitzarmen soilik sinatu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 751 langile geratu dira haien menpe. Gainerakoak, enpresetakoak dira.

Soldata igoera apalagoak

Soldatak eta lanaldia izaten dira langileei kezka handiena eragiten dieten puntuetako bi. Aurten sinatutako 37 itunetan, batez beste, %1,86ko soldata igoerak adostu dira. Kontuan hartuta iazko inflazioa %2,4koa izan zela, erosahalmenaren galera ekarriko dute itun berriek. Badago alderik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan negoziatutakoen eta Espainian negoziatutakoen artean: lehen kasuan, hitzartutako igoerak %2,34koak izan dira, batez beste —%2,16 enpresetan eta %2,69 sektoreetakoetan—; bigarrenean, %1,14koak —%0,77koak enpresetan eta %1,35ekoak sektoreetakoetan—.

Orokorrean, ordea, aurten hitzarmena eguneratu zaien langileek soldata igoera handiagoak izan dituzte, aurreko urteetan adostutakoen eraginez. Hala, urtarrilean eta otsailean berritutakoen eta aurrez hitzartutakoen batez bestekoak aterata, %2,72koak izan dira soldata igoerak —%2,29koak enpresetan eta %2,9koak sektoreetakoetan—.

Dirutan ez bezala, baldintza hobeak lortu dira aurtengo lehen bi hilabeteetan lanorduei dagokienez. Urtean 1.681 orduko lanaldiak adostu dira. Aurreko urteetatik datozen itunak, berriz, 1.684 ordukoak dira, batez beste.

Lan erreformak, aldaketak

Negoziazio kolektiboarentzat zaila izan bada urte hasiera, datozen hilabeteek ere ez dute itxura hoberik. Azken hilabeteetan, sindikatuek behin eta berriro salatu zuten enpresaburuek blokeatuak zituztela negoziazio mahaiak, euren mesederako izango zela jakitun, lan erreforma noiz etorriko zain zeudelako. Azkenean, araudi berria otsailaren 10ean jarri zuen indarrean Espainiako Gobernuak, eta hainbat aldaketa eragin ditu lan hitzarmenetan.

Ultraaktibitatea kentzeko aukera da horietako bat. Hau da, hitzarmen bat epez pasa eta hurrengo bi urteetan berritzen ez bada, ezingo da gehiago aplikatu, hutsetik negoziatu beharko dira haren puntu guztiak. Orain artean ez zegoen gehienezko mugarik, berria onartu artean irauten zuen zaharrak eta haren gainean negoziatzen zen.

Gogor gaitzetsi dute neurria sindikatuek. Haien esanetan, patronalak bere mesederako erabiltzen du ultraaktibitatearen desagerpena, ez negoziatzeko aukera ematen diolako. Hala zioten Laudioko JEZ Sistemas Ferroviarioseko beharginek. «Negoziatzeko presarik ez duela esaten digu enpresak, proposatu diguna bi urtean onartzen ez badugu, probintzia mailako ituna jarriko digulako». Enpresako baldintzen aldean txarrak dira Arabako metalekoak.

Aguraingo DHL Exel Supply Chainekoak erekexu agertu dira. «Mehatxupean ari gara egiten negoziazioa, ituna sinatu ezean kaleratzeak egongo direla esaten digulako zuzendaritzak».

Lan hitzarmenei aldaketa gehiago ere ekarri die lan erreformak. Garrantzia kendu die. Bi hiruhilekotan jarraian diru sarreren edo irabazien jaitsiera duela frogatzen badu enpresak —nahiz eta irabaziak izaten jarraitu—, aukera du hitzarmeneko edukiak ez betetzeko. Hori da, esaterako, Bilboko CFI Norteko kasua. Enpresak iaz 22,2 milioi euroren negozio zifra izan zuen arren, hitzarmeneko puntu batzuk indargabetzea erabaki du. Soldatak ez ditu igoko, Gizarte Segurantzako osagarriak kenduko ditu, eta antzinatasunarentzat urte zuria izango da, ez da lan egindako urte moduan kontatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.