Duela aste batzuk emandako datuak zuzendu egin ditu Eustatek. Okerrerako zuzendu ere. Haren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %4,7 txikitu zen 2020ko lehen hiruhilekoan, 2019ko azkenarekin alderatuta. Lehen kalkuluan, %4,5ko uzkurtzea eman zuen.
Halaber aldatu du urte arteko tasa: jarduera ekonomikoa %3,2 jaitsi da, eta ez %3, aurretik esan bezala. Egoera normal batean, gehien erreparatzen zaion datua urte arteko tasa izan ohi da, joerak garbiago ikusten direlako. Kasu honetan, ordea, hiruhilekoko tasak garrantzi handiagoa du, bat-bateko krisi ekonomiko bat gertatu delako.
Datuak oso txarrak dira, baina pentsatzekoa da bigarren hiruhilekokoak okerragoak izango direla, konfinamenduaren faserik gogorrena eta luzeena orduan gertatu baita. Berez, lehen hiruhilekoaren zatirik handienean, BPGak goranzko joera zuen, eta martxoaren 15ean abiarazitako konfinamenduarekin hasi zen erorikoa.
Sektore guztiek jasan dute itxialdiaren eragina. Industriak izan du bilakaerarik txarrena (-%4,9), martxoko bigarren astean itxi egin zituztelako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lantegirik handienak, eta besteetako askok ere bide hori hartu zuten, ez zutelako modurik langileen segurtasuna bermatzeko.
Zerbitzuak %4,2 uzkurtu ziren, baina horren barruan oso alde handiak izan dira. Ostalaritzaren erabateko itxierak ekarri du Merkataritza, Ostalaritza eta Garraioak atalak %5,7ko galera izatea. Administrazio publikoek, ordea, jarduerari eutsi zioten (%0,0), zerbitzu asko erabat geratu arren osasun zerbitzuan aparteko gastua egin behar izan zelako.
Eraikuntzak %4,9ko galera izan du lehen hiru hilabeteetan, eta lehen sektoreak, berriz, %4,8koa.
Gastu publikoaren euskarria
Eskariari dagokionez, administrazio publikoen gastuan ikusi da datu positibo bakarra (+%3), besteetan erorikoak oso handiak izan baitira: familien gastua %5,9 txikitu da, eta kapital eraketa gordina (inbertsioa), berriz, %5,4. Kanpo merkataritzaren etena askoz handiagoa izan da: %9,4 txikitu dira esportazioak, eta %8,7 inportazioak.
Enpleguak ere kolpe handia jaso du. Lanaldi osoaren baliokide diren lanpostuetan neurtuta, 2019ko azken hiruhilekotik 2020ko lehenengora %3,8 gutxitu zen enplegua —%2,8 urte arteko tasan—.