EAEko ekonomia ez dela atzeraldian eroriko ziurtatu du Jaurlaritzak

Ekainetik irailera %0,3 handitu da barne produktu gordina, eta urteko hazkunde aurreikuspenari eutsi dio gobernuak: %2,3

Ivan Santamaria.
2008ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak ez duela atzeraldian erortzeko arriskurik ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak. Europako Batasunean, Alemanian, Erresuma Batuan, Espainian eta AEBetan, besteak beste, hazkunde negatiboak egon ziren bitartean, EAEko BPGa %0,3 igo zen aurreko hiruhilekoan, martxoa eta ekaina bitartean egon zen hazkunde bera. Datuak eskuetan, aurtengo itxiera aurreikuspenari eutsi dio gobernuak: %2,3.

«Egungoa bezalako egoera zail batean hazten jarraitzea pozik egoteko modukoa da», azaldu zuen Idoia Zenarrutzabeitia Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ogasun sailburuak, hirugarren hiruhileko kontu ekonomikoen inguruan. Edonola ere, oraindik ere ez dela okerrena igaro ohartarazi zuen. «Geure azterketen arabera, aurtengo azken hilabeteak eta 2009. urteko lehenak ziklo aldaketako gogorrenak izango dira». Hala ere, hazkundearen bideari eutsiko zaiola uste du gobernuak. Azken aurreikuspenak, hain zuzen ere, 2009. urtean BPGa %1,5 handituko dela zehaztu du.

Jaurlaritzaren irudiko, bistan da ekonomiaren ahulaldia, baina egoera honetan ere baikor izateko arrazoiak ez direla falta ziurtatu du lehendakariordeak. «Beste ekonomia batzuk baino askoz prestatuago heldu diogu krisialdi horri». Abiapuntu «egokiago» horri esker, ekonomia berriro gorabidean jartzen denean hazkunde sendoa azkar berreskuratzeko aukera dagoela uste du.

Eraikuntza, kalteturik

Egoera makroekonomikoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez da, Zenarrutzabeitiaren hitzetan, kasualitatearen ondorio, eta egitura osasuntsu eta egonkor bati erantzuten dio. Hala ere, sektorez sektore ezberdintasunak daude.

Eraikuntzak jasan du krisiaren ondoriorik txarrena, eta lehen aldiz urte askoren ondotik urte arteko hazkunde tasa negatiboa da(-%1). Obra publiko zibilak ez du orekatu eraikuntza pribatuaren hondoratzea.

Industriari dagokionez, batez bestekoaren azpitik egin du aurrera (%1). Produkzio industrialaren motelaldia ulertzeko bi argudio eman ditu gobernuak. Alde batetik, azken urteotan egon den jarduera esanguratsua (Industria Produkzioaren Indizea %27ko hazkundea izan du, 2000tik 2007ra). Bestetik, merkatu nagusietako ekonomiek duten egoera kaskarra, batik bat Espainian, Frantzian eta Alemanian.

Itxaropenerako daturen bat ere ez da falta, atzerrira eginiko esportazioak (Espainia sartu gabe) %12 handitu baitira urteko lehen bederatzi hilabeteetan. Hain zuzen ere, %9,2 Europako Batasunera eta %25 AEBetara.

Hala, zerbitzuak dira eskaintzaren ikuspuntutik hazkundeari bultza egin dion sektore nagusia, %2,8ko urte arteko igoerarekin.

Enplegua sortzen da

Eskaeraren aldetik kontsumo pribatuaren motelaldia oso esanguratsua da. Urte arteko tasa %0,9 baino ez da, aurreko hiruhilekoan %1,4 izan ondotik. Dena den, interes tasen jaitsierak, eta lehengaien eta erregaien prezio apalagoek hiritarren konfiantza indartu eta datozen hilabeteetan kontsumoa suspertzea espero du Jaurlaritzak.

Bestalde, enpleguari lotutako datuak ekonomiaren iraunkortasunaren seinale direla arrazoitu zuen Jaurlaritzak. Hain zuzen ere, azken urtean 5.600 lanpostu garbi sortu direla kalkulatu dute, gizarte segurantzako kide berrien kopurutik hurbil (5.100).

«Langabezia hamarren batzuk igo da, baina enplegu garbia sortzeari ez diogu utzi», azpimarratu zuen lehendakariordeak.

Enplegu sorrera hori zerbitzuen sektorean gertatu da, 9.900 lanposturekin. Sektore horrek hartu ditu bere gain hala eraikuntzan (3.700 lanpostu deuseztatuta) nola industrian (500 lanpostu gutxiago) gertatu diren jaitsiera esanguratsuak.



Egungoa bezalako egoera zail batean hazten jarraitzea pozik egoteko moduko zerbait da»

«Aurtengo azken hilabeteak eta 2009. urteko lehenak gogorrenak izango dira»

idoia zenarrutzabeitia
Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea




Datua

Japonia atzeraldian. Lehen aldiz azken zazpi urteotan, atzeraldian dago Japonia. BPGk %0,4 egin zuen atzera urteko hirugarren hiruhilekoan. %3,7 murriztu zen Japoniako ekonomia bigarren hiruhilekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.