Ekonomia

EAEko ekonomiak aurten %3,6 atzera egitea espero du Jaurlaritzak

Pedro Aspiazuren arabera, baliteke 17.000 lanpostu desagertzea eta langabezia tasa %11,4ra heltzea. «Aurrekaririk gabeko krisi bat» bada ere, 2008ko finantza krisiaren ondorioz ekonomia gehiago uzkurtu zela eta langabezia gorago igo zela nabarmendu du.

Pedro Aspiazu, iaz, artxiboko argazkian. MARISOL RAMIRE
joxerra senar
2020ko apirilaren 4a
12:26
Entzun

«Gaur aurkeztu behar ditugun datuak ez dira onak, alderantziz baizik». Pedro Aspiazu Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak esan du datozen bi urteetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak U itxurako bilakaera izango duela. Aurten, ekonomiak %3,6 atzera egingo luke, aurreikuspenen arabera, eta 2021ean aurretik galdutakoa berreskuratuko luke hein batean, %2,6 hazita. Aurten, 17.400 lanpostu galtzea eta langabezia tasa %11,4ra igotzea espero du Jaurlaritzak; 2021ean, berriz, 15.000 lanpostu sortuko direla eta langabezia %9,6ra helduko dela espero du.

Haatik, kolpea are handiago da. Koronabirusa hedatu aurretik, motelaldian zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia, baina urte honetarako perspektiba onak zituen; oraingoaren aldean, oso onak. Azken batean, Jaurlaritzak azaroan egin zituen aurreikuspenetan kalkulatu zuen aurten ekonomia %1,9 haziko zela eta 15.000 lanpostu sortuko zirela. Ondorioz, gobernuak espero zuenaren eta azkenik gerta daitekeenaren aldea are handiagoa izango da, ekonomia orotara %5,5 uzkurtuko baita, eta bidean 32.000 lanpostu galduko.

Normalean kalkuluok egiteko erabili ohi dituzten aldagaiez harago, konfinamendurako aurreikuspen hauek egin dituzte: herritarren konfinamendua martxoaren 15ean hasi zen, baina Jaurlaritzak oinarri gisa hartu du martxoaren 29ko dekretua, funtsezko jarduerak ezik gainerako jarduera geratzeko agintzen duen hura, eta hilabete iraungo duela deritzo; halaber, uste du normaltasunera itzultzeko ondorengo fasea pixkanakakoa izango dela eta «45 eta 60 egun artean» iraungo duela. Osasun adituek esaten diete gailurrera iristen ari dela kutsatze kopurua, baina ondorengo fasea luzeagoa izan daitekeela. Hori kontuan izan dute aurreikuspenak egiterakoan.

Alberto Alberdi Jaurlaritzako Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu zuzendariaren arabera, «aurrekaririk gabeko krisi bat» da. Haren hitzetan, egoerak ez du. eskatzen «muturreko neurriak hartzea» irtenbide gisa: «Erabateko geldialdiak hondamendi ekonomikora garamatza. Halaber, ez dago erabateko erlazio zuzenik konfinamendu neurrien eta erantzun ekonomikoen artean». Ondorioz, Alberdik uste du konfinamendu osoa ez dela neurririk eraginkorrena, eta Hego Korea jarri du adibide gisa. Herrialdeen izaeraren araberakoa delakoan dago: «Ez ditu oso neurri zorrotzak ezarri konfinamenduan, baina arrakasta handia izan du».

Euren aurreikuspenetan, espero dute Espainiako ekonomiak %4 atzera egitea, eta euroaren eremuak, %2,8. «Horrek baldintzatzen ditu gaur aurkeztutako emaitzak». Gogora ekarri dute OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera Barne Produktu Gordina %2 uzkurtzen dela konfinamenduak irauten duen hilabete bakoitzeko.

Bi kolpe aldi berean

Jordi Campa Ekonomia eta Planifikazio zuzendariaren arabera, bi kolpe handi eman dira ekonomian: bata, eskarian, sendien kontsumoan; bestea, produkzioan. Camparen arabera, egoera nahasi horretan, kontuan hartu behar da ekonomiaren bi funtsezko aldagai horietan zehaztea zenbat berreskuratu daitekeen eta zenbat ezingo den berreskuratu. Izan ere, konfinamendua igarota, garai horretan kontsumitu edo ekoitzi ez denak errebote bat jo dezake ondorengo hilabeteetan, baina, era berean, konfinamenduak berak itzulezinezko galera eragingo du.

Kontsumoari dagokionez, sendien kontsumoak behera egingo du nabarmen (%4,4 inguru); batik bat kalte egingo du kulturaren, kirolaren, aisialdiaren eta ostalaritzaren zerbitzuetan. «Hori ez da berreskuratuko; ez da gero itzuliko». Aitzitik, altzari, ibilgailu, arropa eta bestelako erosketak bai, egin daitezke aurrerago. «Berreskuratuko da, baina ez osorik», dio Campak. Produkzioaren atalean gauza bera gertatuko dela deritzo: «Produkzioaren zati bat galdu egingo da, eta beste zati bat ekoitzi ahal izango da konfinamendu garaia amaituta eta apurka normaltasunera itzulita». Kontsumoaren eta produkzioaren errebote horren intentsitateak markatuko du ondorengo susperraldiak «U itxura duen —pixkanakakoa— ala V itxura —berehalakoa—».

Sendien kontsumoaz gain, administrazio publikoaren gastuak ere gora egingo du (%4,6), osasun beharrei erantzuteko, bai eta gizarte laguntzei eta politika antiziklikoei aurre egiteko. Sendien zein enpresen inbertsioa «gelditu» egingo da, eta %4 erori, baina berreskuratu daiteke «konfinamenduaren iraupenaren eta enpresek ondoren izango duten konfiantzaren arabera». Enpresek erabaki horiek 2021era arte atzeratu ditzakete, Camparen arabera. Gainera, pandemiak nazioarteko merkataritzan ere eragingo du, eta esportazioetan eta inportazioetan ere bai, kanpo eskaria %0,6 jaitsiz. Orotara, kontsumoa %3,6 eroriko da.

Produkzioan duen eragina batik bat enpresen salmentetan islatzen ari da, eta eragin desberdina du sektoreetan. Alberdiren arabera. Konfinamendua hasi aurretik Txinak hartutako neurrien eraginez, industria jada nabaritzen ari zen mundu mailako hornidura katearen geldialdia. Hala, industriaren jarduera %3,9 jaistea espero dute. Zerbitzuak %3,3 eroriko da: lehen hiruhilekoan, aurretik zekarren dinamikaren ondorioz, igoera izan badu ere, ondorengo hiruhilekoan industria baino gehiago eroriko dela uste du. Eraikuntza %2,5 uzkurtuko da, eta, urteak aurrera egin ahala, berreskuratu egingo da. Laborantza %4,6 jaistea espero dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.