Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriak gorako bideari ekin dio azkenik. Apirila eta ekaina bitartean %0,9 hazi da, bai hiruhileko arteko tasan, bai urte artekoan. Joan den urteko beherakadarekin alderatuz - batez beste%12 jaitsi zen-, igoera apala da, eta kostatuko zaio ekonomian zuen tokia berreskuratzea. Izan ere, industriak EAEko ekonomian duen pisua azken hamarkadan izandako txikiena da.
Eustatek 2008. eta 2009. urteetako kontu ekonomikoak berrikusi ditu orain dela gutxi. Krisiak non jo duen ikusteko aztarnak ematen dituzte datuek. Jarduera sektore bakoitzak barne produktu gordinari egiten dion ekarpena neurtzen du balio erantsi gordinak, zergak aintzat hartu gabe. Bada, 2007. urtearekin alderatuz, industriaren ekarpenak lau puntu baino gehiago egin zuen atzera 2009an. Industria EAEko ekonomiaren %24 izan zen iaz. 2001ean %30 baino gehiago zen.
Bigarren sektoreak galdu duen pisua zerbitzuek irabazi dute. Aldaketak badu bere garrantzia. Egitura produktiboaren harribitxia izan da industria. Gainbehera ekonomikoei aurre egiteko berme gehiago eskaintzen ditu, esaterako. Europako Batasunean edo Espainian bigarren sektorearen ekarpena EAEkoaren erdia izan ohi zen. Azken bi urteotako atzeraldiak abantaila horren parte handi bat jan du.
Kanpo sektorea lagun
Urteko bigarren hiruhilekoan EAEko kontu ekonomikoek izan duten garapenari buruzko xehetasunak argitaratu zituen atzo Eustatek, joan den astean BPGari buruzko datu aurreratua eman ondoren. Emaitzak ikusita, krisia gainditutzat jo zuen Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak. Atzo, ordea, datuen azterketa zuhurragoa eta neurtuagoa egin zuen Ekonomia sailburuordeak, Andres Araujok.
Emaitzek argi-itzal ugari dituzte. Azken hilabeteotan aldaketa handiak gertatu dira, gainera. BEZaren igoerak eta gastu publikoaren murrizketek ekonomian izango dituzten ondorioak «zalantzazkoak» direla onartu zuen Araujok. Dena dela, urteko azken txanpan ekonomia hazkunde tasa negatibora itzultzeko arriskua baztertu du Jaurlaritzak. Urte amaieran BPGa %0,8 igotzea espero du Lopezen gobernuak.
Industriatik aparte, albisterik onenak kanpo sektorean daude. Esportazioak %11 handitu ziren apirila eta ekaina bitartean, eta inportazioak, berriz, %9. Esportaziorean aldeko tarte horrek puntu bat gehitu zion BPGari, eta urte arteko tasa positiboa izatea ekarri zuen. «Nazioarteko merkataritza suspertu dela islatzen du egoerak», Araujoren aburuz.
Aldiz, eraikuntzaren jaitsierak ez du etenik, eta areagotu egin da aurten. Sektorearen ahuleziak inbertsioaren gainbehera azkartu du. Jaurlaritzaren arabera, Europako ekonomiaren zenbakietatik urrun egotea azaltzen du inbertsioaren egoera txarrak. Europako Batasuna %1 hazi zen apiriletik ekainera; EAE, horren erdia.
Eskaerari dagokionez, kontsumo pribatua %1,4 igo zen, bolada luze batez jaitsierak kateatu ondotik. Autoak edo etxetresnak erosteko laguntza publikoak, edota BEZaren igoera saihesteko erosketa aurreratuak ez direla arrazoi bakarra izan ziurtatu zuen Araujok. «Ez dira bakarrik behin-behineko arrazoiak egon. Jendearen aurreikuspenak hobetu dira, eta horrek gehiago kontsumitzera animatu ditu».
Eustaten arabera, urteko lehen hiruhilekotik 4.000 lanpostu sortu ziren. Hala ere, oraindik iaz baino 6.000 okupatu gutxiago daude. Enplegu galera laster geldituko dela uste du Jaurlaritzak. Sortu diren lanpostuak zerbitzu alorrekoak izan dira.
EAEko ekonomian pisua nabarmen galdu du industriak, krisiaren erruz
Bigarren sektorea hazten hasi da berriro, baina balio erantsi gordinari egiten dion ekarpena azken hamarkako txikiena da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu