Herritarren usteek ekonomia gidatuko balute, susperraldiaren atarian egongo ginateke. Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioak hiru hilean behin argitaratzen du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kontsumitzaileen konfiantza neurtzen duen azterketa. Bada, urteko azken txanpan gora egin du, nabarmen. Espainiako eta Europako batez bestekoak gainditu ditu, eta krisia baino lehen zuen mailara itzuli da.
Inkesta izanagatik, ekonomialariek garrantzi handia ematen diete halako azterketei. Izan ere, kontsumitzaileak etorkizun hurbilari buruz duen baikortasunak edo ezkortasunak gidatzen ditu, besteak beste, kontsumoari eta gastuari lotutako erabakiak.
Konfiantzaren hazkunde hori kalkulatzeko erabiltzen diren neurgailu guztietan emaitzak hobetu dira. Hala, gutxitu egin dira ekonomiak -orokorrak eta familiarenak- eta langabeziak okerrera egingo dutela uste dutenak. Esaterako, aurreko hiruhilekoan inkestari erantzun ziotenen %82k erantzun zuten okerrera egingo zutela. Egun, portzentaje hori %37ra murriztu da. Halaber, %19k adierazi dute hobera egiteko aukera badagoela; azken urte eta erdiko kopuru handiena da.
Eskaeran, eraginik ez
Oraingoz, baikortasun hori ez da asko nabarituko kontsumoan, aurrezki kutxen federazioak ohartarazi duenez. Hala, datozen hilabeteetan inbertsio handiak egiteko aukerak ez du gora egin. Lehenbiziko etxebizitza erosteko asmoa dutenak gutxiago dira, gainera. Hori bai: laguntza publikoek autoak erosteko borondatea suspertu dute. Aurrezkia handitzeko aukera ere igo da.
«Euskal kontsumitzaileek ekonomiaren hondoratzea gelditu dela uste dute, baina oraindik ere egoera zaila izango dela uste dute», zehaztu dute txostenean, laburpen modura.
EAEko kontsumitzaileen konfiantzak gora egin du urteko azken txanpan
Ekonomiak eta langabeziak okerrera egingo dutela uste dutenen portzentajea nabarmen jaitsi da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu