Datozen hilabeteetarako dituzten aurreikuspenei buruz galdetu die Eusko Ganberek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 1.274 enpresari. Enpleguari dagokionez, erantzunak ez dira batere baikorrak: %23k lanpostuak murriztea espero dutela esan dute; %13k, gehitzea, eta %67k, eustea. Ekoizpen sektore bakar batek ere ez du uste enplegua sortuko duenik. Ohiz kanpokoa da hori, aurreko inkestekin konparatuta. Industrian eta merkataritzan bizkortu egingo da lanpostuen galera, baina zerbitzuetan eta eraikuntzan moteldu.
Enpleguari buruzkoak ez ezik, bestelako aurreikuspenak ere ageri dira Eusko Ganberek Kutxabanken lankidetzarekin egindako enpresa perspektiben inkestan. Funtsean, iazkoaren antzeko urtea espero dute, gehienez; aparteko aldaketarik gabekoa. «Horrek erakusten du hazkunde txikiko etapa bat dugula aurrean», dio txostenak.
Negozio zifrari dagokionez, iazko emaitzei eustea espero dute enpresen erdiek; %30ek, handitzea, eta %20k, murriztea. Sektoreka, industria izango da aurrerantzean ere ekonomiaren motorra. Esportazioekiko baikortasuna da nagusi, hamarretik bakarrak uste baitu gutxiago salduko duela atzerrian. Konfiantza indizeak berriz ere behera egin du, eta enpresen %41ek testuinguru ekonomiko okerragoa espero dute.
EAEko lau enpresatik batek enplegua murriztea espero du
Industrian eta merkataritzan bizkortu egingo da enpleguaren galera; baina eraikuntzan eta zerbitzuetan ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu