EAEra 538 milioi euro iritsiko dira erkidegoetarako EBren diruetatik

Pedro Azpiazuk salatu du erkidegoek eragin ahalmen oso txikia izan dutela banaketan. Funtsak, oraingoz, gehiago ikusten ditu lotuta susperraldi ekonomikoarekin, transformazioarekin baino

Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia sailburua eta Jordi Campas Europako Funtsetarako sailburuordea, atzo. IREKIA.
Irune Lasa.
2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Europako funtsen banaketaren oraingo argazkia egin du Eusko Jaurlaritzak. Dagoeneko 538 milioi euro jasoko dituela ziurtatua du, baina Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua ez dago gustura, gehiago jaso beharko lukeela uste izateaz gain diru horren banaketa irizpideetan ezer gutxi esaterik izan duelako.

Espainiak eta Europako Batasunak 2021-2023ko aldirako hitzartutako 70.000 milioi euroren laguntzetatik erdiak transferentzia bidez banatu behar dira erkidegoetara, eta beste erdiak Espainiako Gobernuak zuzenean banatuko ditu. Espainiak aparteko beste 70.000 milioi euro jaso ditzake Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismotik, baina, horiek maileguak dira, eta oraingoz ez dago zehaztuta zenbat hartuko diren, ezta nola banatuko diren ere.

Dagoeneko, Madrilek banatu ditu erkidegoetara aldi osorako egin beharreko transferentzien %40 inguru(14.214 milioi euro), eta horietatik 538 milioi euro kudeatuko ditu EAEk. Jaurlaritzako Ekonomia sailburuaren ustez, kopuru horrek «agerian uzten du banaketa kohesio irizpideen arabera egiten ari dela», hots, politika publikoen garapenean posizio erlatibo hobea duten erkidegoen kaltetan, «hala nola Euskadiren kaltetan». 538 milioi euro orain arte banatutako diruen %3,78 dira, eta EAEko ekonomiaren pisua gutxi gorabehera %6,2koa da Espainiako ekonomiarekiko.

Sailburuak gaitzetsi zuen transferentziak kudeaketa agindu bidez egin dituela Espainiak, eta erkidegoek oso ahalmen txikia eta kasu batzuetan batere ez dutela izan laguntza horien diseinuan eta banaketa baldintzetan, «nahiz eta erkidegoen eskumenen esparruan garatu beharreko jarduerak izan». Laguntzen zenbatekoak, haiek jasotzeko irizpideak, guztia lotuta iritsiko da Jaurlaritzaren eskuetara, zeinaren zeregina kudeaketa eta betearazpena izango den soilik.

Gehiago jasotzeko bideak

Erkidegoetarako transferentzien banaketa ez da homogeneoa izaten ari, Jordi Campas Europako Funtsetarako sailburuordeak azaldu zuenez. Programa batzuetan aldi osorako laguntzak banatu dira, hots 2021-2023 artekoak, baina beste batzuetan soilik 2021. urterako banaketa egin da —horrek ez du esan nahi aurten gauzatu behar direnik—. Campasen ustez, urte baterako esleipen horietako batzuen oinarrian betearazpenaren jarraipena dago. «Kasu askotan, erkidegoek 2021eko laguntzekin erakusten duten betearazpen mailaren araberakoa izango da hurrengo urteetarako banaketa».

Jaurlaritzari aditzera eman diote «betearazpen pizgarriak» izango direla. «Osagaien [programen] mugarriak eta konpromisoak betetzen dituzten erkidegoek funts gehiago jasoko dituzte hurrengo ekitaldietan Bruselan onartutakoa betetzen ez dutenek baino», azaldu zuen Azpiazuk.

Transferentzia horiek orain artean erakutsitako izaera ere kritikatu zuen Azpiazuk. Haren ustez, funts horiek jasoko dituzten helburuak ez dira transformatzaileak. «Gehiago lotzen dira susperraldi ekonomikoarekin, Espainiako ekonomiaren beharrezko eraldaketarekin baino».

Ekonomia sailburua itxaropentsuago agertu zen Madrilek zuzenean kudeatuko dituen Europako diruekin. 35.000 milioi euro horiek lehia erregimenean egindako deialdien bidez bideratuko dira, batzuk Estatuko Aurrekontuetako ohiko funtsetarako deialdiekin, beste batzuk ESEPE ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoen bidez. 35.000 milioi horietatik, Azpiazuk azaldu zuen 3.300 milioiren inbertsioak egin direla proiektu estrategikoetan, baina Jaurlaritzak oraindik ez daki bide horretatik zenbat diru iritsiko den Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara.

Zuzeneko laguntzetara aurkez daitezke tokiko erakundeak, familiak, enpresak, zentro teknologikoak eta unibertsitateak. Deialdi horien diseinuan parte hartze handiagoa izateko aukera ikusten du Azpiazuk: «Espero dugu ateratzeko falta diren deialdiek gehiago eta hobeto erantzutea funtsek ekonomia osoaren gainean izan behar duten izaera eraldatzaileari».

Campasek adibide bat jarri zuen, nola ibilgailu elektrikoari eta konektatuari lotuta diru bat banatu den dagoeneko aurrekontuetatik, Moves3 planaren bitartez. «Baina oraindik ibilgailu elektrikoaren inguruko deialdi handien diseinua falta da, bateriena eta abarrena. Transformatzaileagoak izango diren deialdiak diseinatzeko fasean gaude oraindik, hala nola ibilgailu elektrikoarekin eta hidrogenoarekin». Dioenez, urte honen amaierara arte edo hurrengoaren hasierara arte itxaron beharko da deialdi handi horiek iristeko, izaera eraldatzaileagoarekin lanketa handiagoa eskatzen dutelako. Bitarte horretan, ministerioekin etengabeko harremanetan dago Jaurlaritza, haien diseinuan Euskadi Nexten jasotako proiektuek izan dezaketen bidea lantzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.