Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresek 20.242 milioi euroren esportazioak egin zituzten iaz, aurreko urtean baino %0,3 gutxiago. Inportazioak, berriz, 15.792 milioi eurorenak izan dira, %1,8 gehiago.
Astearen hasieran, beste datu batzuk eman zituen Arabako Merkataritza Ganberak. Haren arabera, 20.546 milioi euroren esportazioak izan ziren, 2012an baino %1,2 handiagoak. Eustatek Efe agentziari azaldu dionez, bi erakundeek datu base bera erabiltzen dute, Espainiako Merkataritza Estatu Idazkaritzako Aduanetakoa, baina urtearen joanean zuzenketak egiten dira taula horietan, eta hark kaleratutakoek dagoeneko zuzendu dituzte merkataritza ganberek kaleratutako behin-behineko datuak.
Esportazioen jaitsiera urteko azken hiruhilekoari zor zaio batik bat. Izan ere, urritik abendura %8,3 jaitsi ziren esportazioak. Produktu energetikoen atzerrirako salmentak ezohiko kopuru bat jaitsi ziren orduan (%62,5), eta horrek estatistika guztia baldintzatu du. Produktu energetikoak zenbatu gabe (Petronorren findutako erregaia nagusiki), laugarren hiruhileko horretan bilakaera positiboa izango litzateke (%1,8).
Urte osoari dagokionez, esportazioak handitu egin dira Bizkaian (%3,5), eta jaitsi, berriz, Araban (-%0,5) eta Gipuzkoan (-%4,6). Azken lurralde horretan gehien jaitsi direnak garraio materialak dira (-%15,5), eta ziur aski lotura du CAFen jarduera txikiagoarekin. Beasaingo bagoi egilearen fakturazioa %10 apaldu zen 2012tik 2013ra.
Europako Batasuna da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako produktuen erosle nagusia (Frantzia eta Alemania nagusiki), baina han egindako salmentak %0,8 jaitsi ziren iaz. Igo egin ziren, ordea, gorabidean dauden herrialdeetara: Txina (%17,9) eta Brasil (%25,6).