Era guztietako erreakzioak eragiten ari da greba orokorra. Sindikatuetako kideak ez ezik, politikariak ere mintzatu dira greba egitearen eta grebak izan dituen eraginen inguruan.
EAJ. Alderdiaren arabera, «erabateko porrota» izan da greba orokorrerako deia. Ohar batean adierazi duenez, «gizarteak eta ahoz defendatzen dituzten taldeek bizkarra eman diete greba deitu dutenei, bereziki ELA eta LAB sindikatuei». Grebaren deitzaileek «autokritika sakon eta zintzoa» egin beharko luketela gaineratu du alderdiak adierazpenean. Nabarmendu du protestak erantzun «oso mugatua» izan duela bai sektore publikoan bai sektore pribatuan: «Euskal hiritargoaren gehiengoa lanera joan da gaur, esandako sindikatuek bere ahalegin guztiak egin arren eta era guztietako estrategiak baliatu dituzten arren Euskadi geldiarazteko».
CNT. Sindikatuak «oso positibotzat» jo du pentsio, lan eta bizitza duinen aldeko greba orokorrak izan duen arrakasta: «Berriz ere, milaka pertsona ikusten ditugu kaleetan, prekaritatearen aurkako neurri argi, zehatz eta premiazkoak eskatzen». Pentsiodunen presentzia azpimarratu du bereziki: «Marea pentsiodunak, autonomia eta zeharkakotasun printzipioek gidatuta, duintasun erakustaldi erraldoia eskaini du berriz ere». Horiekin batera, «emakumeak, ikasleak, migratzaileak eta beste hainbeste biktima» ere kalera atera direla nabarmendu du. «Hau ez da gaur amaituko».
Uxue Barkos (Geroa Bai). «Prekaritatea arazoa da, baina greba ez da aurka egiteko tresna», adierazi du Barkos ordezkariak. Hala ere, grebaren leloari begira –Lan, pentsio, bizitza duina–, gogoeta ugari egiteko arrazoiak daudela nabarmendu du: «Badaude arrazoiak lan prekaritateari buruz gogoeta egiteko, lan egiteko eta kezkatzeko, arazorik handienetako bat baita». Horregatik, greba egitea eskubide bat dela defendatu du; baita ez egitea erabakitzea ere.
Mikel Buil (Nafarroako Ahal Dugu). «Gobernuan gaudenez, gure lana da presio egitea eta lan egitea eskubide sozialen alde, eta hori ari dira egiten gure kideak kalean», adierazi du Buil ordezkariak. Haren esanetan, hanka bat kalean eta beste bat instituzioetan dutela egin behar dute lan, Ahal Dugu-ko alderdikideek ere greba egin ahal izateko. Parlamentuan lan egingo dutela nabarmendu du; izan ere, alderdiak grebaren deialdia egin duten sindikatuek galdegin dituzten «mugarriak biltzen dituen akordio bat» duela esan du.
Marisa de Simon (Ezkerra [I-E]). Simonen arabera, «kontua ez da greba babestea edo ez babestea», eta pentsioak edota gutxieneko lanbidearteko soldata «Estatu osoko herritarrei» eragiten dien auziak direla esan du. «Sindikatu antolatzaileek eskubide osoa dute grebara deitzeko, baina beste helburu politiko-sindikalak dituzte. Estatuko gainontzeko lekuekiko negoziazio esparru desberdin bat eratu nahi dute, eta I-E ez dago ados horrekin; hortaz, hau ez da greba orokor bat», adierazi du.