BBK, Kutxa eta Vitalen batzarretan Kutxa Banken sorrerak izan duen sostengu zabalaren ondoren, alderdien arteko desadostasunak azaleratu ditu berriro Aurrezki Kutxen Legearen erreformak. Proiektuak tramitea hasi berri du Eusko Legebiltzarrean, eta erreformaren helburu bakarra EAJri dagokion ordezkaritza zabala murriztea dela uste du alderdi jeltzaleak.
Batzar orokorrean erakundeek eta taldeek duten ordezkaritza aldatu nahi du Jaurlaritzak. Alde batetik, erakunde publikoen presentzia halabeharrez murriztu behar du, Espainian onartu zen lege aldaketak hala egitera behartzen duelako. Bestetik, orain arte ordezkaritzarik ez zuten erakundeak batzarrean egoteko modua egin nahi duelako: Legebiltzarra eta Batzar Nagusiak. Aldiz, erakunde fundatzaileen eta udalerrien ordezkaritza murrizteko asmoa du; EAJ asaldatu egin du erabaki horrek.
Agirre sailburuak aldaketaren beharra defendatu zuen atzo, lege proiektua azaltzeko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian. «Herrialdeko erakunde nagusiena Legebiltzarra da, eta hortik ateratzen den gobernua eta ordezkaritza garrantzitsua izan behar dute herrialdeko bizitza ekonomiko, sozial eta politikoan».
Jeltzaleek atzera egingo dute
Orain arteko ildo kritikoari eutsi zion EAJk eztabaidan. Tramitean ordezkaritza kopuruak aldatzen ez badira hurrengo legealdian aldatuko dituztela argi utzi zuen Rikardo Gatzagaetxebarria EAJko legebiltzarkideak, gobernuan egonez gero. PSE-EEk eta PPk gehiengoa dute erreforma aldaketarik gabe bururaino eramateko, baina EAJrekin «erdibideko konponbide bat» negoziatzeko prest dagoela ziurtatu zuen Agirrek. Arazoak arazo, legea urtea amaitu baino lehen egokitzea komeni dela nabarmendu zuen sailburuak, batzarrak heldu den martxoan berritu behar direlako.
Horrez gain, hiru aurrezki kutxek ohiko batzar orokorrak antolatu dituzte datorren urriaren 20rako. Bilera horiek baliatuz, Bildurekin hitzartutako aldaketak Kutxa Bank sortzeko bateratze kontratuetan sartzea bozkatuko dute batzarkideek.
EAJri Kutxen Legea negoziatzea eskaini dio Agirre sailburuak
Gobernua lortu eta gehiengoa izanez gero erreformaren edukian atzera egingo dutela ziurtatu dute jeltzaleek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu