EKONOMIA

EBk 32,7 milioi euro banatuko ditu melokotoi eta nektarina ekoizleen artean

Errusiako debekuak eragindako gehiegizko eskaintzari aurre egiteko, Europako Batzordeak onartu du 29,7 milioi jartzea fruitu soberakinak merkatutik kentzeko eta beste hiru milioi kontsumoa sustatzeko.

Tomate kutxak Herbehereetako Zaltbommelgo merkatuan salgai. BAS CZERWINSKI / EFE
joxerra senar
2014ko abuztuaren 21a
11:08
Entzun

Europako hainbat nekazaritza produkturen esportazioa debekatu du Errusiak, eta pixkanaka Europako Batzordea konpentsazio neurriak zehazten ari dra. Gaur jakinarazi duenez, melokotoi eta nektarina ekoizleek bildutakoaren %10 kenduko dute merkatutik. Guztira, 2,5 milioi tona melokotoi kenduko dituzte merkatutik, eta 1,2 milioi tona nektarina.

Bruselak bi baldintza jarri ditu laguntzak jasotzeko. Ekoizleen Elkarteko kideei 269 euro emango zaizkie tona bakoitzeko, konpentsazio gisa. Roger Waite Europako Batzordeko Nekazaritza saileko eledunak kalkulatu du 22,1 milioi euro emango zaizkiela ekoizle horiei guztira. Elkarte horietako kide ez direnei, berriz, konpentsazioaren erdia banatuko die Bruselak, eta 7,6 milioi euroko gastua kalkulatu du. Guztira, 29,7 milioi erabliko ditu fruta mota horiek merkatuetatik kentzeko, eta gainerako hiru milioiak fruta horren kontsumorako erabiliko dira.

Waitek zehaztu du diru hori EBren 2014ko aurrekontuetatik aterako dela. Errusiak debekatutako produktuei dagokienez, astelehenean EBk zehaztu zuen 125 milioi euro jarriko direla. Ez du adierazi 32,7 milioi euroak horren barruan diren edo ez.

Errusiako debekuak Nafarroako ekoizleei ere eragingo die, eta EHNE eta UAGN nekazarien sindikatuak kezkatuta azaldu ziren atzo. Oraindik ez zuten EBren neurrien inguruko zehaztapenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.