Uztailaren 9a gerturatzen ari da, eta, horrekin batera, Europako Batasunaren eta AEBen arteko merkataritza harremana zertan geratzen den argitu behar den eguna. Egun horretara arteko epea eman zuen Donald Trump AEBetako presidenteak EBrekin merkataritza itun bat egiteko, eta akordioa egin ezean EBren inportazioei %50eko muga zerga jarriko diela iragarri du. Data horren aurretik Washingtonekin ados jarriko direla espero dute Bruselan, baina, hala ez balitz, EB prest legoke kontrako muga zergekin erantzuteko Trumpi.
Merkataritza politika eta, zehazki, AEBekiko negoziazioetan hartu beharreko jarrera izango dute hizpide gaur gauean, Europako Batasuneko goi bileraren afarian. Hitzordu hori baliatu nahi du Ursula von der Leyenek Europako Batzordeak gobernukideen jarraibide garbiak jasotzeko, zatiketa baitago gogor jokatu nahi dutenen eta gogor jokatzeak beren sektore esportatzaile batzuetan izan dezakeen eraginarekin kezkatuago daudenen artean.
Azken horien artean dago Friedrich Merz Alemaniako kantzilerra, bere auto industria kosta ahala kosta babestu nahi baitu. Hala ere, asteartean, Bundestagen, irmo jokatzeko eskatu zien negoziatzaileei, eta zigor neurriak astintzeko, ea horrekin lortzen duten akordio bat ixtea.

Analista askoren ustez, oraintxe Trumpen asmoa da herrialdeei oinarrizko muga zerga bat ezartzea, tarifa finko moduko bat, baita negoziazioak amaitu ostean ere. Hain zuzen, Erresuma Batuarekin egindako akordioan AEBek %10eko muga zergak utzi dizkie britainiarren ia esportazio guztiei, eta EBk ere kopuru horrekin bukatuko duen ustea oso zabaldua dago Bruselako diplomazialarien artean, mikrofono baten aurrean inork halakorik onartu nahi ez duen arren.
Bi arrazoirengatik: lehenik, Trumpek gaur egungo muga zergak halabeharrez handitu beharko ditu azken hamarkadetan galdutako produkzioaren zati bat behintzat berreskuratu nahi badu; bigarrenik, AEBetako presidenteak muga zergen dirua behar duelako zergen jaitsierak kutxa publikoetan eragindako zuloa betetzeko.
EBko produktuak AEBetan sartzeko gehiago ordaindu beharko den ustearekin bat egin du Maros Sefcovic Europako Batzordeko Merkataritza komisarioak: «Ulertzen dut %10eko oinarriarekin ari direla lanean, baina gu ere ari gara birrorekarako neurriekin, beharrezkoa bada Europako enpresak eta langileak babesteko».
Bi zigor neurri
Horri begira, Europako Batzordeko industria komisarioak, Stephane Sejournek, Bloomberg Newsi azaldu dio blokea jada erantzuna prestatzen ari dela. «AEBak akordio asimetriko batekin tematzen badira, negoziazioen emaitza %10eko muga zergak badira ere, guk errepresaliak hartu beharko ditugu, eta sektore funtsezko batzuk berriz orekatu».
%10eko muga zerga finko horrekin gerta daitekeenaren adibidea jarri du Sejournek berak: azaldu du Boeing AEBetako hegazkingilearen ondoan Airbus Europakoak lehia desleiala pairatuko lukeela %10eko muga zerga gehigarriarekin. «Liderrak garen sektore batzuetan babesik gabe geratuko ginateke. Badago arrazoi ekonomikorik horrela jokatzeko eta erantzuteko».
Joan den astean, Europako Batzordeak blokeko herrialdeei jakinarazi zien AEBak tematuta daudela akordio bidegabe bat ekarriko luketen eskakizunekin. Adibidez, AEBek arrain esportazioetarako kuoten inguruko neurriak nahi ditu, europarren ustez bateraezinak direnak Munduko Merkataritza Erakundearen arauekin.
%70
AEBetan muga zergak dituzten EBren esportazioak. Oraintxe EBk AEBetara egiten dituen esportazioen %70 inguruk dauzkate muga zergak, baina produktu gutxi batzuek bakarrik dituzte tasa handiak —%25ekoa autoek, altzairuak eta aluminioak—.
Europako Batasunak prest dauka AEBetako produktuen 21.000 milioi euroren inportazioei %50eko muga zergak handitzeko plana, estatubatuarrek Europako altzairuari eta aluminioari jarritako tarifei erantzunez, baina uztailaren 14 arte etenda dauzka, negoziazioak ez zailtzeko.
Errekamararako, blokea beste tarifa zerrenda bat prestatzen ari da, erantzun ahal izateko Trumpek elkarrekiko deitzen dituen muga zergei eta baita estatubatuarrek Europako autoei jarritakoei ere. Orotara 95.000 milioi euroren inportazioen gaineko muga zergak aurreikusten ditu EBk.
Trumpen mehatxuak espainiaren aurka
Donald Trumpekin eta haren taldearekin negoziatzea ez da erraza, baina are zailago egin du AEBetako presidenteak Espainiaren aurka egindako mehatxuak. Asteazkenean, NATOren goi bileraren amaieran, Trumpek esan zuen Espainiari «merkataritzaren bitartez» ordainaraziko ziola BPGaren %5 gastu militarrari uko izana. «Haien ekonomia oso ongi doa, baina lehertu egin daiteke zerbait gertatuz gero. Eta hori egingo dugu», esan zuen AEBetako presidenteak.
Trumpen mehatxuak eta adierazpenak, ohi bezala, tentuz hartu behar dira. Batetik, AEBekiko merkatua galtzeak ez luke ekarriko Espainiaren —eta Hego Euskal Herriaren— ekonomia «lehertzea» —esportazioen %5 dira—, eta, gainera, petrolioaren eta gasaren ondorioz, AEBek inportatzen duten baino gehiago esportatzen dute. Bestetik, nazioarteko merkataritza politika Europako Batasunaren eskumena da, eta, hortaz, AEBek ez diete muga zerga berezi bat jarri Espainiaren eta Hego Euskal Herriko produktuei. Baina Trumpek badu min emateko modu bat: Espainiarentzat interesgarria izan daitekeen produktu bati tarifa handiagoa jartzea. Aukeren artean dago oliba olioa, hura baita Espainiak AEBetara gehien esportatzen duen produktua. Hego Euskal Herriari, berriz, kalte gehiago egingo lioke Trumpek jomugan jartzeak material elektrikoa, autoen osagaiak eta ardoa.