EBk dio Grezia bide onetik doala eta ez duela behar salbamendurik

Inbertsio funtsak mugatzeko neurririk ez du hartu Europako Batasunak, Erresuma Batua aurka delako

Iker Aranburu.
2010eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Greziak bere defizit publikoa gutxitzeko hartutako azken neurriak ontzat hartu ditu Europako Batasunak, eta ez du, oraingoz, murrizketa gehiago egitera behartuko.

«Grezia bide onetik doa. Greziako Parlamentuak onartu du gobernuaren dekretua, eta defizita lau puntu gutxitzeko neurriak indarrean daude», azaldu du Olli Rehn Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak. Hitz horiekin gainditu du Greziak EBk jarritako lehen azterketa. Hurrengo azterketa maiatzaren erdialdera egingo dio EBk.

Atenasko agintariek funtzionarioen soldatak jaitsi dituzte, zergak igo, pentsioak izoztu eta erretiroa aldez aurretik hartzeko baldintzak gogortu. Neurri horien bidez bi helburu ditu Greziako Gobernuak: batetik, finantza merkatuei erakutsi nahi die gastua murrizteko politikari ekin diola, eta, bestetik, EBren baldintzak betetzea, haren laguntza jaso ahal izateko.

Batasunak uste du neurri horiei esker Grezia gai izango dela bere zorraren finantzaketa merkatuetan lortzeko -aurten 55.000 milioi euro itzuli behar ditu-, eta, hortaz, ez duela salbamendu planik beharko. Edonola ere, herenegun gauean, Grezia laguntzea adostu zuten euroguneko finantza ministroek. Ez dute guztiz zehaztu nola egingo duten, baina hedabide batzuek jakinarazi dutenez, estatukideek mailegu zuzenak emango dizkiote Greziari. EBko ituna ez haustearren, mailegu horien helburu teorikoa ez da izango Grezia salbatzea, baizik eta «eurogunearen finantza egonkortasuna bermatzea».

Londresen presioa

Atzoko bileran, Europako Batasuneko finantza ministroek zenbait neurri hartu nahi zituzten inbertsio funts espekulatiboen araudi berriari buruz, baina, Erresuma Batuak presionatuta, Espainiako lehendakaritzak gaia ez eztabaidatzea erabaki zuen. Europako inbertsio funtsen %80ekCityn dute egoitza, eta Londres beldur da haien jarduna mugatzeak kalte ekonomiko handia egingo ote dion. AEBetako Gobernuak ere begi txarrez hartu du EBren ekimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.