Elkarlaneko ekonomia arautzeko direktiba onartu dute EBn

Uber, Glovo eta antzeko plataformetako autonomo faltsuak erregularizatzea da testuaren helburu nagusia. Frantziak eta Alemaniak soilik bozkatu dute aurka.

Migratzaileen eskubideen aldeko manifestazio bat Parisen, 2022an. TERESA SUAREZ / EFE
Migratzaileen eskubideen aldeko manifestazio bat Parisen, 2022an. TERESA SUAREZ / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko martxoaren 11
19:56
Entzun

Europako Batasunak Uber, Glovo eta enparauetako langileen eskubideak jasotzen dituen direktiba bat izango du. Lau urte baino gehiagoko bidearen ostean, lan ministroek azken saiakeran onartu dute gaur elkarlaneko ekonomiaren inguruko zuzentaraua. Oso testu malgua da, baina balioko du EBko herrialde guztiek gaiaren gaineko legedi bat izan dezaten.

Frantzia eta Alemania izan dira baiezkoa eman ez dioten bakarrak. Otsailaren 16ko bozketan abstenitu egin ziren Estonia eta Grezia ere, baina azken orduan aldatu dute jarrera. Baten baiezkoa nahikoa zen Europako Batzordearen proposamenak aurrera egiteko. Ez dago argi zerk bultzatu dituen iritzia aldatzera. Estoniako Lan ministroak adierazi du «konpromisoaren espirituarekin» bozkatu dutela baiezkoa. Ezezkoak zentzua zuen; izan ere, Baltikoko herrialdean plataformek eragin handia dute, eta Bolt, Europako handienetako bat, hangoa da. 

Frantziak zuzentaraua ez onartzeko ahaleginak egin ditu prozesu guztian zehar. Hori salatu du Leila Chaibi Frantzia Intsumisoko europarlamentariak, eta Emmanuel Macroni mintzatu zaio. «Presidenteak Uberren lobby lanak egin ditu azkenera arte, testua sabotatzeko. Irabazi diogu! Milioika autonomo soldatapekoak izango dira aurrerantzean», ospatu du.

Hubertus Heil Alemaniako Lan ministroaren arabera, sozialdemokratak gobernu koalizioan dituzten desadostasunengatik abstenitu dira, nahiz eta berak uste duen «Europa sozialarentzako aurrerapauso handi bat» izango dela zuzentaraua. Espainiako Yolanda Diazek, berriz, aitortu du ez dagoela «liluratuta» azken proposamenarekin, baina «aurrerapauso txiki bat» dela.

Ludovic Boet ESK Europako Sindikatuen Konfederazioko idazkaria pozarren agertu da: «Irabazi dugu. Bazen garaia. Presazkoa da zuzentaraua indarrean sartzea langileek eskubideak izan ditzaten».

Eskubiderik ez

Orain arte, talde komunitarioa osatzen duten herrialde askok ez dute izan gaiaren inguruko araudirik. Rider gehienak autonomo faltsuak dira, nahiz eta gehienetan enpresa horiek ordutegiak eta lan kargak inposatzen dizkieten. Ondorioz, ez dute gutxiengo soldatarik jasotzen, ez dute gaixo baimenak eta oporrak hartzeko eskubiderik eta ez dute gizarte segurantzan kotizatzen.

Direktibaren helburu nagusia da autonomoak erregularizatzea, eta, horretarako, lan ikuskarien esku utziko du beharginak enpresako kide diren edo ez erabakitzea. Besteak beste, algoritmoen erabilera eta langileen datu pertsonalen erabilera ere arautuko ditu.

28,5

Langile kopurua, milioitan. Europako Kontseiluaren arabera, gaur egun 28,5 milioi lagun ari dira plataformetan lanean Europako Batasunean. 

Bide luzea egin ostean heldu da baiezkoa. 2019an, Ursula von der Leyenek, Europako Batzordeko presidente izendatu berritan, esan zuen mugarri izango zen direktiba bat onartu nahi zutela, aitzindaria nazioartean. Lehen zirriborroa 2021. urteko azaroan aurkeztu zuten, eta, ordutik, eredua hedatu egin da; jada ez da gidariei eta banatzaileei soilik eragiten dien fenomeno bat. Hori da direktibak ezarriko dituen berrikuntza nagusietako bat: plataformetako behargin guztiak hartuko ditu aintzat, ez rider-ak bakarrik. Espainiako legeak, esaterako, bizikletako banatzaileei soilik eragiten die.

Europar Kontseiluak emandako datuen arabera, gaur egun EBn 28,5 milioi lagun ari dira plataformetan lanean, eta kopurua goraka ari da. Atzokoa azken aukeratzat zuten askok. Europako Parlamentuak berretsi beharko du orain, baina onartutakoa bi aldeek otsailaren 8an adostutako testu batean oinarritzen da.

Glovok atzeratu egin du 67 milioi euroren balioa duten isunen ordainketa

Isunak ordaindu ezinda dabil Glovo. Azarotik urtarrilera bitartean, Espainiako Auzitegi Nazionalak kautelaz bertan behera utzi ditu enpresa horrek ordaindu behar zituen hamabi isun, denera 67,3 milioi euroren balioa dutenak. Epaileek argudiatu dutenez, zailtasun ekonomikoak ditu, eta kopuru hori berehala ordaindu behar izateak larritu egingo luke egoera. Aurrerago, %10eko interesekin pagatu beharko ditu. 

Espainian rider-en legea onartu zen arren, enpresak autonomo faltsuak kontratatzen segitu du. Lan Ikuskaritzak horregatik ezarri dizkio zigorrak. Plataformak defentsarako argudio moduan erabili ditu azken urteetako galerak: 2023an 209 milioi eurorenak izan ziren, 2022an 412 milioirenak eta 2021ean 496 milioirenak. Gehitu du Espainiako bankuek jada ez diotela krediturik ematen. 

Glovoren jabeak, Alemaniako Delivery Hero-k, azaroan iragarri zuen hiruhileko bakoitzean 30 eta 45 milioi euro artean erabiliko dituela Katalunian sortutako enpresari ezartzen dizkioten isunak ordaintzeko. Motxila horiak kezka iturri dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.