Orain arte ahoz esandakoak paperean jarri ditu Europako Batzordeak. Bruselak salaketa formala egin dio Gazpromi, Europa erdialdeko eta ekialdeko gas merkatuan gehiegikeriaz jokatzea leporatuta. Orain, hamabi aste ditu Gazpromek Bruselaren salaketei erantzuteko, eta auzialdi bat ere eska dezake bere argudioak azaltzeko.
Europako Batzordearen ustez, Gazpromek “Europa erdialdeko eta ekialdeko gas merkatuak zatitzeko estrategia global bat dauka”. EBren arabera, Gazpromek beste herrialde batzuei gasa birsaltzeko aukera txikitu zien bere bezeroei, eta horregatik Errusiako gas konpainiak EBko estatu kideei “prezio bidegabeak” kobratu zizkiela uste du Bruselak.
“EBn ari diren konpainia guztiek bete behar dituzte EBko arauak”, eta, Europako Batzordearen ustez, Gazpromek ez ditu bete. Margrethe Vestager EBko Lehiakortasun komisarioak azaldu du ustezko gehiegikeriak zortzi herrialderi eragiten diela: Estoniari, Letoniari, Lituaniari, Poloniari, Txekiar Errepublikari, Hungariari eta Bulgariari. Herrialde horietako gas merkatuetan jaun eta jabe da Gazprom.
Baina estatu horietan prezio ezberdinak kobratu ditu Gazpromek. Estoinan, Letonian, Lituanian, Polonian eta Bulgarian gehiago kobratu die “gasa petrolioaren prezioari lotuta dagoelako”, Vestagerrek azaldu duenez. “Hori egin daiteke, baina herrialde horietan petrolioaren indexazioa erabiltzeko moduak prezio bidegabeak eragin ditu”.
EBk uste du Gazprom xantaia egiten ari zaiela batez ere Bulgariari eta Poloniari. Gas hornidura estatu horiek Gazpromek sustatutako gas hodi batean jarri beharreko inbertsioetara baldintzatu duelakoan dago Brusela. EBk azaldu du Gazpromen balizko abusuen inguruko ikerketak zabalik jarraitzen duela epe muga barik.
Ez da EBk Gazpromen kontra formalki egiten duen lehen aldia. 2012ko abuztuan ere prozedura formal bat abiatu zuen haren aurka ustezko gehiegikeriengatik. Gazprom da EBren gas hornitzaile nagusia (%32), eta nagusitasun osoa du batez ere Europa erdialdean eta ekialdean: estatu horietako gehienetan %50etik gorako kuota du, eta kasu batzuetan %100ekoa.